-

Isidro Esnaola

2009ko Maiatzaren 07a

Uste orokorraren aurka, ekonomiak zenbakiekin eta matematikarekin zerikusi gutxi dauka. Erabakiak nola eta zeren arabera hartzen ditugun garrantzitsuagoa da matematikak baino. Gripearen zalaparta guztia horren adibide paregabea da. Gai honen inguruan nazioartean orain arte hartu diren erabaki nagusiak azter ditzakegu.

Hasieran, gobernuek erabaki zuten hegazkinak eta bidaiariak kontrolatzea, pertsona susmagarriak berrogeialdian jartzea, arrisku guneetara ez bidaiatzea aholkatzea eta abar. Lehenengo erabaki horiek helburu zehatz batekin hartu ziren: gripearen zabalkundea gelditzea. Beraz, lehenengo estrategia gripea saihestea izan da.

Azkar konturatu ziren, ordea, neurri horiek ez zirela nahikoak gripea saihesteko, batez ere, gripearen ezaugarriak direla medio. Ezin dugu ahaztu doministiku batek autobus batean doazen erdiak kutsa ditzakeela; beraz, airearen isuria gelditzen saiatzea tontakeria da.

Orduan, bestelako neurriek hartu zuten protagonismoa: gobernuek gripearen aurkako botikak erosi zituzten, sendagaiak ekoizten dituzten enpresak txerto berria lantzen hasi ziren eta abar. Arriskua saihestea ezinezkoa zela-eta, gobernuak «zientziaren» laguntzaren bila joan dira. Bigarren estrategia, beraz, laguntzailea bilatzea.

Baina txertoa egiteko hilabete batzuk beharko dituzte. Estrategia luzea. Eta orain, zer? Eta horrek eromena askatu du: hegazkin bidaiak debekatu dituzte han eta hemen, zerbitzu publikoak itxi dituzte, txerri-azienda osoak hiltzen hasi dira, hainbat merkantzia erostea debekatu dute, herritarrak birusen aurkako botikak hasi dira hartzen, jarrera xenofoboak agertu dira eta abar. Laburbilduz, bakoitza bere erara saiatzen ari da gripeari aurre egiten. Hirugarren estrategia «bakoitza bere kaxara» deitu dezakegu.

Ikara sortzen duen zerbaiten aurrean, jendearen erreakzioa horrelakoxea izaten da: beldurra sortzen duena saihesten saiatzea, ondoren aldamenekoari laguntza eskatzeko, eta, azkenean, eskura dituen baliabideekin aurre egiten du. Horrela lortzen den bakarra zera da: izua zabaltzea eta orokortzea. Arazoa gainditu beharrean, arazoa okerragotzea besterik ez da lortzen. Horregatik, jarduera horri psikologoek «panikoaren tranpa» deitzen diote.

Gripeari aurre egiteko, panikoaren arabera hartzen ari dira erabakiak. Horrek izugarrizko ondorioak izango ditu, baita ekonomikoak ere. Datu bat ematearren, erabaki oker horien guztien ondorioz, Mexikoko Barne Produktu Gordina %0,8 eta %1,5 jaitsiko dela aurreikusten dute Mexikoko hainbat banku eta institutuk. Horrek Mexikoko biztanle bakoitzeko ehun bat dolar gutxiago izatea suposatzen du. Jaitsiera ez da makala.

Panikoaren tranpa horretan erori gara behin eta berriro. Arazoa, nire ustez, eraiki dugun sisteman datza. Hasteko, komunikabideek edozein txikikeria handitzeko izugarrizko boterea dute. Zurrumurru edo beldurra sor dezakeen edozein gauzaren aurrean, informazioa zabaldu beharra dute, horretarako daudelako; baita ale gehiago saltzeko ere. Altruismoa ez baita balore bat gure jendartean. Testuinguru horretan, nazioarteko erakundeek, Munduko Osasun Erakundeak kasu, zerbait egin behar dute bere existentzia justifikatzeko. Horrek bazka gehiago ematen dio zurrunbiloari. Estatuetan, iritzi publikoak gobernua presionatzen du neurriak har ditzan; oposizioak ere. Gobernuek neurriak hartzen dituzte zerbait egiten ari direla erakusteko eta hurrengo hauteskundeak irabazi ahal izateko, arazo berriak sortuz. Eta horrela, lasaitasunez kudeatu beharreko zerbait, osasun arazo bat, arazo ekonomikoa, soziala eta politikoa bihurtzen da. Pentsatzen badugu urtero munduan zehar gripe arruntagatik 250.000 eta 500.000 pertsona artean hiltzen dela, aldea are eta izugarriagoa da.

Arrazionaltasun ekonomikoaren izenean, munstro bat sortu dugu eta orain hartzen ditugun erabakiak ez dute zerikusirik arrazionaltasunarekin. Jendarte eredua krisian dago, hori jakina da; baino gaixorik ere badago, gaixotasun psikologikoak ditu eta horiek erabaki zuzenak hartzeko oztopoak dira. Edozein huskeriak dena hankaz gora jartzen du; ondorio kontrolaezinak ditu. Pan, jainko greziarra zen eta bidegurutzetan agertu ohi zen bidaiariak ikaratzeko. Bidegurutzean egongo ote gara?