Bigarren aukera -

Bigarren eskuko objektuen salerosketa bultzatzen duten dendak badira. Azken urteotan gero eta bisitari gehiago dituzte. Bezeroek produktuak prezio onean eros ditzakete edota etxean hautsa jaten daukaten trasteren batengatik sosa batzuk eskuratu. Birziklapena bultzatuz, poltsikoari ere mesede egiten diogu.

Xole Aramendi

2009ko Apirilaren 24a

Musika eta kirolerako tresnak, hainbat etxetresna elektriko, brikolajerako erremintak, telebistak, argazki kamerak, erlojuak, dvd-ak, urrezko bitxiak... denetik dago dendan. Ikusmiran dabiltza bezeroak, hara-hona. Bizpahiru saltzaile ere ikus daitezke baten eta bestearen galderei erantzunez.

Cash and Converters. Objektuak diru bihurtzea. Horixe enpresaren izenaren esanahia eta helburua. Bi ate ditu Donostiako dendak. Bat objektuak erosi nahi dituzten bisitarientzat eta bestea eurenak saltzera datozenentzat. Erosteko aldean gaude gu. Gauza berriren bat aurki daiteke apaletan, baina gehienak bigarren eskukoak dira. Altzaririk, tamaina handiko etxetresna elektrikorik eta arroparik ez dute momentuz. Baliteke liburuen salerosketan laster hastea. «Toki asko eskatzen du, ikusiko dugu», diote arduradunek.

Batetik, etxeko zokoren batean ahaztuta ditugun bigarren eskuko gauza asko biziberritu egiten dira, birziklapena sustatuz. Bestetik, sosa batzuen beharrean daudenei diru pixka bat eskuratzeko aukera eskaintzen die. Eta erostera doazenei prezio onak lortzeko aukera. Atzera aurrera dabiltzan bisitariek hau guztia eskertzen dute eta unearen arabera aukera egiten. Saldu, erosi, ala biak batera.

Donostiakoaz gain, Bilbon eta Baionan ere badaude Cash Converters salerosketa tokiak. 1998an ireki zituen ateak Groseko dendak.

Vidal Tejada eta Nahikari Arnaiz Cash and Converters dendako saltzaileak dira. Minutu batzuk lapurtu dizkiegu gaurko zereginean. Tejada denda ireki eta urtebetera hasi zen lanean. Alor honetan duen esperientziatik abiatuta adierazi du azken urteotan ez duela aldaketarik ikusi erosle profilari dagokionez. Baina bai bisitari kopurua etengabe handituz doala. «Herri saxoietan hemen baino askoz tradizio handiagoa dagoenez, bidaiatzen dutenek ezagutu dute bigarren eskuko salerosketa zer den eta globalizazioaren eraginez zabalduz doa kontua», aitortu du Tejadak.

Hasierako erreparoa uxatuz doa pixkanaka. «`Etxetresna elektrikoa hemen utzi badute ez dabilelako izango da', pentsatzen dute. Gero ikusten duzu ez dela horrela. Nik neuk frogatu ahal izan dut», azaldu du.

Bezeroek, prezioaren gainetik, ondo funtzionatzen duten gailuak aurkitzea eskertzen dute. «Zenbatetan entzun dugu `orain etxetresnak ez dituzte lehen bezalakoak egiten'. Dendara sartu eta behin etxean eduki zutenaren berdina ikusten dutenean ez dakizu nolako poza hartzen duten -dio-. Bi aldiz pentsatu gabe erosten dute, etxe horrek nolabaiteko bermea ematen dionaren jakitun».

Produktu berrien kasuan urtebeteko epea du erosleak arazoren bat izanez gero itzultzeko. Bigarren eskukoen kasuan, sei hilabetekoa.

Dendak eskaintzen dituen produktuen artean arrakastatsuenengatik galdetu eta urrezko bitxiak nabarmendu ditu. «Asko saltzen ditugu. Aspaldiko diseinuak dira. `Nire amonak honelako belarritakoak oparitu zizkidan' esanez etortzen zaizkigu», adierazi du Tejadak.

Azkenaldian bideo-erreproduzitzaileak barra-barra saltzen dituzte, «ez dira beste inon aurkitzen eta», argitu dute.

Kalitatea eta prezioa

Orokorrean, prezio onean dauden kalitatezko produktuak bilatzen dituzte bezeroek. Bada egunero datorrenik. «Argazkilaritzan zaletua dena objektiboak edo filtro berriak iritsi diren ikustera hurbiltzen da. Ordenagailuekin aritzen dena berdin. Batzuk zerbait iristen bada abisatzeko eskatzen digute», dio.

Krisiaren kontua ezin aipatu gabe utzi. Igarri ote da bezero gehiago datorrela? «Nabaritu da, ezin da ukatu, baina ez hainbeste. Azken urteotan etengabe gehituz joan da bezero kopurua eta, batez ere bospasei urtetik hona», gaineratu du. Saltzailearen esanetan mentalitate kontua da. «Londresen bizi izan nintzen denboraldi batez. Han pentsarazi zidan zerbait esan zidaten: bigarren eskuko etxeetan bizitzera ohituak gaude eta zergatik erlojua edo kotxea erosterakoan erreparo hori?», azaldu du.

Groseko Secundino Esnaola kaleko dendara datozenetako asko atzerriko ikasleak dira; urtean zehar beharko dituzten gauzen bila joaten dira. «Erasmus ikasleak asko datoz. Euren herrialdean ohituta daude, batetik, eta bestetik, traste horiek ez dituzte gero behar. Etxera doazenean hemen berriz sal ditzaketela da onena», argitu du.

Horretantxe ari dira dendaren alboko tokian; etxetik ekarritako tramankuluak edo behin dendan erosi zutena berriz saldu nahian. Lehenengo gauza, dendariak ondo funtzionatzen duen ikustea da. Bigarrena, bien artean prezioa adostea. Dirua edo bale bat -iraungitze datarik gabekoa- jasoko du salerosketak aurrera egiten badu. Bezeroari nolabaiteko intimotasuna emateko moduan dago antolatuta mostradorea.

Erabiltzaileek Interneten agertzen duten kexa aipagarriena zera da, saltzera doazenean ordainetan jasotzen duten diru kopuru eskasa. «Ulergarria da. Beraiek ideia batekin datoz hona. Normalean eurek ordaindu zutena daukate buruan. Baina produktu jakin batzuen balorea asko jaisten da sei hilabetetan. Eta jakina, uztaila erdian eski batzuekin badator ez du diru askorik jasoko, nik ez dakit noiz salduko ditudan eta. Gauza bera gertatzen da guk stockean antzeko asko baditugu. Eta azkenik, merkatua ere eduki behar dugu kontuan, merkatalgune handi batek prezio baxuan salgai jarri baditu, adibidez. Guk dendan salduko dugun prezioa eta gure irabazia kontuan hartuta erabakitzen dugu prezioa».

Bada bigarren eskuko beste denda batzuekin alderatuta nabarmentzen den zerbait. «Guk momentuan ordaintzen dugu, saltzea lortuko ote dugun jakin gabe. Bada beste dendarik, baina momentuan ordaintzen duena, gurea bakarrik. Beste batzutan objektua utzi egiten duzu eta saltzen denean jasotzen duzu diru-ordaina. Hau ere baloratu egin behar da, enpresak arriskua hartzen du beregain».

Nahikari Arnaizen ustez nabaria da ohitura zabaltzen ari dela. «Lehen ohitura falta zen. `Nola erosiko dut bigarren eskuko zerbait?' pentsatzen zuten. Orain adin eta arraza guztietako jendea dator. Urrea, adibidez, erdi prezioan daukagu. `Zuri zeinek esaten dizu bigarren eskukoa dela?', dio eraztun bat seinalatuz. Aurreko jabearen izena badarama bai, baina bestela ez».

Bezeroak gauzak ekartzera animatzen dituzte. «Traste zaharrik ez eduki alferrik etxean, esaten diegu. Hona ekarri eta birziklatu egiten duzu. Zuk behar ez duzuna agian beste norbaitek erosiko du. Ez dizugu etxe bat erosteko adina diru emango baina bai zerbait. Eta era berean guri mesede egingo diguzue», esan du.

Gustuko ez ditugun oparientzat ere ez da irtenbide txarra, zer egin ez dakigunean. «Batzuk opariak paketetik atera ere egin gabe ekartzen dituzte», kontatu du Arnaizek.

 

Ezkontza bertan behera eta eraztunak salgai

Hainbeste urtetan makina bat pertsona eta egoera ezagutu du Vidal Tejadak. Bitxikeriaren bat kontatzeko eskatu eta honokoaz gogoratu da: «Behin ezkon-eraztunak saltzera etorri zen bikote bat. Haserretu eta azken unean ez ezkontzea erabaki zuten. Ordurako eraztunak erosita zituzten eta dendara etorri ziren saltzera», azaldu du.
Cash Converters Australian sortu zen 1984an. «Erabiltzen ez duzun hori erosten dugu. Eta behar duzuna saltzen», da enpresaren leloa.
500 salerosketa puntutik gora ditu mundu osoan eta bigarren eskuko objektuen merkatuan erabateko aldaketa ekarri zuen.
Vidal Tejadak eta Nahikari Arnaizek ere ez zuten informazio gehiegirik dendan lanean hasi ziren arte. Behin saltzaile paperean sartu zirenean izan zuten enpresaren filosofiaren berri eta erabat zaletu dira.
Urte asko dira Nahikari Arnaiz Donostiako Alde Zaharrean bigarren eskuko arropa erosten hasi zenetik. «Lehen enpresa hau ez nuen ezagutzen. Orain gustatzen zait hemen lan egitea», aitortu du Nahikari Arnaizek.
Tejadak hainbat gauza erosi ditu bertan. «Telefono mugikorra, dvd–a, argazki kamera... guztiak hemen erosi ditut. Askoz merkeago eta sei hilabeteko bermearekin», esan du.