-

Iņigo Ansorena

2009ko Apirilaren 24a

Aurreko idatzian, zorionaren bila ibiltzearen tranpak eta kontraesanak seinalatu nahi izan nituen, baina, pentsa dezakezuenez, oso motz geratu nintzen; horrenbestez, gaurko artikuluak ere aipatutako betiereko gai hori aztertuko du. Batzuetan, gai zailenetan murgiltzen naizela pentsatzen dut, baina, eskura dudana adibide bezala hartuz, zailtasunik ez balego lerro hauek idazteak inongo graziarik izango ez lukeela izango aitortu behar dut. Nire lana errazegia balitz, aspertu ere egingo nintzateke eta, aldiz, zailegia balitz, desesperaturik pikutara bidaliko nuke.

Martxoko idatzian mentatu genuen Csikzentmihalyi psikologoak ikertutako jario egoeren ardatz nagusietako bat oreka horretan oinarritzen da hain zuzen ere: bakoitzaren gaitasunaren eta egin nahi dugunaren artean egon behar duen tentsio emankorrean. Hitz gutxitan esanda, jario egoeretan, pertsona, kreatiboki, bere hoberena ematen ari da, egiten ari den horretan guztiz murgildurik dago, denbora azkar pasatzen da, ni banandu bat izatearen sentsazioa gainditzen da; dakigunez, gainera, bizitza zoriontsuetan ezinbesteko osagaia dira.

Gure hizkuntza hain antzinakoa izaki, gure zortea zerutik doazen txorien araberakoa dela sinesten genuen garaiak urruti beharko luke -zori-on=txori-on-, eta horrexegatik seinalatu genuen aurrekoan norberaren zoriona bakoitzaren erantzukizuna dela. Dena den, erantzukizun hori saihestearren, oraindik ere errazagoa egiten zaigu geure zoriontasuna kanpoan dauden gauzen araberakoa dela sinestea. Horrela, diruak eta ondasunak gaurko gaiarekin loturaren bat dutela sinesten dugu. Azken ikerketen arabera, berriz, bizitzan hiru gauza daudela esaten zigun abesti famatu horren sinesgarritasunak beherantz egin du: loteria tokatuz gero, nahiz eta diru asko izan, hiru hilabete pasa ostean, berriro, ziurrenik, egun hori baino lehen zenuen zorion maila bera izango duzu. Bestalde, osasunari dagokionez, bi gauza esan genitzake. Hasteko, eta hori ona da, gehientsuenek osasun maila altua dugula onar dezakegu; aldiz, osasun ona izatea aldez aurretik ziurtatutako zerbait bezala hartzen dugunez, ez da zorion iturri izaten. Gainera, nahiz eta gertutik bizi ez dutenentzat nahiko sinesgaitza den, gaixorik dauden pertsonak, paraplegikoak kasu, egunero zailtasun horiei aurre egiteko gai direnaren bizipena izateagatik-edo, besteok izan ohi dugun zorion maila berdinera iristen dira.

Horiek horrela, aipatutako abestiak zerbaitetan asmatzen badu (doinua niri behintzat ez zait beste munduko ezer iruditzen), hirugarren osagaian asmatzen du; hau da, maitasunean. Izan ere, maitasun gabe ez dago zorionik. Beste artikulu oso bat merezi duela jakinda, oraingoz, pista moduan eta sufiekin batera, zera galde genezake: demagun zazpi amodio-unitate dituzula; lau erabiliz gero, zenbat gelditzen zaizkizu? Erantzun zuzena hamaika dela jakiteak zer pentsatu ematen du, ez da ala?

Psikologo bezala, denbora daramakit zorionaren definizio on baten bila eta aurkitu dudan onena zuekin konpartitu nahiko nuke gaurkoan. Bioenergetikaren sortzailea izan zen Alexander Lowenek zera esan omen zion behin bere maisu eta terapeuta izan zen Wilheim Reich handiari: «Wilhem, zorionaren definizio bat aurkitu dudala uste dut». Hemen nire literatura propioa sartzen bada ere, niri Reichek sinesgogor begiratuko ziola pentsatzea gustatzen zait: «Bai? Seguru? Ez dakit ba!». Lowenek baina argi zuen bere definizioa: «Wilhem, zoriona, nire hazkuntza propioaren jakitun izatea dela uste dut».

Lowenen definizioa jakinduria handikoa da, izan ere, helmuga baino, bidea nabarmentzen du. Oso demokratikoa ere bada: nahiz eta bide berdinean egon, zu aurretik eta ni atzetik, nire sentsazio subjektiboa hazten ari naizena bada, zorion maila berdinean egon gaitezke. Erantzun bat baino, galdera bat sorrarazten duten esaldi bikain horietakoa ere bada: «Hazi? Zertan eta nola?». Gainera, egia esan, ez dago erantzun zuzenik, izan ere, bakoitzak aurkitu behar du non haz daitekeen. Hala eta guztiz ere, zerbait badakigu: hazkundea baldin badago, haziren bat dagoelako da. Zera esan nahi dut: norantz haz gaitezkeen jakiteko, geure jatorrizko bertuteak zeintzuk diren jakitea komeni zaigu.

Gure akatsak onartzera askoz ohituagoak gaudenez, gure bertuteak ezagutzeko Pennsylvaniako Unibertsitateko «www.authentichappiness.sas.upenn.edu» webgunea bisitatzea gomendagarria da. Behin erregistratu eta gero -fidagarria da, lasai-, Martin Seligman psikologo ospetsuaren taldeak erdiko zutabeko doako galdeketak egiteko aukera ematen dizu -beharrezkoa izanez gero, espainolez egin nahi dituzula seinalatu, txineraz ere egin ditzakezun arren!-. Galdeketetako batek, «VIA de Fortalezas Personales» izenekoak, 20 minututan zeure indar seinalatuenak ezagutzeko aukera emango dizu; jarraian, bai horietan bai zuk dakizkizun beste horietan haz zaitezke zu zeu.