Obama presidenteari eman zioten botoa AEBetako musulman gehienek, baina beraien egoera ez da oraindik batere aldatu, nahiz eta agintariak urrats batzuk egin dituen. Herrialdera atzerritik itzultzen diren musulman estatubatuarrei ematen dieten tratua salatzen duen ikerketa aurkeztu berri dute, egoera onartezina dela nabarmentzeko.
Joseangel Oria
2009ko Maiatzaren 07a
AEBetan musulman izatea ez da batere eroso azken bolada honetan, bertako abokatu talde batek salatu berri duenez. Aireportuko edo mugako kontrolen bat pasa behar duten bakoitzean, arazoak sortzen dizkiete.
NAML Abokatu Musulmanen Elkarte Nazionalak salatu duenez, «Ameriketako Estatu Batuetako segurtasun indarretako agenteek eta aduanazainek komunitate islamikoko kideak beti estutu egiten dituzte, tratu txarra ematen diete, aireportuetan eta mugako kontroletan».
Gainerako erabiltzaileek izaten ez dituzten arazoak jasan behar izaten dituzte beti musulmanek, edo agentearen arabera musulman itxura dutenek, kasu horietan itxuraren araberakoa izaten baita lehenengo erabakia.
Ankarako hitzaldia
Barack Obama presidenteak berak AEBetako musulmanak goraipatu zituen apirilaren 6an Turkiako Parlamentuan eskaini zuen hitzaldian. Baina hitz haiek ez dira kontroletara oraindik iritsi, ez bederen agenteek jarrera alda dezaten moduan.
«Oso galdera zorrotzak eta sakonak egiten zaizkie musulmanei, bidegabe sartzen dira pertsonaren bizitzan -dio NAML elkarteak idatzi batean-. Bere ideia politiko edo erlijiosoei buruzkoak izaten baitira galdera horiek; edo finantzen ingurukoak, karitatezko laguntza eskaintzen duten erakundeei emandako laguntzei buruzkoak edo erabat legalak diren elkarte eta erakundeekin duten harremanei buruzkoak». Esaldiari erlijio kutsua kenduz gero, Euskal Herriko konturen batekin ari garela dirudi.
Salaketa egin duen elkarteak nabarmendu du tratu hori merezi ahal izateko ez dela beharrezkoa delituren batekin nahastuta egotea, musulman edo arabiar itxura izatea baizik; edo Asiako hegoaldeko herrialderen batekoa. Agente estatubatuarrek erabakitzen dute nor den eta nor ez susmagarri.
Herritarrak biluztu
Arazoa areagotzen da bidaiaria herrialde horietako batetik AEBetara itzultzen denean. Muslim Advocates taldearen arabera, une horietan herritarren intimitatea erabat bortxatzen dute agenteek; sistematikoki bortxatu, gainera.
«Itzultzen diren estatubatuarren ekonomia, ideia politikoak eta fedea ikertzen. Arrazoirik gabeko intrusioak» izeneko txostena aurkeztu berri du aipatu abokatu taldeak, segurtasun indarretako agenteen eta aduanazainen jardueraren berri emanez eta fenomenoari datuak eta izen-abizenak erantsita.
Kreditu txartelen eta negozioetako beste dokumentuen kopiak egiten dituzte agenteek, eta ordenagailuen disko gogorrenak, kamera digitalenak eta telefono mugikorrenak. Herritarra biluzik eta hauskor sentiarazten dute, segurtasunaren izenean eta arrazakerian oinarrituta.
«Arraza profila»
Agenteen jarrera horrek badu izenik: racial profiling, ingelesez, «arraza profila» euskaraz. Pertsonaren jatorrian edo erlijioan oinarrituta, zaintza berezia egiten zaio eta, datu guztiak kontuan hartuta, poliziakideek «delitugileak» harrapatzeko erabiltzen duten profila.
Baina teknika horiek ez dira ontzat emateko modukoak, abokatu musulmanen arabera. «Zilegi diren helburuak lortzeko balio beharrean, metodo horiek segurtasuna kinka larrian ipintzen dute, beti eskasak izaten diren baliabide publikoak alfer-alferrik xahutzen dituzte eta akusazio faltsu ugari eragiten dituzte, herritarrek agintariengan duten konfiantza kaltetzeaz gain», abokatuen txostenean irakur daitekeenez.
«Noiz emango diote amaiera arraza edo etniaren araberako profil horiei? 2001eko irailaren 11ko eraso ikaragarriez geroztik, AEBetako musulman guztien aurkako jazarpena disimulurik gabekoa izan da, eta erabatekoa», Michael Ratner Konstituzio Eskubideen aldeko Zentroko presidenteak kazetariei adierazi izan dienez.
Gobernuz kanpoko erakunde honetako eledunaren arabera, FBI Ikerketa Bulego Federalari George Walker Bushen garaian eman zioten arraza edo etniaren araberako irizpideak erabiltzeko argi berdea. «Orain Obama presidenteari dagokio baimen horiek berehala bertan behera uztea», uste du Ratnerek.
Barack Obama ez da musulmana, kristaua baizik, baina musulmanen boto gehienak berak poltsikoratu zituen iazko azaroko hauteskundeetan; musulmanen botoen %90 inguru inkesten arabera.
Barack Hussein Obamaren aita Kenyako musulmana zenez eta politikariak berak Indonesia herrialde musulmanean haurtzaroa pasa zuenez, eta «Hussein» hori AEBetan infernuko etsaiaren izenaren pareko denez (Saddam Hussein Irakeko presidente ohiaren aurkako kanpainak direla-eta), hautagai demokrataren aurkakoek Obama bera musulmana dela askotan esaten zuten.
Gezurra indargabetzeko demokraten ahaleginek ez zuten lortu guztiak konbentzitzea, nonbait, eta gaur egun estatubatuarren %12ak uste du presidentea, «beltza» izateaz gain, musulmana ere badela. Pew Prentsa eta Herritarren Ikerketa Zentroa izeneko gobernuz kanpoko erakundeak egin duen azken inkestak eskainitako datua da hori.
Islamofobiaren lurra
Islamofobia egon badago AEBetan, Munir Jiwa Kaliforniako Berkeley Unibertsitateko Azterketa Islamikoen Zentroko zuzendariak esan izan duenez: «Oso islamofobia gogorra, gainera». Fenomeno hori oso kontuan izan zuten kanpaina garaian Obamaren aldekoek, musulmanengana gehiegi hurbilduz gero boto asko galtzeko arriskua ikusten baitzuten. Jiwak gogorarazten du Obamaren kanpainan ez zutela aipatu ere egin Malcolm X, beltzen eskubideen aldeko ekintzaile musulmana, 1965ean erail zutena, «nahiz eta posta seiluak ere badauden Malcolm X gogoratuz».
Adierazpen askatasunik ba al dute AEBetako musulmanek? Galdera horixe egin zion Omid Memarian IPS agentziako kazetariak Munir Jiwa irakasleari. «Musulmanak herrialdeko prozesu politikoarekin kritiko samar ageri badira, estatubatuarren aurkako erradikal moduan hartzen dituzte; baina musulman ez direnek gauza bera eginez gero, orduan hitzaldia oso ezberdina da: `Begira zein demokratak garen, edozein gauza esatea onartzen dugu-eta'. Kontraesan berari aurre egin behar izaten diete beltzek ere», erantzun zion irakasleak. AEBetan musulman izanez gero, ezer esan baino lehen ondo pentsatzea hobe izaten da.
Muslim Advocates taldeak egin duen ikerketak agenteek gaizki tratatutako dozenaka pertsona aipatzen ditu, izen-abizenekin. Kasu guztietan atzerritik zetozen estatubatuarrak dira, batzuetan herrialdera mugatik barrena sartu nahi zutenak, eta besteetan nazioarteko aireportuetara iritsitakoak: San Frantziskora, New Yorkera, Detroitera, Los Angelesera edo Houstonera, esaterako.
Musulman itxura izanez gero, tratu berezia izaten dute AEBetara sartu nahi dutenek, berdin da gaztea hala zaharra izatea, gizonezkoa ala emakumezkoa, suhiltzailea ala dendaria, soldadu ohia, ikaslea, abokatua, medikua ala konpainia erraldoi bateko exekutiboa, Unibertsitate ezagunenetako ikerlaria ala langabetua. Ikerketa egin dutenek nabarmendu dute arraza edo erlijioaren araberako bereizketa horrek oinarrizko eskubide konstituzionalak apurtzeaz gain, AEBen segurtasuna bera ere kaltetzen duela. Azken urteotan askotan ikusi ahal izan ditugu AEBen aurkako manifestariak munduko edozein herrialdetan.
Lehen urratsak
Horien jarrera aldatu nahian, Obama presidenteak berak egin ditu urrats batzuk, hauteskundeetan garaile suertatu ondoren. Mahmud Abbas Abu Mazen palestinar presidentea izan zen bere telefono deia jaso zuen lehen agintarietako bat, eta Obamari lehen elkarrizketa egiteko aukera Al Arabiya telebista kate arabiarrak izan zuen. Gainera, Iraketik tropak ateratzeko egitasmoa ere bide zuzenean egindako urrats moduan ulertzen dute begiraleek.
Edonola ere, AEBetako musulmanek beraien egoera hobetzeko benetako urratsak egitea eskatzen diote lehen presidente beltzari, orain arte egindakoak ez baitira nahikoa lasai bizi ahal izateko. Aduazainei eta agenteei gauzak beste era batera egiteko agintzeko eskatzen dute islamiarrek, eta erabaki hori Parlamentuan eztabaidatu eta onartua izatea.




