Unai Gorrotxategi
2009ko Apirilaren 24a
Martxan dabilela urtebete pasa den arren, Gorka Julioren blogaren eskutik, oso interesgarria den Interneteko zerbitzu baten berri izan dut. Qik izeneko zerbitzu honek, mugikorrarekin bideoak Interneten zuzenean emititzeko aukera ematen digu.
Komunikaziorako teknologia mugikorren garapenak, gero eta azkarragoak diren transmisioak ahalbidetu ditu, komunikatzeko modu berriei leku eginez. Eta azkenaldian komunikatzeko modu berririk deskubritu badut, hemen aipatzen dena da aipagarriena.
Zerbitzu hau erabiltzeko bere webgunean sartu beharko gara (qik.com). Youtube edo Euskaltuberen antzeko orria topatuko dugu bertan. Webgunea sare sozial moduan dago egituratua. Erabiltzaile bat sortu beharko dugu bertan parte hartzeko, eta bukatzeko, mugikorrean aplikazio bat instalatu beharko dugu. Webguneak berak metodo desberdinak proposatzen dizkigu programa honen instalazioa errazteko. Bi pauso horiek bukatzean... kito! Prest gaude bideoak zuzenean emititzeko.
Mugikor guztietarako prestatua ez dagoen arren, pixkanaka gero eta mugikor gehiagorekin erabil daiteke zerbitzua. Mugikorrak kamara izan beharko du noski, eta GPRS, 3G edo wi-fi bidezko konexioa erabili beharko dugu.
GPRS edo 3G konexioa erabili aurretik, komenigarria zaigu indarrean dugun Interneteko konexioaren tarifa ezagutzea, hilabete bukaeran sustorik ez hartzeko. Zerbitzu hau sarritan erabiltzeko asmoa badugu, tarifa merkeak bilatu beharko ditugu operadore ezberdinen artean.
Ikusten denez, lehen ia ezinezkoa zena, gaur egun oso sinplea da. Gainera, gehiago konplikatu nahi badugu, webguneak aukera gehiago eskaintzen dizkigu nahi izanez gero.
Sare soziala denez, lagunak egin ditzakegu, beraien emisioak jarraitzeko asmoz. Eta gainera, gure erabiltzailea Twitter eta Facebook bezalako sareekin komunika dezakegu; hala, emititzen dugunean, emititzen ari garela jakinarazi ahal izango dugu beste sare horietan. Youtube eta Euskaltuberen antzera, bideoa gure blog edo webgunean itsats dezakegu; bertan, emititu dugun azken bideoa azalduko da. Zuzenean emititzera goazenean, sistemak zuzeneko emisioa detektatu eta automatikoki azalduko du.
Pribatutasunari dagokionez, zerbitzua nahi bezala konfiguratzeko aukera dugu. Adibidez, emisioa publikoa edo pribatua izango den erabaki daiteke. Mundu osoari erakustea hautatuz edo, aldiz, gure lagunei bakarrik erakutsiz. Aukera gehiago ere eskaintzen ditu. Kokatze geografikoarekin adibidez, bideoa grabatzen goazen bitartean egiten dugun ibilbidea geolokalizatzea lor dezakegu guk nahi izanez gero. Eta zuzeneko txat-a erabiltzen badugu, ikuslearen eta emititzen ari denaren arteko komunikazioa lortuko genuke.
Komunikatzeko modu honek, milaka ate zabalik uzten dizkigu. Kontzertuak, hitzaldiak, kultur eta kirol ekitaldiak.... emititzeko aukera paregabea ematen digu. Zerbitzu honekin argi geratzen da, gaur egun ordenagailua ez dela beharrezkoa Interneten komunikatzeko. Hemendik aurrera gero eta tresna gehiagok izango dute Interneterako sarbidea, beste tresna edo pertsonekin komunikatzeko, eta badirudi hau hasi besterik ez dela egin.
Horrelako zerbitzuek maila sozialean eta komunikatzeko moduan ekarriko dizkiguten ondorioak oraindik ikusteke daude, baina ziur oso interesgarriak izango direla. Gero eta azkarrago eta gero eta errazago komunikatzeko joera dugu, baina ez hori bakarrik: zerbitzu hauek denon eskura izatean, komunikatzeko ahalmen izugarria irabazten dugu, aprobetxatu beharko duguna.




