Joseba Agudo
2009ko Maiatzaren 07a
Mexiko Hiria txerri gripe arraro batek jota dagoen honetan, bazkari japoniarra egitea otu zitzaigun lehengo batean. Condesa auzoko Sushi Itto jatetxera sartu eta sarrerako koktelen izenak harritu egin gintuen; aukeran bi koktel genituen, lehena «Bye, bye Bush» izenekoa eta bigarrena, «Welcome Obama». Metaforetarako tarterik gabe, nahiago izan genuen «Bye, bye Bush». Baina, benetakoa al da esaldi hori? Benetan joan al da Bush? Ameriketako Estatu Batuak zuzendu dituzten belatzak joan al dira? Obamaren jator aurpegiaren atzean, CIAko agenterik ez al dago? Nor saiatu da Evo Moralesen aurkako erailketa prestatzen? Zergatik ezeztatu behar izan du Obamak bere gobernuaren parte hartzea Evo Morales hiltzeko ekintzaren prestaketan? «Bye, bye Bush» dio koktelak, baina, ziur joan dela?
1954. urtean, Guatemalan zegoen gobernu aurrerakoia behera bota zuten, CIAk eta United Fruit Companyk. 1951tik boterean zegoen Jacobo Arbenzen gobernuak lurren ustiaketa ereduan erreformak sartu nahi izan zituenean, CIAK antolatutako estatu kolpea heldu zen.
Guatemalako kolpe horretan parte hartu zuten mertzenarioak, CIAk kontratatu zituen bere talde berezia osatzeko. Garai hartan presidenteordea zen Nixon Fidel Castrorekin bildu ostean, eta demokratek Kennedyrekin hauteskundeak irabazi ostean, AEBek Kuba eraso egin zuten Bahia de Cochinosen. Bertan izan ziren mertzenarioak, Guatemalan izandako berberak ziren. AEBen lehen porrota izan zen Kubakoa eta, ondorioz, Kennedy presidenteak CIA indartzea erabaki zuen. Misilen krisiak itxi zuen Kubarekiko eraso militar global baten aukera.
Horiek horrela, benetan garrantzitsua da Bush familiaren harreman sarea ezagutzea. Izan ere, Nixon, Prescott Bushen, azken presidentearen aitonaren, oso laguna zen eta hainbat enpresetan batera aritu ziren. Prescott Bushek Alemania naziarekin negozio oparoak egin zituen (hala ere hori ez da harritzekoa, 1941. urtera arte AEBetan Hitlerren aldeko jarrera nagusi baitzen, komunismoa geratzeko harresi bezala ikusten baitzuten). Kennedyen erailketa argitzeko ikerketan Prescott Bushen izena era azaldu zen. Bitxia gerta badaiteke ere, Kennedyk CIA indartu zuenean, bere heriotza agiria sinatu zuen. CIAren Izarren Taldea osatuta zen jada, eta talde honek ikertu zuen hain juxtu 1963ko azaroaren 22an gertatutako Kennedyren hilketa.
CIAk munduan zehar egindako ekintza guztiak artikulu batean jasotzea ezinezkoa da. Entziklopedia oso bat ere bete beharko genuke, eta 100 aletik gorakoa!
Hala ere, hurrengo lerroetan XX. mendean eta Gerra Hotzaren logikan eman zirenetako batzuk aipatuko ditugu. 1961ean, Patrice Lumumba lehen ministroa erail zuten Kongon Mobutu kriminala bere lekuan jartzeko; 1964. urtean, Brasileko estatu kolpea heldu zen; 1965ean, Dominikar Errepublikakoa...
1964tik aurrera, denborarekin mundu mailan ezagun bihurtuko ziren John Negroponte eta Oliver North Izarren Taldean sartu ziren (Negroponte AEBen Irakeko enbaxadore izan zen 2004tik 2005era eta North Irangate aferagatik egin zen ezagun). Taldearen xedea, Latinoamerikan batez ere, baina baita mundu osoan ere, Kubako iraultza bezalakoak ez ematea zen. Eta horretarako, denetik egin zuten.
Garrantzitsua da enpresa negozioen eta ekintza militarren arteko lotura zuzena kontuan izatea. 1988tik 1992ra AEBetako presidente izan zen Bush aitak adibidez, Vietnamen negozioak zituen Zapata Off-Shore Co konpainiairekin (Mexikon iruzur bidez lortu zuen enpresa horren bidez petrolioa ustiatzea).
Watergate kasuak azaleratu zuen bezala, CIAk zuzenean parte hartu zuen Kuban, Vietnamen eta Txilen terrorismo ekintza zuzenak egiten eta bertako demokraziak kolpatuz. Garai hartan, Rumsfeld eta Cheney CIAko Izarren Taldean sartu ziren; batak zein besteak izugarrizko boterea izan dute errepublikarrak boterean egon diren aldietan (75-76, 80-92 eta 2000-08). Gainera, 1975ean Bush aita agentziako zuzendari izendatu zuten, Kennedyren garaian baino botere handiagoarekin.
Bush CIAko zuzendaria izan zen garaian, C4 leherkari indartsua erabili zuten agentziako militarrek eta mertzenarioek. Hartara, benetan bitxia gertatzen da egun Evo Moralesen aurkako ekintzaren prestaketan leherkari bera topatu izana.
Kondor Operazioaren atzean ere Bush bera egon zen, baita Orlando Letelier (Txileko Allenderen Gobernuko defentsa ministro ohia) eta bere idazkari Ronny Moffit estatubatuarraren hilketaren atzean ere (beste noizbait azaldu dugun bezala, Washingtonen erail zituzten; bertan, aurreko erailketa politikoa Abraham Lincolnena izan zen, 1865. urtean!). Letelier eta Moffiten hilketak CIAko talde bereziak AEBetan bertan ekintza terroristak egiteko gai izan zirela erakusten du.
1976an Carter presidenteak hauteskundeak irabazi bazituen ere, CIAk bere horretan jarraitu zuen, are gehiago Reaganek 1980an hauteskundeak irabazi ostean. Bush aitak, Reagan berarekin galdu zituen alderdi errepublikarreko barne hauteskundeak. Egia aitortu ondoren izugarrizko garrantzia izango zuen James Baker bere lagunak gomendatuta, azken unean erretiratu zen barne lehia horretatik. Reagan presidente izendatu ostean, Bush aitak AEBetako zerbitzu sekretu guztien zuzendaritza jaso zuen, sekulako boterea erdietsiz.
Luze joko luke garai hartan egindako ekintza guztiak jasotzea. Bi aipatuko ditugu AEBen moral bikoitzaren erakusle gisa. Nikaraguako prozesu demokratikoaren aurka nola egin zuten eta Irak-Iran gerran nola parte hartu zuten ikusi besterik ez dago hori ulertzeko. Izarren Taldea erabilita, Nikaragua oso bortizki eraso zuten. Contra bezala ezagun egin zen bertako oposizio armatua finantzatzeko Kolonbiako droga trafikatzaileekin harremanetan jarri ziren, AEBetan droga sartzeko bideak zabalduz, arma eta diru truke. Bien bitartean, Israelek, Noriegaren bitartez, armak sartzen zituen Panaman sandinisten aurka borrokan ari zen contrari helarazteko. Eta hori guztia finantzatzeko, AEBek Irani armak saltzen amaitu zuten, ustez Irak eta Iranen arteko gerran Iraken aldeko jarrera hartua zuenean xiitei zien beldurra dela eta. Auzia Irangante bezala ezagutu zen eta, bertan, Bush familiak Saudi Arabian dituen harreman paregabeak ezinbestekoak izan ziren Irani armak saltzeko. Jason Bournen filmetako historia dirudi, baina ez da fikzioa, egia gardena besterik ez, ahantzi behar ez dugun egia gardena.
Izarren Taldeko kideek burutzen ari ziren operazioren batean atxilotuak izanez gero AEBetako Gobernuak ez zituela defendituko onartu zuten. Hori dela eta, asko atxilotu dituzte azken urteetan. Halere, Bush familiak beti babestu du CIAko Izarren Taldea. Hala, George Bush semea presidente izan den garaian (2000-2008), Izarren Taldeko hainbat kide espetxetik atera dira, eta beste hainbatek goi karguetan amaitu dute edo «Estatu paraleloko» egituretan murgilduta dira.
Ikusteke daude Obamak ekarriko dituen aldaketak. Kubako iraultzaren 50. urteurreneko artikulua idatzi genuenean (abenduak 20ko GAUR8), aldaketak egon, egongo zirela aipatu genuen, baita aldaketa horien sakonera aztertu beharko dela ere. Artikulu hau idazten ari garenean, badirudi Kuba Amerikako Estatuen Erakundean sartuko dela azken hamarkadetan kanpo egon ondoren. Horrekin aldaketa batzuk egon badaudela nabari da eta Amerikako estatuen azken goi bilera horren erakusle izan da.
Baina, Izarren Taldeak zein bide jarraituko du? Moralesen aurkako ekintza prestatzen ari zirenak, hungariarrak, irlandarrak, kroaziarrak eta boliviarrak ziren. Historikoki Kubako disidenteek egin bezala, orain ere prozesu iraultzaileak ematen ari diren herrietako disidenteek hartuko dute lan zikina egiteko ardura (boliviarrek, venezuelarrek eta kubatarrek). Horiekin batera, Europa ekialdeko mota guztietako hiltzaile profesionalak kontratatuko dituzte.
Horiek horrela, koktelei «Bye, bye Bush» izena jartzea bitxia suerta badaiteke ere, guztiz ezinezkoa zaigu AEBek munduan zehar ekintza terroristak eta bestelakoak egingo ez dituztela sinestea. Belatzak, zaharrak eta berriak, non kokatzen diren ikusiko dugu datozen urteotan.




