In fraganti -

Gehienek Arantzazuko Ama Birjinaren gelatxoan egin zituen irudiengatik ezagutzen dute. Oraindik orain erakusketa handi bat egin du Vechtako emakumeen espetxean, eta Donostiara ekarri berri du. Aste Santuan San Asentsiorako eskultura bat egiten atzeman genuen Andoainen Nazario Maizekin batean.

Joxean Agirre

2009ko Apirilaren 24a

 

Xabier Egaña  munduko sufrimendu guziak bere egiten dituzten artista horietako bat da. Haren margolanetan badago poesiarik eta edertasunik. Emakumea, familia edo adiskidetasuna goraipatzen dira, baina horien gainetik agertzen da askotan bakardadea eta sufrimendua. Hala gertatzen da berriki Donostiako Elizbarrutiko Museoan zabaldu duen erakusketan, Alemaniako Vechtako espetxeko emakumeak baitira protagonista.
Orain hogeita hamar urte hasi zuen Xabier Egaña margolariak Alemaniarekiko harremana. «Mühlen-go parrokian gurutze-bide bat egiteko enkargua eman zidaten. Frantziskotarren parrokia bat da eta nik zirriborroak aurkeztu nituelarik, sekulako eztabaida sortu zen bertan bizi ziren fraideen  artean eta, ondorioz, herrian. Ekialdeko Alemaniatik etorritako fraide batzuk zeuden tartean, oso itxiak eta atzerakoiak eta horietako batek itzal handia zuen mila bizilaguneko herrixka horretan. Nire zirriborroak burugabekeria bat iruditu zitzaizkion eta oso giro txarra sortu zen herrian. Arazoak arazo nire gurutze-bide hori margotu ahal izan nuen. Sei bat panel eta gurutze-bide zirkular bat egin nituen eta bukaeran margotu gabeko horma zati bat utzi nuen, Kristoren heriotza ez baita bere heriotza bakarrik, gizon ororen heriotza baizik. Gerrak, goseak eta torturak edo emakumearen kontrako indarkeriak hor jarraitzen dutela adierazi nahi izan nuen. Urteak igaro dira, baina kontra zeudenak nire horma-irudi horiek borratzeko baimen eske joan ziren eskualdeko gobernura, Oldenburg-eko Gobernura alegia, eta hauek ezetza eman zieten, eskualdeko margogintza erlijiosoan nire lana bakanetakoa zelako. Gobernuan lan egiten duen artearen historialari bat Zarautzera etorri zitzaidan nire lana ezagutzera eta hortik sortu zen Vechtako emakumeen espetxean nire atzera begirako erakusketa egiteko asmoa», hasi zitzaigun Xabier Egaña.  
Astebete eman zuen emakume horrek Egañaren lanen argazkiak egiten. Arantzazu bisitatu zuten, noski, Ama Birjinaren gelatxoan dituen margoak ikusteko. Eta material horrekin Oldenburg-era itzuli eta erakusketa handi bat egiteko aukera aurkeztu zion Gobernuari.


Vechtako emakume espetxea
Vechtako emakumeen espetxea aukeratu zuten erakusketa handi hori egiteko. Bere obra osoaren katalogo bat prestatu zuten. «Eromena izan zen, hiru aldiz atera behar izan genituen obra guztien argazkiak», kexatu zen Egaña. Alemaniako espetxe hori ikustera joan zen. «Nik ez nuen sekula espetxe bat barrutik ikusi eta bertan zeuden emakumeek bakardade sentsazioa eman zidaten. Emakume horietako batek ziegako lau hormak postalez, gutunez eta argazkiz beteta zituen, bere mundua horma horietan ezarri balu bezala. Zirrara izugarria eragin zidan eta bakardadearen inguruan hogei bat marrazki egin nituen, emakumeen profilak hasieran eta emakumeak erabiltzen dituen objektuak azkenik, bularretakoa aulki batetik zintzilik, zapatila batzuk lurrean...., bizitzaren hondamendia adierazteko. Marrazki horietatik abiatuta terapia ariketak egin zituzten espetxean zeuden emakume batzuek eta haien marrazkiak ere ekarri ditut Donostiara. Vechtako espetxe horretan 17 urte daramate erakusketak antolatu eta artearekin terapiak egiten. Nire margolanak elizan eta beste hainbat lekutan jarri zituzten. Guztira 50 bat lan izango ziren», jarraitu zuen.


Donostian erakusketa
Maiatzaren 3ra arte egongo da zabalik “Bizitzaz” izenburua daraman Xabier Egañaren erakusketa Donostiako Elizbarrutiko Museoan, eta badirudi segidan Durangora joango dela. «Kultur Etxean jar dezakete erakusketaren zati nagusia eta beste zatia parrokian», esan zuen.
Emakumeen bakardadearen gaineko lan horietaz gainera atzera begirako erakusketa handi hartatik hogeita bosten bat lan ekarri ditu Donostiara. «Lau bat arlo ditu erakusketak. Bakardadeari buruzko emakumeen sail hori dago lehenik; bestetik, Grünewald-en omenez egindako gurutze batzuk ditut. Hamaseigarren mendeko margolari aleman bat da, oso gogorra, ezagutu nuenetik zirrara handia egin didana. Bosniarako edo Ruandarako egindako gurutze batzuk ditut sail horretan. Badago emakumeari eskainitako beste margolan multzo bat, eta badago beste sail bat sufritzen duen gizakiaren gainean. Gandiagaren poema batean oinarritua da horietako bat. Gandiagarekin hogei urte bizitzeko zoria izan nuen eta haren autorretratu bat ere ezarri dut. Beste pare bat banuen eta Euskaltzaindiak eta Mendatako Udalak erosi zizkidaten. Eta hau Gandiagaren Topagunerako emango diet Arantzazuko fraideei», esan zuen.
Arantzazu aipatu zuenez, Oteizarekin bizi izan zituen urteak aipatu nahi izan genizkion Egañari. «Nik 26 urte izango nituen. ‘Jakin’en artikulu bat idatzia nuen ordurako, Oteiza kristaua ote zen edo ez argitu nahian, eta beharbada ez zela kristaua izango, baina oso erlijiosoa zela esaten nuen bukaeran, gaztetasunak ematen duen ausardiarekin. Iritzi hori gero beste askori entzun diet, Manterolari esate baterako. Berak, noski, ezagutzen zuen artikulua eta nitaz galdezka agertu zen egun batean.
Arantzazun eman nituen azken bi urteak berarekin pasatu nituen. Ordu bat libre nuen bakoitzean joaten nintzaion. Aldarte onarekin zegoenean primeran egoten ginen eta umore txarrarekin zegoenean alde egiten genuen. Oso urte aberatsak izan ziren. Berari entzuten egotea izugarria zen. Beste era bateko Euskal Herri batekin amets egiten erakutsi zigun», esan zuen. Alvarez de Eulate ere han ezagutu zuen. «Nik marrazki koaderno bat nuen eta hura erakutsi nion egun batean, eta asko animatu ninduen. Liburuak ematen zizkidan eta Picasso horrela ezagutu nuen, liburuen bidez. 1960ko hamarkadaren hasiera zen eta, gezurra badirudi ere, ez genuen arteari buruzko argitalpenik ezagutzen. Picassok erakutsi zidan askatasun osoz marrazten eta nahi nuena egiten, errealitatea zatikatu eta lotzen, gauzak hankaz gora jartzen. Dezentez geroago eskaini zidaten Arantzazuko Ama Birjinaren gelatxoa margotzeko aukera», gogoratu zuen.
Xabier Egaña Getxon jaio zen 1943an. Zarautzen eta Arantzazun egin zituen fraide ikasketak. Orain hogeita bi urte ezkondu, eta Zarautzen bizi da. Alaba bat dute. Urte asko eman ditu Andoaingo Salletarren ikastetxean irakasle. Orain erretiraturik badago ere, hantxe aurkitu genuen Nazario Maiz fraide salletarrarekin batean San Asentsiorako eskultura handi bat egiten. «San Martin Unxetik ekarri dugu harria», esan zigun Nazariok mozorroa kendu ondoren.
Berak ere eskulturak egiten ditu. Santiago Bideko elizetan bere maskorrak ikus daitezke, Orioko San Martinen, Zarauzko San Pelaion, Getariako San Prudentzion eta Askizun eta beste hainbat lekutan. «Lehen kosta egiten zitzaidan maskorrak jartzeko baimena lortzea. Orain leku guztietatik eskatzen dizkidate», dio.
Salletarren fundatzailearen irudia egiten ari dira Xabier eta biak. Egañak egin zuen maketa eta Nazariok jarri du indarra. «San Asentsioko egoitza eraberritzen ari dira. Biok ditugu han horma-irudiak edo eskulturak eta irudi hau eskatu digute», esan zuen Egañak. Andoaingo ikastetxeko sarreran ere badituzte eskulturak.•