Josu Juaristi
2009ko Apirilaren 24a
Europako Batzordeak aurtengo urtea galdutzat eman dezake, lasai asko. Eta ez da gehiegi esatea. Sarkozy eta konpainiaren presidentziaren ondoren nahiko erreta iritsi zen europar komisarioen taldea 2009ra, eta krisi ekonomikoak, Lisboako Itunaren egoerak (irlandarren azken erabakiaren zain) eta europar hauteskundeen ospakizunak (eta, beraz, Europako Batzorde berri baten izendapenak) kili-kolo dauka Durao Barrosoren ekipoa.
Romano Prodi sartu zenetik Europako Batzordea trantsizioan dago, Batasunaren nora ezen menpe, botere banaketa berrien zurrunbilopean. 2003ko otsailean indarrean sartu zen Nizako Itunak zabalkuntzarako prestatu nahi izan zuen Batasuna, eta Batzordearen neurria txikitzea erabaki zuten orduko Hamabostek, efikaziaren izenean; Konstituzio ospetsuak bide horretan sakondu zuen, eta Lisboako Itunak beste horrenbeste egin zuen. Konstituzioa bidean gelditu zen eta irlandarrek udazkenaren erdian edo amaieran ospatuko duten bigarren erreferendumean Lisboako testua onartzen ez badute, Batasunak negoziatzen hasi beharko du, beste behin. Egoera honetan, Europako Batzordeak pisua galdu du, nabarmen. Estatuek (edo estatuek eta Parlamentuak, politiken arabera) hartutako erabakien gestore besterik ez da gaur, izan behar zuen iniziatiba legegilearen kalterako. Erdi paralizatuta dagoela esan genezake. Batasunaren aurrekontua eta politikak gestionatzeko duen egiturak (zuzendaritza orokorrak...) lanean jarraitzen du, jakina, baina iniziatiba politikoa galdu egin du.
Durao Barrosoren figurak ere gutxi lagundu dio Batzordearen dimentsioari, eta komisario kopuru handiak, bestalde, arazo ugari sortu ditu. Sarritan, gainera, komisarioen deklarazioek polemikak sortu dituzte, gehienetan, bakoitza bere estatuari begira dagoelako, interes europarraren defentsaren zerbitzura egon beharrean. Azken kontu hori ederki asko bistaratzen ari da, beste behin, hauteskunde europarrak hurbildu ahala, europar komisario askok «etxeratzeko» agindua jaso dutenean (alderdien zerrendak osatzeko behar dituztelako), beraien «etxea», kasu edo fase honetan, Europar Batasuna bera dela ahaztuta. Alegia, estatuen interesak, beti, interes europarraren gainetik jartzen dituztela Europar Batasunarekin ahoa betetzen duten berdinek. Gero, jakina, boto eske etortzen dira, inor baino europarzaleagoak direla esanez, benetan «etxeko» klabean bakarrik ari direnean pentsatzen. Kontuak kontu, beraiek nahi dutelako edo agindu egin dietelako, gutxienez hogei europar komisario etxera joango direla espero da (batzuk, europar hauteskundeetara aurkezten direnak, Batzordearen «agintaldia» amaitu baino lehenago).
Puntu honetan, gogoratu dezagun Batzordearen etorkizunean eragina izango duen egutegia nolakoa den: Europako Parlamenturako hauteskundeak ekainaren 4tik 7ra egingo dira; ekainaren 18an eta 19an Europako Kontseilua ospatuko da eta, bertan, Lisboako Itunarekin gertatuko dena jakin arte gaurko Batzordearen mandatua noiz arte luzatuko duten erabaki beharko dute gobernu eta estatu-buruek; uztailaren 1ean Suediak hartuko du Ministroen Kontseiluko lehendakaritza, eta bi plan jarri beharko ditu mahai gainean (Batzordea ez baita gauza bera izango Lisboako Itunaren aplikazioarekin edo Nizakoaren proiekzioarekin jarraitu behar badu); Irlandako bigarren erreferenduma udazkenaren amaieran izango da eta horren emaitza eta ondorioak azaroan aztertu beharko dituzte gobernuburu eta estatuburuek gailurrean.
Momentuz, informazio guztien arabera, ezagutzen den gauza bakarra zera da, Barrosok, seguru asko, batzordeburu izaten jarraituko duela; Europako Batzordeak eta Batasunak trantsizio fasean jarraituko duela, alegia.




