El Salvadorren ere ezkerrak irabazi du, Latinoamerikako herrialde askotan azken bolada honetan gertatu bezala. Hauteskundeetan bertan izan zen Mikel Arrastoa, FMLNko kideekin politikaz hitz egiten ordu asko emandako zizurkildarra.
Jose Angel Oria
2009ko Apirilaren 24a
Mikel Arrastoa Zizurkilgo alkate ohia El Salvadorretik itzuli berria da. Euskal Fondoaren laguntzarekin herrialdean abian jarri diren proiektuak ikuskatzera joan zen, garai ezin erakargarriagoan: ezkerrak lehen aldiz agintea lortu zuenean. FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronteko kideekin ordu asko egin zituen, El Salvadorreko prozesu politikoa hobeto ulertu nahian. Bertan ikusi eta ikasitakoa azaltzeko eskatu dio GAUR8k, irakurleak Fronteak egin duen lanari eta aurrean dituen erronkei buruzko informazioa izan dezan.
Zizurkilgo Udala Segundo Montes komunitatearekin senidetu zen bere garaian. Aiztondo bailarako beste udalei gauza bera egitea proposatu zien eta Adunak eta Asteasuk dagoeneko egin dute urratsa. Aurki Villabonakoak ere gauza bera egingo du, eta aurrerago hartuko dute erabakia Alkizan eta Larraulen. Villabonako senidetzea dela-eta, maiatzean Euskal Herrira etortzekoa da Mauricio Geovanny Diaz Pereira gaztea, Menguerako alkatea, Maurizio Funes FMLNko hautagaia ekainaren 1ean El Salvadorreko presidente bihurtu baino lehentxeago. Hiru urteko bigarren legealdia hasi berria du Geovanny Diazek, urtarrileko hauteskundeetan oso erraz irabazi ondoren. Nabarmentzekoa da El Salvadorreko legediaren arabera, alkatetza lortzen duen alderdiak eskuratzen dituela udal ordezkari guztiak. Beraz, oposiziorik ez dute udal agintariek.
Hauteskunde egunean El Salvadorren zinen. Iruzurraren mehatxua oso kontuan hartu beharrekoa izaten da Latinoamerikan, eskuina edozer egiteko gauza baita ezkerraren aukera guztiak zapuzteko. Sumatu al zenuten FMLNko kideen artean iruzur beldurrik?
Bertatik bertara ikusi ditugu iruzur ahaleginak, hildakoek botoa eman zezaten saiakuntzak... Nikaragua, Guatemala eta inguruko herrialdeetako herritarrei lanpostua agintzen zieten, eskuinari botoa ematera joanez gero. Botoa eman ahal izateko paperak ere ematen zizkieten. Baina gaizki atera zaie, Fronteko kideek sekulako lana egin zuten-eta. Autobusez eramaten zituzten atzerritar horiek, eta ezkerrekoak errepidean horien zain egoten ziren, autobusa geldiarazteko eta itzularazteko. Telebistan eskaini zuten elkarrizketa batean, atzerritar horietako batek onartu zuen lanpostua eta dirua eskaintzen zietela Arena Aliantza Errepublikano Abertzaleari botoa emateagatik. Aurreko kanpainatan ere gauza bera egiten omen zuten, baina Frontea ez zegoen orain bezain ondo prestatuta arrisku horri aurre egiteko. El Salvadorren errolda garbia egin beharra daukate, honelako arazoak behin betiko saihestu nahi badira.
Maurizio Funes FMLNko hautagaia ezkerreko indar batentzat egokiena ez dela esan izan da, nahiz eta herritarrei bere mezua helarazteko sekulako trebetasuna duen. Zer iruditu zitzaizun?
Fase honetarako hautagairik onena zela esango nuke. Kazetari denez, badaki adierazi nahi duena nola esan. Gainera, giza eskubideen aldeko lan asko egin du, eta horri esker sinesgarritasun handia du. Fronteak asmatu egin du `formula' horrekin; hau da, zerrendaburu herritar askori mezua helarazteko gauza den hautagaia eta bigarren postuan FMLNko historiko bat, Salvador Sanchez Ceren komandante ohia, ipinita. Kontuan hartu orain arteko hauteskundeetan eskuinak gauza bera egin izan duela beti; ezkerreko hautagaiak gerrarekin lotu. AEBetako enbaxadoreak mehatxu egiten zuen ondoren, ezkerrak irabaziz gero gaizki pasa behar zutela adieraziz, eta boto-emaile ugari izutu egiten ziren.
Nolakoa da hauteskunde egun bat El Salvadorren?
Hemendik joanda, harrigarriena horrenbeste autobus ikustea izaten da. Han jendeak ez dauka auto propiorik, eta hauteslekua normalean oso urruti egoten da. Alderdi politikoek autobusak antolatzen dituzte herritarrak botoa ematera joan daitezen. Askok, egun guztia ematen dute botoa emateko. Gainera, alkohola debekatuta dago bozketa egunaren aurretik, gatazkak saihestu ahal izateko. Kontuan hartu behar da El Salvadorren egunero hamabi pertsona hiltzen dituztela tiroka.
Eta ospakizunak?
Guk uste baino askoz ere lasaiagoak izan dira ospakizunak. Arenak bere porrota hain bizkor onartu izanak harritu gintuen. Udal hauteskundeetan, urtarrilean, FMLNk irabazi zuen herrietan, eskuin muturrekoek harrikadaka hartu zituzten Frontekoak. Oraingo honetan askoz hobeto prestatuta zeuden FMLNkoak. Hala ere, oso era neurtuan ospatu dute ezkerrak lortzen duen lehenengo garaipena, agian oso kanpaina luzea izan delako, hamabost hilabetekoa edo, eta ezkertiarrak leher eginda zeudelako. Hedabide nagusiak aurka zituzten, beti eskuinaren aldeko kanpainarekin. Radio Mi Gente besterik ez zuten alde.
Arena alderdiak hauteskunde egutegia aldatu izana salatu zuen ezkerrak.
Horrela izan zen, bai. Udal eta presidentetzarako bozketak batera egitekoak ziren, baina hori ez zen eskuinaren gustuko, zentroko eta eskuineko indar ugari aurkeztekoak baitziren. Orduan, udal bozketak aurreratu egin zituen, presidentetzarako hauteskundeetan bi aukera besterik izan ez zitezen. Fronteak udal hauteskundeetan oso emaitza onak lortu zituenez, Arenak eskuineko beste aukera guztiak blokeatu egin zituen. Baina ez zitzaion ondo atera. PDC, PCN eta FDR alderdietako zuzendaritzek onartu zuten botoa Arenarentzako eskatzea, baina alderdi horietako kide askok ez. Gainera, Armadarekin lotura duen PCNko hautagaiak hauteskundeetara aurkezteko asmoari eutsi zion, eta alderdikideek kanporatu egin zuten. Azkenean, hautagai horrek FMLNren aldeko botoa eskatu zuen.
Zergatik gertatu zen hori?
Nik esango nuke salvadortarrek beldurra galdu egin dutela. Ideia hori nabarmentzen zuten bazter guztietan, kamisetetan, pintadatan, txarteletan... Eskuineko buruek aukera bat ezarri nahi zuten, baina herritar askok oraingoan beste bide bat aukeratu zuen.
Eskuinak irabazi izan balu...
Gaur egungo arazoak larriagotu egingo ziren. Rodrigo Avila hautagaia poliziaburu izandakoa da, ezkerrekoei egur asko emandakoa. Horrekin, errepresioa eta pribatizazioa besterik ez zuten ezagutuko salvadortarrek. Arenak pribatizatzeko moduko zerbitzu guztiak pribatizatu ditu hogei urteotan. Washingtonek esandakoa egiten zuen beti. Horren eraginez, pobrezia tasa ikaragarria da herrialdean, inoiz baino okerragoa. Gainera, El Salvador izan zen Irakera tropak bidali zituen Latinoamerikako herrialde bakarra.
Gainditutako beldurraren gaia Funesek berak aipatu zuen, garaipenaren berri izan ondoren. «Itxaropena duten herritarrek irabazi dute. Bake akordio berria sinatu dugu», adierazi zuen. Bakerik iritsiko al da?
Pobreen eta aberatsen arteko desberdintasun ikaragarria murriztea, pobreziari aurre egitea, da Frontearen lehentasuna. Hori egitean, murriztuko dira indarkeriak egunero uzten dituen hildako kopuru izugarriak. Fronteak orain herrialdeko ekonomia dinamizatu beharko du, osasunari eta hezkuntzari lehentasuna emanez, bakegintza ahaztu gabe. Baliabide ekonomiko berriak lortu beharko ditu. Indar bolivarianoen laguntza ez zaio faltako.
El Salvador oso «amerikanizatuta» dago eta Funesek ez ditu AEBak haserretu nahi. Ulertzekoa al da?
Arropatan eta ohituratan ere ikusten da amerikanizazio hori. El Salvadorrek ia 7 milioi biztanle ditu, eta ia beste 3 milioi emigrante, gehienak AEBetan. Euskal Herriko azalera du, baina populazio bikoitza. Langile horiek bidaltzen duten dirua da herrialdeak duen diru iturririk garrantzitsuena. Horrenbestez, ez da harritzekoa El Salvadorren guztiak AEBetara begira egotea, baita ezkerrekoak ere.
Zein izan da azken bisitako unerik ziragarriena?
Telebistaren aurrean guztiok areto handi batean emaitzen zain ginela, Fronteko gazteak ekartzen zituzten kamioiak iritsi ziren momentua oso berezia izan zen. Ehunen bat lagun ziren, hamalau eta hemezortzi urte bitartekoak. Eguna errepidean pasata zetozen, eskuinekoen iruzur ahaleginak oztopatzen ibiliak. A zer poza! A zer tenplea! `Euskal Herriko prozesuan ere gazteek sekulako garrantzia izan dezakete', esaten nion neure buruari. Gero kontzertua eskaini zuen oso izen esanguratsua zuen talde batek: Tiempos de Cambio. Pieza eta pieza artean, gure autoko irratia entzutera etortzen ziren, azken emaitzak ezagutzera.
«Itzultzen garen bakoitzean, ‘Itsasontzi baten’
izeneko abestiarekin egiten digute ongietorria»
Mikel Arrastoa bi legealditan izan da Zizurkilgo alkatea, 1987tik 1991ra eta 1991tik 1995era. Gainera, 2007ko udal hauteskundeetan ANV alderdi abertzaleko zerrendaburu izan zen, baina hautagai zerrenda hura legez kanpo utzi zuten espainol Estatuko erakundeek. Kargua utzi bazuen ere, El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin duen harremanari eutsi dio, eta horrela jarraitzeko asmoa ageri du.
Zer da Euskal Fondoa?
Herrien garapenari bultzadatxo bat emateko tresna da Fondoa. Gobernuz kanpoko erakundeak aurrekontuen %0,7 garapenaren aldeko ekimenentzat emateko eskatzen hasi zirenean sortu zen. Fondoak orain ia hogei urte proposatu zion Zizurkilgo Udalari bertan esku hartzea eta Ameriketan abian zituen proiektuak ikusteko bertara joatea. Udalak, 1992an El Salvadorren bake akordioak sinatu zirela eta gerraren amaierak behar ugari ekarriko zituela kontuan hartuta, herrialde hori aukeratu zuen zerbait egiten hasteko. Fondoak beste herrialde batzuetan ere baditu proiektuak.
Nolaz sortu zen Segundo Montes komunitatearen eta Zizurkilen arteko harremana?
Kasualitate hutsez. Komunitatea bisitatzera joanak ginen eta musika talde batek ongietorria egin zigun. Haiek guk katalanak ginela uste zuten, Kataluniako talde bat joatekoa baitzen. Baina haiek kale egin zuten eta gu azaldu. Berehala sortu zen harremana. ‘Zuek Euskal Herrian sekulako arrakasta izango zenukete’, esan genien orduan. 1994an etorri ziren Euskal Herrira. Gazteluko Kultur Etxean jarri zuten egoitza, eta bertatik edozein lekutara joaten ziren jotzera. Bizpahiru hilabete egin zituzten hemen. Oso bira arrakastatsua izan zen. Lizartzan Kaxiano zena ezagutu zuten. Geroztik, Segundo Montesera itzultzen garen bakoitzean, ‘Itsasontzi baten’ izeneko abestiarekin egiten digute ongietorria.
Nondik nora sortu zen komunitate hori?
Segundo Montes jesuita bat zen, Valladolidekoa, eskuin muturrekoek Ellacuriarekin batera hil zutenetako bat. El Salvadorreko gerratik ihes egin eta Hondurasera joandakoekin jarri zen harremanetan, ‘paretik gabeko kartzelan’ bizitzera behartuta zeudenekin. Inolako laguntzarik ez zuten iheslari haiek, eta Montesek El Salvadorrera itzul zitezen konbentzitu zituen. Mugatik gertu kokatu ziren, Morazan departamentuan. Honduraseko iheslari eremuan zuten guztia jaso zuten, hiltzez hiltze, txukun-txukun dena desmuntatu, eta El Salvadorrera kamioietan eraman zuten. Meanguera eta Jocoaitique udalerrietako lurretan jarri ziren. Gerra amaitu gabe zegoen oraindik. Gaur egun, komunitateak 12.000 biztanle inguru ditu, eta hazten ari da oraindik ere.
Nola atera ziren aurrera?
Herritarren beharrei lehentasuna emanda. Adibidez, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren laguntza jaso zuten. Diruaren erdia herritarren artean banatu zuten, behar premiazkoenei aurre egiteko, eta gainerakoa Bancomo Morazango banketxe komunala sortzeko erabili zuten. Bancomok komunitateari onura ekarriko dioten proiektuak baino ez ditu ordaintzen, eta sekulako lana egiten ari da.
El Salvadorreko egoerara egokitzeko garaian, izango zituzten arazoak, ezta?
Jakina! Esaterako, irakasleekin. Hondurasen zeudela, analfabetismoari aurre egiteko, umeei hezkuntza egokia eman ahal izateko, irakaslego propioa sortu zuten iheslarien artean. Ez zuten inolako titulurik, baina lan bikaina egiten zuten. El Salvadorreko agintariek, ordea, ez zituzten homologatu nahi. Azkenean, borroka luze baten ondorioz, lortu zuten homologazioa. Lurraren jabetzaren inguruan ere borroka egin dute, baina emaitzak oraindik ez dira iritsi.
DATUAK
Segundo Montes komunitateak nazioarteko lagun asko ditu, baita euskaldunak ere. Esaterako, Intxaurrondoko Ikastola bertako eskolarekin senidetuta dago, eta Aiztondo bailarako udalak ere senidetuta daude. Atzerriko laguntza etxebizitza proiektuak, haurrek baratzako lana ikas dezaten egitasmoa eta ura etxetara eramateko lanak aurrera ateratzeko erabiltzen dute. Elikagaiei buruzko hezkuntza umeei eskaintzeari garrantzi handia ematen diote.




