Urritasunen bat dute, baina hainbat kiroletan dabiltza: arraunean, atletismoan, palan... Patxik, Joxeanek, Mikelek eta Edortak zailtasunak gainditu daitezkeela eta, azken batean, mugak norberak jartzen dituela erakusten dute.
Maider Iantzi
2009ko Apirilaren 24a
Minusbaliatuen Gipuzkoako Kirol Federazioa eskolak sortzen dabil urritasunen bat duten pertsonei erraztasunak emateko asmoz. Goi mailako kirolarien laguntzari eta punta-puntako kirol klubei esker jaio da ekimena. Jende gazte nahiz heldua hainbat kiroletan aritzeko hastapen proiektuak garatu nahi dituzte, eta eskolak bultzatu, bakoitzak bere autonomia izan dezan, jarduera praktikari dagokion lekuan gara dadin eta entrenatzaile espezializatuek lan egin dezaten. Aldi baterako edo etengabeko urritasuna (fisikoa, psikikoa, adimenekoa, garun paralisia eta mistoa) eta patologia kronikoa duten pertsonentzat dira eskolak. Horietako batzuk goi mailako kirolari izanen dira etorkizunean. Saskibaloia, igeriketa, txirrindularitza, atletismoa, arraunketa, pilota... Ahalik eta eskaintzarik zabalena egitea dute helburu, ahalik eta partaiderik gehien izateko eta urritasunen bat duten pertsonen artean kirola egiteko ohitura zabaltzeko eta sustatzeko. Proiektu honetaz gehiago jakiteko eta protagonistak ezagutzeko, hastapenetan diren bi eskola bisitatu ditugu, arraunlariekin izan gara Orion eta pilotariekin Zubietan.
Arrain dotoreen antzera
Itsasbazterrera hurbildu eta gizon bat ikusi dugu ontzi bat garbitzen. Juan Angel Garmendia «Xarpas» da, Orioko arraunketa eskola egokituko entrenatzailea. Harago, uretan, hiru arraunlari dabiltza: Patxi Sagarna, Joxean Iglesias eta Mikel Goikoetxea. Hotz egiten du eta haize zakarrak anitz zailtzen die lana kirolariei; hortaz, bat atera egin da. Xarpasek lanean jarraitzen du eta mangera askatu gabe, urritasuna duten pertsonei eskolak ematen urte eta erdi daramala jakinarazi digu. Egunero hiru ikaslerekin aritzen da, baina batzuetan gehiago ere etortzen dira; larunbat batean bederatzi izan zituen eta «overbookinga» izan zuten, lau iola bertzerik ez baitituzte.
Uretan dabilen arraunlari bat seinalatu eta «begira, hori Joxean da», hasi zaigu entrenatzailea azaltzen. «Iaz Pekinera joateko aukera izan genuen, hasiberriak ginen, ordea. Ea aurten Europako zirkuituan sartzen garen! Joxeanek urtebete darama eta desberdintasun handia dago beregandik besteengana, besteak berriak baitira. Ontzi ofiziala lortu genuen (federazio espainiarrarena) eta horrekin dabil orain». Iglesiasek hainbertzeko abileziaz mugitzen dituen arraunak hori-gorriak dira, beraz. Xarpasek eta fin-fin laguntzen ibiltzen diren Josetxo Etxeberriak eta Juan Karlos Ugartek hori nabarmendu nahi izan dute, lau ontziak federazio espainiarrari esker lortu dituztela; «ea hemengoak ere mugitzen diren!». Minusbaliatuentzako Kirol Federazioak eta Kirolarekin proiektuak laguntzen diete, Arraunketa Federazioak oraindik ez.
Denak lehorrean daude dagoeneko, arraunak eta ontziak bilduta eta garbituta. Ezintasunen bat izanagatik, kirolariak primeran moldatzen dira. Patxi Sagarna oriotarra da, baina Zarautzen bizi da. Duela 30 urte hasi zen saskibaloian eta atletismoan, Mikel Izagirrerekin. Behobia-Donostia lasterketa egiten lehenbizikoak izan ziren. «Ezkondu nintzenean utzi egin nuen; bi ume ditut eta lan egin behar nuen. Arraunketa izugarri gustatzen zait, eta zerbait egin behar nuela erabaki nuen. Mikel Izagirrek deitu zidan eta federazioaren bidez sartu nintzen taldean. Kirola egitea da nahi dudana. Eguraldi ona eta marea egokia denean deitzen didate eta etorri egiten naiz», adierazi digu.
Mikel Goikoetxea amezketarrak etortzen den hirugarren aldia du. «Lagun batek probatu zuen eta polita eta desberdina zela azaldu zidan. Hark animatu ninduen. Aurretik atletismoa egiten nuen eta orain bietan nabil. Aurreneko sentsazioak, behintzat, onak dira; niretzat momentuz gogorra da, baina, agian, gehiago praktikatu arte izango da. Adibidez, gaur atera naiz, baina haize indartsua zegoenez, nahiko komeria izan ditut. Ea pixkanaka ikasten dugun eta hobeto ibiltzen garen!», agertu du.
Atletismoan, lehiaketetan ibiltzen da Goikoetxea. Azkoitia-Azpeitia lasterketa korritu zuen berriki. Egutegi bat egina dute urtean lasterketa batzuk korritzeko. Kirola egiteko aukera asko dituztela iruditzen zaio Amezketako gazte honi: «Arraunketa, saskibaloia, atletismoa, pilota... Mugitu nahi duenarentzat aukerak badaude». Kirolak bere buruarekin ongi egoten eta gai batzuez pixka bat ahazten laguntzen dio.
Garaile Azkoitia-Azpeitian
Joxean Iglesias Orion bizi den lazkaotarrak iaz ekin zion arraunketari, «ez oso serio»; noizean behin ibiltzen zen uretan probatzen. Aurten gehiago dabil eta Europako txapelketetara joan nahiko luke ikusi eta ikastera. Zaila da joatea, baina saiatuko da, batez ere besteak nola dabiltzan jakiteko. Han bada jendea maila handiagoa duena eta lehiaketetan ongi ibiltzen dena; hemen oraindik gauza berria da. Iglesiasek nahi duena berea bezalako urritasuna duten pertsonak nola ibiltzen diren ikustea da eta, azkar samar ibiltzen badira, nola jarri eta mugitzen diren begiratzea eta gauza bera egiten ahalegintzea. Duela urtebete hasi zenetik anitz aurreratu du, oraindik badu zer ikasia, ordea, eta horretarako ordu ugari eman behar ditu itsasoan. Ahal badu astelehenetik larunbatera entrenatzen da, uretan ez bada polikiroldegian.
Azkoitia-Azpeitia atletismo lasterketa ustekabean irabazi zuen eta hagitz kontent dago. «Arraunketan indarra da garrantzitsua eta atletismo lasterketan gehiago balio du abiadurak. Parisetik etorri zen kirolari bat eta garaipena berak lortuko zuela pentsatzen nuen. Erritmo aldaketa askoko lasterketa zen, bihurgune ugarikoa, sarri gelditu eta berriz abiatu behar genuen. Bidegorria zegoen eta ni aurrean nindoan, bakarrik, eta haizeak gogor jotzen zidan», ekarri du gogora. Kirolean gozatzea eta ikastea da Iglesiasen asmoa. Ez zuen pentsatzen aulkian arraun egin zezakeenik, ez zuen behin ere ikusia eta gozamena da berarentzat. Egun osoa eserita egotea ez da ona eta arraun egiteak burua arintzeaz gain, gorputzari mesede egiten dio. Sevillako arraunlari bat ezagutu zuen, berak aipatu zion aukera eta joan den urtean Bilboko proba batera aurkeztu ziren.
Lazkaotarrak azaldu duenez, jendeari lehen begiratuan gurpildun aulkian dauden pertsona guztiek urritasun bera dutela iruditzen zaio, baina ez da horrela eta desberdintasun hori kontuan hartu beharko litzateke txapelketetan. Adibidez, atletismo karreretan denak elkarrekin ateratzen dira eta desberdintasun handia egon ohi da kirolari batetik bertzera, batzuek gerria gehiago mugitu dezakete bertzeek baino, egin dezaketen indarra ere aldatzen da urritasunaren arabera... Batzuek hanka zati bat falta dute eta horiek sekulako indarra egin dezakete gorputz osoarekin. Iglesiasen iritziz, sendagile espezializatuek egin behar dizkiete azterketak kirolariei eta gero egoki banatu behar dira kategoriak, bestela urritasun txikiagoa dutenei irabazteko anitzez gehiago entrenatu behar dute.
Gaur, larunbata, arraunketako nazioarteko lehiaketa eginen dute Orion. Nahiz eta Xarpasen mutilak ez diren lehiatuko, lau arraunlarik erakustaldia eginen dute. Gainera, aurten Gipuzkoako lehiaketan, Euskadikoan eta Estatu espainiarrekoan parte hartzeko asmoa dute.
Bikotea lagun gehiagoren bila
Zubietako pilotako kirol eskola egokituan, iazko urrian ekin zioten entrenamendu serioak egiteari, baina hasi-hasi orain dela bi urte hasi ziren ideiari bueltaka eta egun jakin batzuetan gauzak egiten. Oraingoz Patxi Fadrique eta Edorta de Anta bakarrik aritzen dira; ostegunetan biltzen dira Zubietako pilotalekuan eta jende gehiago animatzea nahi dute. Edozeinentzat irekita dago pilota eskola eta euren ideia lagun gehiago etortzea da. «Ez dago, gainera, aulkian egon beharrik. Ni hauekin aritzen naiz, eta larri!», adierazi du Jurgi Olasagasti entrenatzaileak. Aulki gehiago ere badituzte jendea etortzen bada eta probatu nahi badu, baina, batez ere, ezintasunen bat duten pertsonak animatzea gustatuko litzaieke. Hala gertatuko balitz kategoriak begiratuko lituzkete eta agian egun gehiagotan elkartuko lirateke. Momentuz astean behin jokatzen dute, 16.30etik 18.30era.
Tarte horretan harrapatu ditugu hirurak elkarrizketa egiteko. Jokaldiak praktikatzeari utzi eta gurekin solasean aritu dira pixka batean, sobera hoztu gabe berriro kantxara bueltatu aitzinetik.
«Askotan jendeak pentsatzen du elbarrituta daudela eta mugatuta daudela, baina palan, saskibaloian eta edozer gauzatan aritzen dira, ez dago mugarik», azaldu du Olasagastik. «Frontoiak herri guztietan daude eta jendea probatzera animatuko genuke. Gero ikusiko dute ea zer iruditzen zaien. Baina ez dute etxean geratu behar ezer egin gabe. Saiatuz gero lor daiteke, erraza da, ohitura hartzea da kontua, denean bezala; edozer gauzatan ikusten duzu dena arraro hasi berritan», agertu dute Fadriquek eta De Antak. Bizkaian ari dira pilotari batzuk jokatzen eta Tarbesen, Estatu frantsesean, elkarte bat dago. Zubietako eskolako antolatzaileak, Oidui Usabiagak, kontatu du berriki jakin dutela Gipuzkoako herri txiki batean ere aita-seme batzuk aritzen direla. Interesgarria deritzo elkarren berri izan eta topaketak egiteari.
Anitz ematen die palan jokatzeak: mugitu egiten dira, kirola egin, jendearekin egon... «Istripua eduki baino lehenago beti aritzen nintzen palan eta orain jolasten jarraitzen dut, bihotza betetzen zait jolasten. Osteguna bukatuta ea hurrengoa noiz iritsiko den pentsatzen egoten naiz jada! Izugarri betetzen nau», kontatu du Edorta de Antak. «Elbarrituen mundua berria da kirolean eta zenbat eta elbarritu gehiago gauza gehiago egiteko aukera ematen du; metodologiak eta ikerketak berritu, legeak egin... Laborategi bat bezala da gurea eta jende gehiago etortzeak asko lagunduko luke», azaldu du irakasleak. Dena berria da eta arauak eta mugak jarri behar dira. «Gu gara lehenengoak eta nahi dugun bezala jartzen ari gara. Goian jotzen badu, `ez, ez, hori ona da', esaten dugu», bota dute ikasleek txantxetan. «Futbolean bezala jokalari guztiak ez dira berdinak eta politena hori da; bakoitzak emateko duena erakustea. Guk eman dugu daukaguna, orain jendea falta da, guk ere besteek zer egiten duten ikusteko gogoa daukagu».
Orioko arraunketa eskolan ere ibiltzen dira Fadrique eta De Anta; han badabil jende gehiago eta pala baino gogorragoa da. Saskibaloia, tenisa, badmintona... Hamaika kirol egiten ditu Patxi Fadriquek. Zer kirol egiten dituen galdetu beharrean, zer ez duen egiten galdetzea hobeki da. «Laborategi gisa erabiltzen naute». Bela probatu zuen Donostian, baina txalupak ez zeuden prestatuta. Gipuzkoako hiriburuko teniseko klubean hiru hilabeteko padel ikastaroa eman zieten Edorta De Antari eta biei eta bost lagun joaten hasi baziren ere, azkenean biak bakarrik gelditu ziren. «Ez dakit zergatik ez duen jendeak gehiago parte hartzen», aitortu dute kirolariek.
«Gero esaten dute ez dagoela aukerarik, eta aukera dagoenean ez dute izena ematen», erantsi du entrenatzaileak. «Kirola egin nahi duenari, arauak moldatuko zaizkio edozein kiroletan. Egin daiteke». Gipuzkoan kirol piloa daukatela baieztatu dute, baina Nafarroan ez omen dago ia deus ere; elbarrientzako mahai tenisa bakarrik dago.
Berriketan ari garela, Amaia Martinez iritsi da, beraiekin jolastera etortzen den bertze lagun bat. Aitzakia paregabea guri agur erran eta hainbertze maite duten kirolari berriz ekiteko.




