Naiara Garzia
2009ko Apirilaren 24a
Yasunari Kawabata Nobel saria jaso zuen lehenengo idazle japoniarra izan zen. 69 urte zituela eman zioten saria, 1968. urtean, eta aukera hau bere lanari buruz hitz egiteko aprobetxatu zuen: malenkoniak bere literaturaren txoko guztiak betetzen dituela adierazteko (mono no aware); txoko hauen atzean (tintaz egindako eta lainoz beteriko marrazki japoniarretan bezala) hitzekin adieraz ez daitekeen esentzia misteriotsu bat dagoela ulertarazteko (yugen); idazteko eta munduari so egiteko egoera mental konkretu bat ezinbestekoa dela jakinarazteko (wabi), eta guzti hori kontatzeko, mozorrorik gabeko hitza erabiltzen zuela esateko (sabi).
Kawabataren estetika eta oinarri espiritualak tradizio baten barruan koka ditzakegu (kultura, artea, natura eta espiritualitatearen arteko harreman estuan) eta kultur ondare horri gogor atxiki zion, estetika garbia aldarrikatuz, eta horrez gain XX. mendeko proposamen estetiko eta sozial guztiak gaitzetsiz. Hori dela-eta, gerrate ondorengo lanetan gai nagusi bat jorratu zuen bere ateismoaz gaindi: Mendebaldeko inperialismoaren esku Japoniak jasandako sakratutasunaren galera. Horrela, gerrate aurretik idatzi zuen «Elur Herrialdea» izeneko liburua tradizioaren gordeleku den bezala, «Ederra eta Hitsa» lanean (gerra ondoren idatzia) aukeratutako agertokian (Japonia modernoan) japoniarren mendi sakratua (Fuji) turista amerikar batzuentzat argazki bat ateratzeko aitzakia besterik ez da.
Kawabataren literatura irudiz eta sinboloz betea dagoenez, bere estetika Mendebaldeko autore sinbolistekin parekatu izan da, baina ez dugu ahaztu behar azken hauek sinbolismo subjektibo bat sortu zuten bitartean, Kawabataren irudiak ondare kultural baten ondorio direla. Japoniako tradizio horren ezaugarri bat oso ongi azaltzen du Kawabatak «Loti Ederrak» liburuan (Ibon Uribarrik itzulia): hustasuna. Horregatik, «Loti Ederrak» estetizismo huts baten apologia dirudien arren, akatsa litzateke Mendebaldeko filosofia nihilistarekin konparatzea, idazleak berak esan zuen bezala, oinarri espiritualak erabat ezberdinak baitira. Liburu honetan emakumeek emakume izateari uzten diote objektu edo forma estetiko bilakatzeko, eta estilizazio prozesu horretan Kawabatak forma artistikoak bailiran deskribitzen ditu, haien ñabardura fisikoak azpimarratuz: sorbalda, lepoa, bekainak, hortzak, titi-buruak... Kawabataren erotismoa, ordea, ez da erotismo oso-osoa, gizatasuna falta baitzaio eta beste zerbait adierazteko aitzakia besterik ez da, izan ere, antzinako taoistek betiereko gaztetasuna zenbait edabetan, kobazuloetan edota mendi tontorretan bilatzen zuten bezala, Kawabataren liburu honetako agureek prostituta batzuen etxean lo dauden nesken edertasuna begiestea eta sentitzea izango da horretarako aukeratu duten bidea.
Yasunari Kawabatak japoniarra zen beste idazle ospetsu batekin, Yukio Mishima-rekin hainbat urtetan izandako harremana azken honen beste artelan bat bailitzan pasatu da historiara. Kawabataren unibertsoa bere lanean agortuko ez balitz bezala, edertasunarekiko, erotismoarekiko eta heriotzarekiko sentitzen zuen lilura Mishimak bere egin eta Kawabataren jarraitzaile bihurtu zen, XX. mendeak Mendebaldean eman dituen idazle japoniar ezagunenak bilakatuz. Heriotzarekiko erakartasuna literaturatik harago zihoala erakusteko beren buruaz beste egin zutenean (Mishimak aurrena, urte batzuk geroago Kawabatak) maisu-dizipulu harreman honek literatura eta denboraren mugak gainditu zituen. Bere hainbat lanetan ikus dezakegun bezala, heriotza ohoragarri batekin obsesionaturik, Kawabatak Nobel saria jaso zuen urtean Mishimak bere buruaz beste egitea erabaki zuen seppukuaren errituaren bitartez. Bere dizipulua suizidatu eta hiru urte geroago joan zen Kawabata, isilago, gasa erabili baitzuen bere buruaz beste egiteko.




