Beņat Gaztelumendi
2009ko Apirilaren 24a
Autoek bozinaka esaten diote «arratsaldeon» Jesusen Bihotzari. Bi hatz jasota agurtzen ditu honek, garaile. Garai. Garai bateko hamar metroko eskultura honen azpian, bi hatz jaso ditut nik ere. Eskuinekoarekin eskuineko belarria estali dut. Ezkerrekoarekin ezkerrekoa. Nire parean dabiltza autoak buelta eta buelta eta buelta eta buelta. Elkarren gose. Niri bidea itxiz. Oinezkoak ere halaxe gabiltza, buelta eta buelta eta buelta eta buelta. Biribilgune erraldoian pauso txikiak eta pausa handiak eginez. Preso. Ez. Gaur ez dut betiko bueltarik emango. Kale artean arnasa hartuko dut. Belar artean sartu naiz.
Doña Casildak ez dauka hesirik, ez dago preso. Baina Euskaldunako zuhaitzek barroteak dirudite. Hemen erori egiten dira hostoak, berriro hazteko. Semaforo berdeari itxaron gabe. Semaforo gorriari beldurrik eduki gabe. Uso lokaztuak usu lokartuta dauden esku zimurretara joan dira, ogi bila. Bi hatz igo dira begietara, makarrak kentzera, makal. Bisera Berdedun Kaskopean, gorritutako begiek zakur bat lasterka ikusi dute, ozta-ozta. Ospa egin dute usoek. Begi nekatuek lurrera begiratu dute berriro. Halaxe egongo dira, Euskaldunako zuhaitzak hostoberritu arte, ia. Orduan, lokartutako eskuetara berriro egingo dute lokaztutako usoek buelta. Eta buelta. Eta buelta. Eta buelta.
Lur-gorri zaurituak koska gris batera eraman nau, parkeko Gran Vian barrena. Dena da etxeko, dena da parke, dena da bake. Haurrek zakurrek miaztutako iturritik edaten dute. Burdinazko farola zuriak gauaren beldur dira. Bikoteek eskuak lotuta zanpatzen dute mapak erakutsitako bidea. Historia eta istorioak besarkatu egiten dira apirileko iluntze gris honetan.
Sekretua dirudi horma gorrizko etxetxoak ia. Loreak abaildu egiten dira harri gogorraren gainera. Sekretuak ezkutatzen dira harago. Baina, sekretuak argitzeko daude. Eta etxetxo gorria zeharkatu dut eskailera grisetatik. Aurrean, labirinto bat dirudi parkeak. Putzuaren erdian, iturri batek gora botatzen du ura, fabrikek kea botatzen zuten amorru berarekin. Bilbo arnasa hartzen ari da, erdi lo. Badirudi pauso bat eman eta lehertu egingo dela, apurtu egingo dituela gaztainondo, laranjondo eta akaziak. Urrunean sirena hotsak entzuten dira. Aldamioak gora doaz zuhaitzen gainetik, ketan galtzera.
Mila bide ateratzen dira hemendik. Bai, gaur, udaberria hasteko, bide asko egingo ditut bakarrik, bide bakarretik asko dabiltzan bitartean. Eskuak kateatuta prozesioan doaz bikotekideak. Aurretik, ehun urtetan hainbeste aldiz zanpatutako lurra zanpatzera. Beren bidea soilik beraiek egin dutela pentsatuz. Buelta eta buelta eta buelta eta buelta.
Aurrera jarraitu dut nik, nire bide estu eta bihurgunetsutik. Obretako hesi batek «prohibido el paso» esanez agurtu nau. Esku batekin paretik kenduz itzuli diot diosala. Hosto bat hegan hasi da zuhaitz baten inguruan, betiko jausteko beldurra balu bezala. Zigarrokinik ere ez dago lurrean.
Teilatu gorriko etxetxoaren azpian, galtza gorriko ama bat beroki gorriko ume batekin dago, zisne zuriari begira. Zisne zuriegiari begira. Sirenak entzun dira berriro. Uso bat hegan hasi da. Amak hatzarekin seinalatu du. Umeak hatzari begiratu dio. Ondoan, ogi-mami zati bat dago esku zimur batean bilduta. Bisera gorri bat lurrera begira jarri da berriro.
Etxetxo aldera jo dut, komunen ondora. Aldapatxo batean, loreek eraztun bat osatzen dute. Zakur bat zaunkaka hasi da putzuaren beste aldean. Lorerik gabeko zelai triste bat dago han. Zeruan, trumoiak «gabon» esan dit gaur ere. Lorezko eraztunari begiratu diot berriro. Plakatxo bat dauka erdian, letra batzuekin. Irakurri egin nahi ditut. Sirena hotsak entzun ditut berriro, zelai hutsaren atzean. Buelta eta buelta eta buelta eta buelta.




