Joseangel Oria
2009ko Maiatzaren 07a
Afrikan, munduko beste kontinenteetako logikak ez du balio. Hori pentsa daiteke behintzat gatazka jakin bati buruzko ezkerreko begiraleen diagnosi bera, Vatikanoko berri agentziak bidalitako informazio batean ikusita. Irakurleari berari behin baino gehiagotan gertatuko zaio Fides Agentziaren berriak irakurriz gero, Afrikako gatazkei buruzko informazioak irakurriz gero alegia, beste asko erabat ulergaitzak baitira kristau ez garenontzat.
Kinshasatik zetorren Fidesekoek banatutako informazioa: «AEBetan lege proiektu bat proposatu dute, Kongoko mineralek herrialdeko ekialdeko gerra finantza ez dezaten». Testuak gogorarazten du «Kongon lan egiten duten gotzain, apaiz eta misiolariek aspaldi salatu zutela herrialdeko ekialdea txikitzen duen gerraren atzean arrazoi ekonomikoak daudela». «Etnia» kontuak «aitzakia» besterik ez dira, Fidesekoen arabera. NBE Nazio Batuen Erakundeak ere salatu izan du fenomeno hori, «baina ez dirudi salaketa horiek inork kontuan hartu dituenik». Baina oraingoan zerbait aldatu dela dirudi, AEBetako hiru parlamentarik lege proiektua aurkeztu baitute, punta-puntako teknologiak erabiltzen dituen metalak talde armatuen ordezkariei erostea zigortzeko. «Talde armatuek mineralak dauden lurretatik bidali egiten dute populazioa, legez kontra eztainua eta koltana bezalako gaiak eskuratzeko, Kongoko Errepublika Demokratikoko Estatuari inolako zergarik ordaindu gabe eta ingurumena erabat kutsatuz», Vatikanoko agentziaren arabera.
Berri bera zabalago eman dute Kinshasa herrialdeko hiriburuko lepotentiel.com frantsesezko webgunean. Nabarmentzen dute orain AEBetako parlamentariek egin nahi dutenak baduela aurrekaririk: Amnesty International bezalako gobernuz kanpoko erakundeek egin izan dituzten salaketak eta Louis Michel Europar Batasuneko Garapen komisarioak egin izan dituenak. Sam Brownback errepublikanoak eta Dick Durban eta Russel Feingold demokratek aurkeztu dute lege proiektua. «Multinazionalen aurkako gerra» dela idatzi dute webgunekoek, Obama presidente beltzak egin nahi duenarekin bat datorrela erantsiz. Posible ote da multinazionalen aurkako ekimen eraginkor bat, AEBetako aberatsenen ordezkarien izenean abiaraztea? Hiru parlamentarien ekimenari zer gertatzen zaion ikusi beharko dugu, zer erantzun jakin aurretik. Lepotentiel.com webgunekoek ere badakite lege proiektuak oraindik bide luzea egin beharko duela zerbait lortu baino lehen, konpainia multinazionalek egoitza duten Estatuen laguntza beharko dela, nazioarteko agentziena ahaztu gabe, eta «NBErena eta Afrikako Batasunarena, adituek gaiari buruz egin izan dituzten txostenei inoiz jaramonik egin ez dieten erakunde horiena». Kongoko Gobernuari ekimenarekin bat egiteko eskatzen dio webguneak.




