Xole Aramendi
2009ko Apirilaren 24a
Bilbora 2006an ailegatu nintzen. Negu gorria zen. Gaua igarotzeko tokirik ez zutela erantzuten zidaten aterpetxeetan. Lau hilabete eman nituen kale gorrian lo eginez. Oso luzeak izan ziren. Gauza asko bizi izan nituen. Oso gogorra izan zen, baina bizitzan bide zuzena egin nahi dugunoi derrigorrezkoa zaigu pazientzia izatea.
Astean behin joaten nintzen ea tokirik zegoen galdetzera. Hemengo lagunak nituen eta laguntza eman zidaten. Arropa garbitzen, adibidez. Baina ez nuen lotarako sofarik aurkitzen. Beno, lagun baten amak behin afaltzera gonbidatu ninduen bere etxera. Nire egoera azaldu eta hilabetez egon nintzen bertan bizitzen. Pisua saldu zuten arte. Orduan, kalera berriz.
Hogeita bat urte nituen. Ez da erraza zure herria utzi eta zerotik hasi beharra. Baina badu bere alde ona ere, bizitzan zer dagoen ikasten duzu. Ni baino zaharragoak ziren lagunak nituen inguruan, marokoarrak. Bizitza lasai hartzen zutenak. Nik ez dut jende txarrik ezagutu. Baditut ezagunak, arabiarrak, baina `kaixo' eta `agur' esaten diet. Nahiago dut bertakoekin ibiltzea, interesa pizten didaten pertsonekin. Integratzeko gogoa baduzu, pixkanaka aurkitzen duzu lagunduko dizunik. Zorteko sentitzen naiz.
Baimenik ez nuenez ezin nuen lanik egin. Paperik gabe oso zaila da, elkarteren baten edo ezagunen bitartez ez bada. Izangai elkartearekin harremanetan jarri nintzen. Elektrikari ikastaro bat egin nuen eta lotarako tokia aurkitzen lagundu zidaten. Orain praktikak egiten ari naiz. Ea paperak laster lortzen ditudan.
Gure herrian Europaz dugun irudia faltsua da. Lehen bazen lanik, baina azkenaldian oso zaila da lana lortzea. Langile autonomo batekin ari naiz eta bere semea banintz bezala tratatzen nau. Oso ondo nago. Asko gustatzen zait lanbide hau. Denetarik egiten dugu: etxeen erreformak, Gurutzetako eta Basurtuko erietxeetan mantentze lanak... Nahiko nuke bertan lanean jarraitzea.
Nire aita hegazkin militarrekin aritzen zen. Elektromekanikaria zen eta Armadako pertsona garrantzitsuak ezagutzen zituen. Ni neu akademian egon nintzen pilotu ikasketak egiten. Nire ametsa horixe zen, hegazkin militarrak gidatzea. Han geratu zen ametsa, agian onerako.
Familiako arazo batzuk tarteko, Marokotik alde egitea beste biderik ez nuen ikusten. Patera baten sartu eta, lehenengo aldian, Italiaraino iritsi nintzen; Frantzian atxilotu ostean Marokora bidali ninduten berriz ere. 18 urte nituen. Marokora itzuli nintzenean ez nuen ikasteko aukerarik eta etxean egon nintzen denboraldi batez. Berriz alde egitearen ideia besterik ez nuen buruan.
Han zaudela entzuten duzu alboko etxeko semea itsasoan geratu dela, baina zuri ez zaizula gauza bera gertatuko uste duzu. Patera batera igotzen zarenean ez duzu zer gertatuko zaizun pentsatzen. Bestela ez zinateke sartuko. Nik ez dut ezeren beldurrik, baina heriotza zure begien aurrean ikusten duzunean, hori beste kontu bat da. Zorionez, ez zen gure arteko inor hil. Bederatzi metroko ontzian 74 pertsona ginen. Ezin ginen mugitu ere egin. Lehorreratu eta berriz jaio zarela sentitzen duzu. Tarifara iritsi nintzen. Bakarrik nentorren, baina paterara igo aurretik etxe batean eduki gintuzten, elkarrekin. Duela lau urte 1.200 euro kobratu zizkiguten, sekulako dirutza. Oraindik ez dut itzuli. Gobernuaren laguntzari esker bizi naiz, lan baimena eskuratu bitartean.
Pentsatzen dugu Europara etorri eta berehala lana, autoa eta etxea eskuratuko ditugula. Ez dugu pentsatzen hizkuntza ezezagun batekin topo egingo dugunik eta lan baimenik gabe ate joka hasi beharko dugunik. Lehen errazagoa zen. Paperik gabe ere bizpahiru urtez lan egin eta Marokora auto eder baten jabe jaisten ziren etorkinak. Baina han inork ez daki hilero autoaren kreditua ordaintzen ari direnik. «Lehen astoa besterik ez zeukana orain begira nola datorren!», esaten dute hangoek. Eta egia kontatuz gero, adarra jotzen ari zarela usteko dute.
Euskal Herrira etortzerik ez nuen sekula pentsatu. Bilbora bakarrik eta euro bakar bat gabe iritsi nintzen. Euskara zer zen arrastorik ere ez nuen. Berbereen hizkuntzaren tankera hartzen nion!
Nire bikotekidea, Eider, Arabako Errioxakoa da. Astea lasai pasatzen dut. Egunero lan egiten dut. Arratsaldeko seiak aldera etxera iritsi, dutxatu eta telebistaren aurrean egoten naiz lotaratu arte. Asteburuetan autobusez Arabara noa, Eiderrengana. Pub batean ezagutu nuen. Neskekin harremanetan jartzeko ez dut arazorik. Tarteka, ausartzen ez den lagunen bati ere lagundu izan diot neskaren batengana hurbildu eta `kaixo' esaten.
Hemen geratu eta familia bat osatzea da nire nahia. Eiderren senideek oso ondo hartu naute, nahiz eta hasieran mesfidati begiratu ninduten. Fama txarra daukagu eta ez diet errurik botatzen. Gainera, askok ez dute hemen egoterik merezi. Nire herriaren aurpegi ona erakusten saiatzen naiz ni. Behin Logroñoko festetara joan nintzen. Hango begiradak inoiz ez ditut sentitu! Hemen ez zarete hain itxiak. Egia da nire itxura fisikoagatik askok txiletarra edo ijitoa naizela pentsa dezaketela, ez marokoarra.
Iritsi eta berehala ez zitzaidan batere gustatu Bilbo. Baina hura beste egoera bat zen. Orain dena polita ikusten dut; mendiak atsegin ditut, berdea... Denboran atzera egin ahal izango banu, Marokon ikasten eta lana aurkitzen saiatuko nintzateke. Baina orain euskalduna naiz. Jada arrotz sentitzen naiz Marokon. Gaztea naiz eta bizitza osoa daukat aurretik; makina bat gauza ditut egiteko.
LAU HILABETE EGIN ZITUEN BILBON KALE GORRIAN
«HERIOTZA BEGIEN AURREAN IKUSTEN DUZUNEAN, BESTE KONTU BAT DA»
EUSKAL HERRIAN FAMILIA OSATZEA DA BERE NAHIA




