«Bertso eskoba» -

Jendaurrekoak izua sortzen diona; ideiak bertsotan baino josten ez dituena; klaseko pailazoa; bertsoa magia ariketa bat bezala ulertzen duena; gitarrarekin abestea maite duena... Edozein bertso eskola izan daiteke Azkoitiko Baztartxo aretoan irudikatu dutena. Gipuzkoako bertso eskolen festara gerturatuko den edozein bertso eskola.

Amagoia Mujika

2009ko Apirilaren 24a

Gaur ere pipertuta etorri da Ebaristo. Ez du uste bertso eskola horretatik, eskoba hartuta aritzen diren bertso eskola horretatik, bertsolaririk sortuko denik. «Lehengoak bai, Mañukorta, Basarri, Lizaso...». Gaur ere presa dauka Ebaristok, mus partidara lehenbailehen joan nahi du-eta. Bera, bertso eskolako bedela da eta klasea bukatu arte zain egon beharra dauka.

Igandean, hilak 26an, Azkoitian estreinatuko dute «Bertso eskoba» antzezlana, Gipuzkoako bertso eskolen festaren baitan. Festan parte hartuko duen edozein eskolaren antzekoa izan daiteke Baztartxo aretoko oholtza gainera igoko dutena. Badu, hala ere, berezitasunik. Ikasleek egiten dute berezi.

Betini (Amaia Agirre) bertsoekin obsesionatuta dago eta bere ideia guztiak hamar-zortzi edo zazpi-sei silabatan botatzen ditu. Segunda (Maddalen Arzallus) bertsoekin ez, baina Realarekin dago obsesionatuta. Sin Txanek (Txan magoak) bertsoa magiaren bidez egin daitekeela uste du. «Bere jolasen bidez ilusioa sortzea da interesatzen zaiona, ez hainbeste bertsoa», agertu du Andoni Egañak. Berak egin du gidoia.

Potrotxi (Porrotx pailazoa) barruan duen pailazoa gailentzen zaio, eta ez hainbeste bertsolaria. «Espero ez den tokitik ateratzen den ikaslea da», esan du Egañak. Eta Fredi (Eñaut Elorrieta) aspertu egiten da bertso eskolan. Eskerrak musika duela lagun. «Gitarra klasetik iritsi da bertso eskolara. Fredi da bere ezizena, ez Paiaren zalea delako, Mercury zalea delako baizik».

Joxe Kruz (Andoni Egaña bera) oso lotsatia da, lotsatiegia, eta isila, isilegia. «Klasean beti izaten da arrankatzea kostatzen zaion bat, bada, horixe da Joxe Kruz». Bera ere, Egaña, horrelakoa omen da. «Horrelakoa zinen», zuzendu dio Amaia Agirrek. Irakaslea, Kristina (Aitziber Garmendia), letxe txarrekoa eta jenio bizikoa da. Bakoitzak bere abildadeak eta trakeskeriak eskoba baten parean agertuko edota ezkutatuko ditu. Hortik, antzezlanaren izena.

Bertso eskola batean topa daitekeen ikasle mota bakoitza dago irudikatuta; «hori baino gehiago, pertsona mota bakoitza dago irudikatuta», zehaztu du Egañak. «Bertso eskolak gaztetxoen aisialdirako alternatiba lehiakorra dira, piano klaseak bezain gauza serioa dira. Akaso, izatekotan, hori da antzezlanaren mezua», gaineratu du.

Entsegu batean izan da GAUR8. Oraindik ere asko dago fintzeko, edo ez. Izan ere, oholtza gainean dagoen zortzikoteak ederki daki ordubetez edonor entretenitzen; izan kantuan, bertsotan, antzezten, magia egiten edo pailazoarena egiten. Edo denak batera eginez.

Aktoreak, kantariak, pailazoak eta magoak bildu ditu bertso antzerkiak. Segur aski, bertsolariak baduelako horietatik guztietatik. «Beste kultur arloetako jendearekin lan egiteko gogoa bazegoen, eta hortik sortu zen ideia. Bertsolariak badu aktoretik, pailazotik, magotik, kantaritik... eta jende horrekin bertso eskola bat egitea pentsatu genuen», azaldu du Egañak.

«Bertso eskola, bizi eskola»

«Bertso eskola, bizi eskola». Horixe iazko festaren leloa. «Bertsolari eta bertsolari puntako irtengo ez bada ere, bertso eskolara joaten denak seguru ikasiko dituela dohain batzuk antzezlearenak, dohain batzuk kantariarenak, dohain batzuk magoarenak, pailazoarenak...».

Bertsolariaren lana bat-batekoa da, ohituta dago momentuan sortzen, baina ez bertsolaria bakarrik. «Konturatu naiz, Porrotxek, Ramonek, Aitziberrek, Txanek... inprobisatu egiten dutela guk bezalaxe. Hartara, bat-batekotasunaren giro hori nagusitu da entseguetan-eta; kutsatu egin diogu elkarri giro hori. Testua bitan edo hirutan irakurrita, lasai etorri gara entseguetara. Askatasun pixka bat ematen dio horrek antzezlanari eta bide hori hartzea erabaki dugu. Baina, badakigu, denon artean aurrera aterako dugula lana, eta ondo gainera», esan du Amaia Agirrek.

Aitziber Garmendia da bertso eskola berezi horretako irakaslea. «Irakaslea naiz ni, seguruena bertsoetan gutxien dakiena izan arren. Hasieratik oso erakargarria iruditu zitzaidan ideia, oso lan sendoa eta polita dela iruditzen zait, kultura arlo desberdineko jendea biltzen duena. Asko ikasi dut bertsolariekin, daukaten freskurak eta bat-batekotasunak harritu egin nau eta neroni ere giro horretan sartu naiz. Beste edozein lanetan testua goitik behera ikasita joaten naizen arren, nahiago izan dut antzezlan honetan desberdin aritzea, momentuan sortzen den kimika horren mesedetan», esan du Garmendiak.

Ramon Agirre ere gustura aritu da. «Ondo dago kultura arlo desberdinetan aritzen garenak elkarren berri izatea. Aktorearen eta bertsolariaren jardunak desberdinak dira, itxuraz oso gertukoak diren arren. Esentzian badaude desberdintasun sakon samarrak, nahiz eta parekotasunak ere badauden. Bertsolariaren jarduna lepotik gora gertatzen da, buruan. Eta aktorearena, gorputz osoan. Desberdintasun garrantzitsua da hori. Desberdintasun bat aipatzekotan, hori».

Azkenean, Ebaristok (Ramon Agirrek), erabat ahaztuko ditu mus partidak eta denak. Eta bertsotan egingo du eta gozatuko du, eskobaren parean, eskolako gainontzeko kideekin batera. Helburua, lortuta.

Zer ikas daiteke bertso eskola batean?

«Hamahiru urte daramatzat bertso eskoletan irakasle eta behin bakarrik etorri zait ikasle bat ‘Andoni Egaña izan nahi dut’ esanez. Eta, horrelakoetan, atzetik beti izaten dira gurasoen nahiak». Amaia Agirrek garbi dauka bertso eskola ez dela puntako bertsolariak sortzeko harrobia. «Talde giroa da benetan bertso eskolak eusten dituena, hori da benetan engantxatzen duena. Zenbat aldiz geratu ote gara ordubete osoa bertso bat kantatu gabe? Zenbat ordubete eman ote ditut ume bat lanera behartu gabe? Mila aldiz gertatu zait hori, eta ez naiz inoiz damutu», jarraitu du. Bertso eskola bateko helburuak taldeak berak adosten ditu askotan eta askotan. «Ni futbolean, palan, musika eskolan, instrumentu eskolan ibilia naiz eta horietan, normalean, helburuak eskolak berak, irakasleak edo entrenatzaileak finkatzen ditu. Bertso eskolan ez da halakorik gertatzen. Eta gerora frustrazioak saihesteko biderik egokiena horixe dela iruditzen zait».
Berak, Amaia Agirrek, garbi dauka zein den bertso eskolen helburua. «Bertsolariak sortzen ez badira, bertsoekin gozatzen dutenak sortzea. Bat-batean aritzen direnak, idatzian aritzen direnak, herriko bertso jaialdia antolatzen dutenak, edo bertso eskolako kide zirenak entzutera joaten direnak. Horiek sortzea da helburua eta hori, talde giro on batekin bakarrik lortzen da», bukatu du.