-

Iņaki Altuna

2009ko Apirilaren 24a

Pozarren azaldu zen Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroa joan den astebukaeran egindako sarekadaren ondotik, eta geroztik ETAren kontrako jardueran hainbestetan aipatu izan den «garaipen poliziala» lor lezaketela zabaldu nahi izan dute alderdi politikoek eta hedabideek. 50 urteko historia duen erakunde bati buruz horrela aritzea arduragabekeria ere bada, are gehiago «alor operatiboa» ez denean aztergai nagusia. Halere, ezin ukatu alor horretan arazo handiak izaten ari dela ETA, nahiz eta zaila den horri buruzko zehaztasunak jakitea, are gutxiago informazioa polizia iturrietatik datorrenean. Halako kontuetan ezjakinak izan arren, urte askotako esperientzia pilatu dugu horiek ez direla batere fidatzekoak jakiteko. Horrenbeste «número uno»ren atxiloketa, horrenbeste «cúpula»ren erorketa eta hainbeste «últimos coletazos»en iragarpen zabaldu dute, ezin zaie sinesgarritasun arrastorik ere aitortu. Dena den, ETAk hain ibilbide luzea egin izana ezin liteke halako kontuekin argitu; ezingo litzateke azaldu nolatan lotu diren hainbeste euskaldun erakunde horretara, urrats horrek sekulako ondorioak -erbestea, kartzela edota heriotza- dakartzala jakinda ere. Arazo politiko bat dago sustraian. Bestelako azalpenak hankamotz gelditu dira beti.

Euskal Herrian sakoneko gatazka politiko bat pairatzen dela eta, horrenbestez, gatazka horrek konponbide politikoa behar duela dira faktore nagusiak. Eragile guztiek horrela onartzea eta horren arabera aritzea sekulako aurrerapausoa litzakete, erabakigarria. Zoritxarrez, errealitatea desitxuratzeko ahaleginak eta bi egiten ari denik ere bada, eta bide polizialaren bitartez ETA garaitu daitekeela dioen mezua konponbide politikoa galarazteko argudio nagusi bilakatzen ari dira. Alegia, errepresio estrategiaren garaipena konponbide politikoaren -demokratikoaren- porrota litzateke. Errepresio estrategiak, beraz, sakoneko esanahi politikoa du, gatazka benetan gainditzeko aukeraren kontrako norabidean.

Polizia indarren ekinbidea ezker abertzalea estrategia eraginkor bat gauzatzeko egiten ari den ahalegina baldintzatzeko ere erabiltzen ari dira, eta joko horretan, nahita edo nahi gabe, jende asko sartzen ari da. Tesia hauxe da: ezker abertzaleak estrategiaren eztabaida zabaldu badu, ezintasunak behartuta izan da. Beraz, egin ahal duen edozein ekimen, edozein proposamen, edozein urrats... gutxietsiko dute inposizio egoera bere horretan mantendu nahi dutenek, ahuldadeen ondorio dela esanda. Erronka nagusia ezker abertzalea politikoki indargabetzea dute, horixe baita konponbide demokratikoan oinarritutako aldaketa politikoa galarazteko bidea.

Estrategia eraginkor bat egituratzeak, ordea, ez lioke ezintasunari erantzun behar. Halaxe diote, behintzat, ezker abertzalearen ordezkari nagusiek. Kartzelatik irten eta gutxira GARAn eginiko elkarrizketan, Arnaldo Otegik eraiki beharreko estrategia horren helburua zehaztu zuen: egoera demokratikoa erdiestea. Fase politikoari erantzun behar diola nabarmendu zuen Otegik, ez borroka armatuaren gaineko eztabaida tekniko-operatiboei. Beraz, aldaketa politikoa ahalbidetzeko 98tik aurrera sortutako baldintzak azken bururaino eramateko modua asmatu beharko du ezker abertzaleak; azken negoziazioan gatazkaren gakoak erdigunean jarri arren, ezin izan baitzuten prozesuak langa gainditzea lortu. Eta, jakina, aipatutako baldintzei -eredu juridiko-politikoaren agorpena, erabakitzeko eskubidearen nagusitasuna euskal gizartean eta konponbide elkarrizketatuaren aldeko gehiengoaren iritzia, besteak beste- probetxua ateratzen ez bazaie, galbidean ere jar litezke. Polizia bidezko garaipenak hori ere bilatzen du.