Jose Angel Oria
2009ko Apirilaren 24a
Lanera etorri gabe aste batzuk egin ondoren, nazioarteko informazioarekin ibiltzen garenok erabat jokoz kanpo geratzeko arriskua izaten dugu. Horrelako arriskua ez da gai guztien inguruan izaten, Palestinakoa bezalako gatazkak ez baitira egun batetik bestera aldatzen. Oraingo honetan, ordea, Europako politikaririk ausartenak, Gerry Adams irlandarrak, Palestinako gatazka konpontzeko bidea non dagoen gogorarazi digu. Berak egin duen urratsa jaso zuen GARA egunkariak, France Presse agentziaren informazio bati helduta. Efe berri agentzia espainolak ere eman zuen berria, baina lehenengo lerrotik ikusten zitzaion Adams ez dela bere gustuko: «Gerry Adams Sinn Feineko presidentea, aspaldi honetan geldirik dagoen IRA Irlandako Armada Errepublikanoko adar politikoaren buruak, Gaza bisitatu du». Efekoek erantsi zuten Adams lehen ere Palestinan ibilia dela, 2006an Israelen eta Zisjordanian egon baitzen, baina orain hiru urteko bidaian ez zuen Gaza bisitatu. Adamsek orain jakinarazi duenez, Israelgo agintariek ez diote aurten harrerarik egin nahi izan, irlandarrak ez baitu onartu Hamaseko ordezkariekin bilerarik ez egiteko baldintza. Ausarta Sinn Feinekoa, joan den astean Genevan NBE Nazio Batuen Erakundeak arrazakeriaren inguruan antolatu zuen nazioarteko konferentzian izan ziren Europar Batasuneko ordezkariak baino askoz ere ausartagoa, Israelgo agintariei hortzak erakusteko gai ez direla erakutsi baitzuten beste behin, Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak sionistak urduri jartzen dituen gauzak esaten hasi zenean aretotik ihes egitean.
«The Jerusalem Post» egunkariak Gerry Adams elkarrizketatu zuen, irlandarrak Ismail Haniyeh palestinarrek hautestontzietan aukeratutako lehen ministro eta Hamaseko buruarekin hitz egin ondoren. Hamasekoek berari esandakoa errepikatu zuen Sinn Feinekoak: «Bake akordioa nahi dutela, bi estatuen konponbidea onartzeko prest daudela, esan zidaten. Garrantzitsuena ez da nik hori sinesten dudan ala ez, palestinar herriak aukeratutako ordezkariak direla baizik. Hamasekoei hauteskundeetara aurkezteko esan ondoren, irabaziz gero, ezin duzu esan `zorte txarra, ez zaigu gustatzen botoa nori eman zaion'». Israeli eta juduei buruzko informazioa gaztelaniaz eskaintzen duen aurora-israel.co.il webgunean ere, tarte handia eman zioten Adamsek Aste Santuan Gazara egindako bisitari. «Gerry Adams: `Hamasek bakea nahi du'» izenburupean, irlandarrak erabili dituen argudioak ekartzen zituen gogora hedabide sionistak: naziek ere bozketak irabazi zituztela-eta Hamas Hitlerrekin alderatzerik ez dagoela, Adamsek berak Holokaustoaren Museoa bisitatu zuela Washingtonen, bera juduen aurka egindako basakerien aurka dagoela eta, batez ere, Hamasi zilegitasuna boto-emaileek ematen diotela. Irlandan elkarrizketarik ez zegoenean gatazka zela nagusi gogorarazi zuen, eta elkarrizketak guztien mugimenduak eragin zituela.




