Baratze kolektiboak -

Ipar Euskal Herriko AMAP taldea, Lizarraldeko Ama Baratza, Iruñeko Tomate Gorria, Bizkaiko Bizigai, Urola eta Oria bailarako Uztaro... Elkarte horiek guztiek eta han eta hemen loratzen ari diren baratze komunitarioek herritarren desio baten berri ematen dute, baserria eta hiria, ekoizlea eta kontsumitzailea gerturatzeko nahiaren berri.

Maider Iantzi

2009ko Apirilaren 24a

Leire, Ainara, Imanol, Eider eta bertze lagun batzuk Zarautzeko gaztetxean bildu dira eskarola, erremolatxa eta zerbak hartu eta saskiak osatzeko. Gainera, gaur Uztaroko Udaberri Festa dute eta bazkarirako porru piloa garbitu behar dute. Uztaro Kooperatibako kideen asmoa «multinazionalen esku dagoen mundu mailako elikagai merkatuaren aurrean alternatibak sortzea» da. Ahal duten neurrian, beraiek ekoizten dituzte kontsumitu nahi dituzten elikagaiak, ekoizleek eta kontsumitzaileek elkarlanean, eta, hala, bi helburu betetzen dituzte: kalitatezko produktuak jaten dituzte, tokian tokikoak eta garaian garaikoak, ekologikoak eta baldintza egokietan landuak, eta ekoizleei baratzean lan eginez bizitzeko aukera ematen diete.

Baratzeak Beizaman dituzte eta bertako baserri batean bizi den bikote bat arduratzen da lurra lantzeaz. Egunotan haurra izanen dute eta esperoan daude denak, astero barazki otar bat jaso eta tarteka baratzean aritzen diren lagun guztiak. Hainbat herritan osatu dituzte lan taldeak: Villabonan, Andoainen, Lasarte-Orian, Azkoitian, Zestoan eta Zarautzen. Guztira 42 saski betetzen dituzte.

Uztarok Madrilgo Bajo el Asfalto está la Huerta (BAH) kooperatiba du eredu eta adin guztietako bazkideak ditu: adibidez, Zarautzen, hiru familia daude eta beraien asmoa haurrak baratzean egotea da. Leirek, aldiz, lurrarekin harremana izan nahi du. Baratze bat izateko ilusioa zuen, baina ez zuen egunero bertan lanean aritzeko modurik eta kooperatibak noizean behin joateko aukera ematen dio. Horretaz gain, badaki zer jaten duen eta nondik datorren.

Batzarrak eta auzolana

Kooperatiba batzarretan eta auzolanean oinarrituta dago. Herri bakoitzean eztabaidatu ondotik, asanblada orokorra egiten dute hilabetean behin eta bertan hartzen dituzte erabakiak: zer eta zenbat landatuko duten, zein lehentasun izanen dituzten... Bestalde, igandero herri bateko kideak igotzen dira baserrira langileei laguntzera eta lan karga handia dagoen unetan ere auzolanean aritzen dira. Parte hartzea ez da derrigorrezkoa, baina hagitz gustura egiten dute, euren arteko harremanak sendotu eta ederki pasatzen dutelako elkarrekin. Tokatzen dena egiten dute. Orain, udaberri-udan, belar txarra kendu beharko dute.

Elikadura kudeatzea dute helburu eta otarrarekin batera, oinarrizko produktu gehiago jasotzeko lanean dihardute: oilaskoak, frutak, arrautzak, olioa... Kalekumeak dira eta herria eta baserria gerturatu nahi dituzte, baita kontsumitzailea eta ekoizlea ere, bitartekariak kenduz, konfiantza sortuz. «Guk ez dugu EKO etiketarik behar janaria ekologikoa dela jakiteko, badakigu Manuelek oilaskoak nola hazten dituen», ohartarazi dute. Azaldu dutenez, baserriak galzorian daude, bigarren etxebizitza izateko edo nekazal etxe izateko arriskuan, eta administrazioek trabak besterik ez dituzte jartzen. Eurek baserritik bizitzeko alternatiba izan nahi dute.

Komisioak sortzen ari dira eta horietako bat da fruitu zuhaitzena. «Hiru lursail zeuden Beizaman zaindu gabe eta akordio bat egin genuen jabearekin: guk zainduko ditugu lurrak eta uzta gure kooperatibarentzat izango da», agertu dute. Leire eta komisioko gainerako lagunak sagarrondoak, udareondoak eta kiwi zuhaitzak kimatzen aritu dira egunotan jo eta ke. Intxaurrondoak ere badituzte. Ainara, aldiz, dirua lortzeko taldean dago eta gaurko jaiarekin dabil buru-belarri. Hamaiketakoa, batukada, bertso poteoa eta baratzeko produktuekin egindako bazkaria izanen dituzte Zarauzko gaztetxean. Bestarekin jarraitzeko, triki-poteoa eginen dute eta gaueko musika Rude KNK eta The Zestones taldeek eta DJ Korta y Pegak jarriko dute.

Ostegunean, haurren txanda izanen da. 17.15ean Porrotxek eta Txapas, Nagore eta Kontxi herriko musikariek ikuskizuna eginen dute gaztetxean. Txartelak hiru euroan daude salgai.

Erantzukizun partekatua da behin eta berriz aipatzen duten kontzeptua, haien artekoa eta nekazariekin dutena. Behin, txingorrak uzta hondatu zien, eta, hala ere, kuota ordaindu zuten. Baserritarrek baldintza duinetan lan egin dezaten bermatzen dute eta dagoena banatzen dute, asko dagoenean asko eta gutxi dagoenean gutxi, soberakinik ez egoteko. Gehiegi dutenean, trukea egiten dute. Bertze taldeekin harremana daukate eta elkar laguntzen dute. Uztaroko kideen nahia ez da gehiago haztea, bertze lekuetan ere halako ekimenak sortzea baino.

240 baratzezain Abetxukon

Gasteizko Udalak aisialdirako baratzeak, Urarteko eta Olarizuko baratze ekologikoak, sortu zituen 1998an. Garai hartan Zadorra ibaia lehengoratzeko lanak hasi zituzten eta legez kanpoko baratze ugari kentzeko asmoa zuten. Nekazaritzan jardun nahi zuen jende horri guztiari irtenbide bat emateko, gune kontrolatuago bat eratzea eta baratzezaintza ekologikoa sustatzea erabaki zuten. Hala, Abetxukoko proiektua bidea egiten hasi zen eta jende ugari batu zen.

Iñaki Febrero Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko langilea da. Azaldu digunez, martxo aldean izena emateko epea zabaltzen dute eta ekintzetan parte hartu nahi dutenek eskaera egiten dute. Normalean, eskaintza baino eskari gehiago izaten dituzte eta zozketa egiten dute, baratzezaintza ekologikoko ikastaroa zeini eman erabakitzeko. 60 orduko ikastaroa da eta maiatzetik uztailera ematen dute. Nekazaritzari eta lurraren zaintza ekologikoari buruzko oinarrizko jakintzak irakatsi ondotik, lursail txiki bat ematen diete urte baterako edo gehiagorako barazkiak modu ekologikoan landatu ditzaten. Tutoretza zerbitzu bat ere ematen diete. Urtero jende berriari uzten dizkiete baratzeak egiteko txokoak eta hala jarraituko dute lekua duten bitartean.

Orain dela hiru urte arte profil argia zuten erabiltzaileek: jubilatutako eta aurrejubilatutako pertsonak ziren, 55 urtetik gorakoak, baina gero, jende gazte askok eskariak egiten zituztela eta lekua handitzeko aukera zutela ikusita, zabaldu egin zen baratzezainen profila. Orain, 60 pertsonarentzat ematen dituzte ikastaroak, horien erdia 55 urtetik gorako jendea da eta beste erdia gazteagoa. Emakumeak, gizonak, gazteak, zaharrak... denetarik dago. Gazteenak 20 urte izanen ditu eta zaharrenak 87. Denetara, 320 lursail eta 240 erabiltzaile dituzte.

Febrerok lekuaren kudeaketa antolatzen du. Ingurugiro hezkuntzan espezializatutako enpresa bat kontratatu dute ikastaroak eman, tutoretzak antolatu eta materialak banatzeko, eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko langileek lekua kudeatzen dute: zozketak egin, ikastaroak antolatu, lursailen banaketa antolatu, urtero lurrak pertsona batzuei utzi, zalantzak argitu, arazoak konpondu...

Iaz lekutxo bat utzi zioten Euskal Herriko Hazien Sareari, hemengo haziak lortzeko eta zabaltzeko lanean dabilen elkarteari. Ilarrak eta meloiak jaso dituzte eta orain bi motatako zerbak dituzte landatuta. Negutegia ere jarri dute, baina oraindik ez dute deus erein bertan.

Urarten dute lursaila eta bertan izan gara Jaime Ortiz de Urbina sareko kidearekin. Bisitaren unean triste samar daude baratzeak, euria eta haize zakarra ari du eta jende gutxi dabil lanean. Baina eguraldi ona egiten duenean, adin guztietako lagunek nahasketa polita sortzen dute. Ortiz de Urbinaren iritziz, hainbat xede lortzeko balio dute baratze komunitarioek: «Jubilatu askok egoteko tokirik onena aurkitu du hemen, alaitasuna, beste baratzezainekin harremana dutelako, hurrengo egunerako zeregina dutelako. Mediku batek baino gehiago sendatzen ditu honek, oso osasungarria da. Elkarteei ere ateak ireki dizkiete. Guk beste leku batean ere egin ahal genuen baratzea, baina gure egitasmoa publikoa da, gure helburua baserrietan galtzen ari diren barietateak jaso eta zabaltzea da, ondasun publikoari eustea, eta pentsatu genuen saioak egin behar bagenituen, lur publikoetan egin behar genituela», agertu du Jaime Ortiz de Urbinak.

Ongi hornitutako baratzeak

Armairuak, aldagelak, komunak, dutxak, egoteko txokoak, botak edo porruak garbitzeko iturriak... Primeran hornituta dago Urarte. Baratzezainek ez dute tresnarik eraman beharrik ere, bertan dituzte aitzurrak, ureztailuak, orgatilak eta bertzelako objektuak. Ongarri ekologikoa ere banatzen dute arduradunek prezio onean.

Txoko batean, makina bat ikusi dugu lanean. Hondakinak, belar txarrak, porruen zati berdeak... horra botatzen dituzte eta buelta batzuk eman ondoren konpost gisa erabiltzen dute hilabete batzuetara. Izurriteren bat edo onddoak izanez gero, arduradunei galdetu eta beraiek ematen dute aholkua, azeri buztanarekin edo xaboia uretan egosita, intsektizida ekologikoak lortzen dituzte.

Babak, baratxuriak, porruak, espinakak, ilarrak, eskarolak... Neguko barazkiak dira nagusi oraindik Zadorra ibaiaren magal honetan. Lore ugari ere bada, belar usaintsuak, eta nekazaritza ekologikoan erabiltzeko sistema ezberdinak ikus daitezke, Gaspar Caballerorena, adibidez.

Udaberriarekin batera, Euskal Herri guztian loratzen ari diren baratze komunitarioek gaur egun nagusi den elikagai merkatuak alternatiba ederrak dituela erakusten dute.

 

Adreiluzko oihanean naturarekin lotuago egoteko adibideak Madrilen, Bartzelonan eta New Yorken

Madrilen, gero eta gehiago dira bizilagunek berek kudeatutako baratze komunitarioak. Bi helbururekin sortzen dituzte herritarrek gune horiek: harremanak estutzeko eta alferrik galtzen ari diren tokiak berreskuratzeko. El Pilar auzoan, La Piluka elkarteak sustatu du ekimena. Bizilagun batzuk ordura arte zaborrez gainezka egon ohi zen lur eremu bat garbitzen hasi ziren, jendeak parte hartzeko leku publiko bat sortzeko ilusioz. Lehen zikina zegoen lekuan, tomateak, mentak, azak eta loreak hazten dira orain. Adreiluzko oihanean naturarekin lotuago egoteko modua aurkitu dute eta hazietatik barazkiak baino zerbait gehiago jaiotzea lortu dute. Baratzearen inguruan bertzelako proiektuak sortu dituzte: olio hondarrekin xaboia egin dute eta berenduak ere bai poemak irakurriz.
La Charca de la Rana, Estaesunaplaza eta GRAMA taldeak ere lurrarekiko lotura berreskuratzen saiatzen dira hiriburuaren erdian. Baratze anitz bizilagunek sortu dituzte, eta badira instituzioen babesa dutenak ere. Rivas Vaciamadrideko Udalak bultzatutakoak dira horren adibide. Interneten kuxkuxeatuz, hirietako baratzeekin lotutako makina bat kontu topatu dugu, Bartzelonan gizonentzako arropa denda bat duen eta loreontzi eta jardineretan barazkiak landatzen dituen emakume baten bloga, adibidez. Picarona.blogspot.com helbidean, bere esperientzia azaldu eta informazioa eta aholkuak ematen dizkie baratzezain urbano izatera animatzen direnei. «2005ean piztu zen nire interesa, igande batean merkatu txikian paseatzen ari nintzelarik letxuga mintegi bat ikusi nuenean. Nire buruari erran nion seguruenik loreontzi batean ongi haz zitezkeela eta gau horretan bertan ekin nion Interneten informazioa bilatzeari. Infojardineko foroa topatu nuen eta beren esperientzia partekatzen zuten baratzezain ugarirekin egon nintzen, horietako batzuek, nik bezala, jardineretan landatzen zituzten barazkiak eta beste batzuek, lur-lurreko nekazariek, aholku eta gomendioekin laguntzen ziguten. Gainera, lagun handiak egin ditut eta elkarrekin bidaiatzen dugu Iberiar Penintsula osoan zehar», kontatzen du.
Cristina Mingot Bartzelonako arkitektoak ere hiriko baratzeen berri ematen du cristinamingot.com bere web orrialdean. Kontatzen duenez, erakusketa bat ikusi zuen CCCBn, Bartzelonako kultura garaikidearen zentroan, Post-it city izenekoa. Haren zati bat New Yorkeko lorategi batzuei buruzkoa zen. Hiritarrek beren modura egokitzen dituzte leku horiek eta komunitatean lan egiten dute, beren borondatez. «Orain, New Yorken nagoela, lorategi horiek ikusteko aukera izan dut, community gardens izenekoak. East Villagen, bizi naizen inguruan, asko eta mota guztietakoak daude. Eraiki gabeko inguruak dira, hiriaren barrenean daude eta bizilagunek aisialdirako gune komunitarioak sortzeko hartu nahi izan dituzte. Batzuk eraikin batenak dira eta bertako bizilagunek soilik erabil ditzakete, besteak publikoagoak dira eta nahi duena sar daiteke, ekintzak ere antolatzen dituzte», idatzi du Mingotek.
Arkitekto honek dioen bezala, gisa honetako toki berdeak hiriarentzat birika txiki bat dira.