POLITIKA -

Sakabanaketa estrategia psikologikoa da, ondo neurtutakoa. Kartzela barruko bizitza ondo ezagutzen zuten aholkulariak ondoan hartuta, PSOEko Gobernuak diseinatu zuen 1980ko hamarkadaren amaieran. Lehen entseguak Herrera de la Manchako laborategian egin zituzten. Xabier Izagak eta Josu Ormaetxeak lehen ilaratik ikusi zuten hasiera hura.

Amagoia Mujika

2009ko Apirilaren 17a

Herrerako kartzelan, funtzionarioek aginduak txaloka ematen zizkieten euskal presoei. Bazkaltzeko orduan, bi txalo esertzeko agintzeko. Bukatzean, beste bi txalo altxatu eta ziegara bueltatu behar zutela jakinarazteko. Animaliak mantsotzeko nola, hala. «Gu beren erara hezi nahi gintuzten. Ezgauzak ginela eta beraiek edozein modutan esanda ere, kasu egin behar geniela eman nahi ziguten ulertzera», kontatu du Josu Ormaetxeak. Herrera de la Manchako kartzelara 1984ko udan iritsi zen eta ordurako txapeoa zen bertako legea. Desobedientzia osoaren emaitza zen txapeoa.

Xabier Izagak prozesua hasieratik ezagutu zuen. «1983aren bukaeran, gizonak Herrerara eraman gintuzten eta emakumeak, Carabanchelera. Segurtasun goreneko kartzelak ziren eta haietan erregimena oso gogorra zen. Ordurako, Herreran 200 presotik gora geunden eta Alcalan beste ehun bat zeuden epaiketaren zain. Kopuru garrantzitsua zen jada. Egoera haren aurrean, desobedientzia osoa planteatu genuen», azaldu du.

«Goizetik hasten ginen desobeditzen. `Altxatu' lehen agindua eta guk, ezetz. Eta, ondorioz, partea aurkezten zuten eta ziega itxi. Hilabeteak eman genituen patiora jaitsi gabe. Gero, txandaka hasi ginen patiora jaisten eta banaka pasatu behar izaten genuen guardia zibilen pasillo luze eta estu batetik. Sekulako errespetua sortzen zuten kaskoek eta borra elektrikoek eta, gainera, baten batek beti botatzen zuen ostikadaren bat. Eta horrela egunero-egunero. Baina, muturreko egoera horretan ere bagenuen askatasuna, agintzen zigutena ez egiteko askatasuna genuen. Desobedientziaren askatasuna genuen eta denon artean egiteko askatasuna. Oso gogorra izan zen, kasik urtebete eman genuen bisitarik gabe eta eskutitzik gabe. 1984. urtea ia osorik eman genuen horrela, baina txapeoa funtsezkoa izan zen», jarraitu du Izagak. Etengabeko borroka haren helburua bizi baldintzak hobetzea zen. «Arraroa zen ekintzarik ez zegoen eguna. Gose greba masiboak, protestak... oso muturreko egoera bizi genuen».

Txapeo gogorraren ondoren nolabaiteko «barealdia» etorri zen. «Lortu genuen baldintza batzuk hobetzea baina, gero, beti izaten ziren arazoak. Adibidez, ez biluzteko eskubidea lortu genuen, baina funtzionarioren bat haserretzen bazen, biluztera behartzen gintuen eta kito», jarraitu du Ormaetxeak. Ordurako, Herrerako de la Manchako kartzela laborategi bihurtua zuten. Eta sakabanaketaren lehen urratsak azkar etorri ziren.

Herrerako laborategia

«Herrera sekulako laborategia zen. Guk bagenekien, baina gure indarretan konfiantza genuen eta egoera horri, barrutik borroka eginez, buelta emango geniola uste genuen», gogoratu du Ormaetxeak. Laborategi horren esperimentu nagusia presoen arteko desberdintasunak ezartzea zen. Modulu bakoitzean bizimodu desberdina ezartzen zuten, batzuetan eskubide batzuk eman eta beste batzuetan, kendu. «Adibidez, modulu guztietan kartzelariek gurekin ikusten zuten telebista. Bada, gurean, oso jarrera harroa izaten zuten eta bat-batean, kartzelari bat altxatu eta ikusten ari ginen katea aldatzen zuen. Eta beste modulu batzuetan ez zuten hori egiten. Edo modulu batean eskutitzak zabaldu gabe ematen zituzten eta beste batean, zabalduta. Gure arteko desberdintasunak ezartzen zituzten gure arteko eztabaida sortzeko. Zein da etsaiaren logika? `Sasikume horrek zer egin ote du berari emateko eta niri ez'. Hori pentsatuko luke etsaiak. Horregatik, gure artean mesfidantza sortzea zen helburua», agertu du Ormaetxeak.

Euskal presoek, ordea, bestelako logikarekin erantzuten zuten. «Guri ere kostatu zitzaigun egoera horri buelta ematea. Esaterako, hasieran ez genuen bisean bisik. Eta halako batean, etortzen ziren eta esaten zidaten besteek ezetz, baina nik banuela bisa. Gure lehen jarrera zen uko egitea bis horri. Besteek ez badute, nik ere ez dut nahi. Denborarekin ikasi genuen ematen ziguten apurra hartzen. Lagunaren pozarekin denok elika gintezkeela ikusi genuen. Beraien logikarekin erantzun beharrean, geurearekin erantzutea erabaki genuen. Bagenekien bisa lortu zuen lagunak ez zuela ezer berezirik egin horretarako. Beraien helburua gure arteko jarrera kontrajarriak sortzea zela konturatu ginen».

Esperimentu haren bigarren partea laborategitik kanpo egiten zen, komunikabideetan. «Ordurako komunikabideetan diskurtsoa prestatuta zegoen. Esaten zen presoak erakundearen aginduen mende zeudela, bazirela gogorragoak eta bigunagoak eta batzuek ez zietela askatzen uzten besteei. Sagar ustelak bereizi egin behar zirela. PNVk ere hori esaten zuen, Arzallusek esan zuen beharrezkoa zela euskal presoak beren artean banatzea, urruntzea, eta hori zela garaitzeko modua», gaineratu du Izagak.

1987ko urtarrilean hasi zen dispertsioa, nahiz eta 1989. urtean hasi zen sakabanaketa orokorra -hortik aurtengo 20. urteurren beltza-. «Berez ez zuten denbora praktikoa izan gure artean borroka armatua uzteko prest zein zegoen ikusteko, agintzen zuena zein zen ikusteko... Horregatik, bereizketa eurek egin zuten eta ondoren etiketa jarri zioten bakoitzari. Gu Darokara eraman gintuzten eta deabru gorrien etiketa jarri ziguten eta beste batzuk Langraizera eraman zituzten, eta haiei aingerutxoen etiketa jarri zieten. Eta presoak ezin duenez bere buruaren defentsa egin, bada, kito», azaldu du Ormaetxeak.

«Gogorrak» eta «bigunak», «zintzoak» eta «gaiztoak». Egunotan hain ezagun zaizkigun bereizketak ez dira atzo goizekoak. 1980ko hamarkadako amaiera hartan, sakabanaketaren lehen saioak argudiatzeko edo, hitz horiexek erabiltzen zituen PSOEko gobernuak.

«`Gogorrak' eta `bigunak' bereiztu behar zirela-eta, taldetxo batzuk sakabanatzen hasi ziren. Bigunak gogorretatik askatu beharra zegoela esaten zuten. Gero, 1989ko udaberri-udan, Aljerreko negoziazioek porrot egin eta gero, denak sakabanatu gintuzten. Dispertsio orokorra hasi zen. Orduan, zein ziren gogorrak eta zein bigunak? Bakartzen gintuztenean zein zen asmoa, norbera bere burutik askatzea? Dagoeneko hasierako diskurtso hark ez zuen batere zentzurik eta garbi ikusi zen sakabanaketaren asmo eta helburu bakarra zigorra zela. Zigorra presoarentzat eta zigorra, senideentzat», gaineratu du Izagak.

Estrategia psikologikoa

Sakabanaketaren estrategia ondo pentsatutakoa eta prestatutakoa izan da, estrategia psikologikoa da. «Estrategia horren atzean kartzela ondo ezagutzen duen norbait dago. Garai hartan Mario Onaindia izan zuten aholkulari. Onaindia kartzelan egona zen eta ondo ezagutzen zuen barruko bizitza. Horregatik, garbi ikusten genuen Onaindiaren eskua, esperientziaduna, kartzelako bizitza ezagutzen zuena», iritzi dio Izagak.

«Gerora ikusi da guk buelta eman diogula, baina gogorra izan da prozesua. Aldendua izan arte, taldean oso babestua zinen. Gure kolektiboak prestatuta zeukan egitura bat etorri berriari gutxieneko batzuk eskaintzeko. Eta komisariatik pasatu eta gero harrera hori izatea sekulakoa da. Dispertsioarekin hori amaitu egin zen. Hasieran taldetxoa ginen baina, ni, adibidez, Darokatik Cartagenara eta handik Jerezera eraman ninduten eta, bertan, ia bost urte eman nituen bakarturik. Orduan konturatu nintzen zer den lagunak ondoan izatea», esan du Ormaetxeak.

Josu Ormaetxea 1984. urtean atxilotu eta Carabancheleko kartzelan espetxeratu zuten. Alcalan hilabete pare bat eman eta gero, Herrera de la Manchako kartzelara iritsi zen 1984ko udan. «Bi urte eta erdi eman nituen Herreran eta 1987ko urtarrilean, 22an edo 23an, ez dakit seguru, gutako hemeretzi hartu eta Darokara, Huescara eta Ocañara eraman gintuzten. Gero segituan Ocañatik Almeriara eraman zituzten batzuk». 1989an, Darokatik Cartagenara eraman zuten bera. «1991eko abuztuan, anaia (Iñaki), Jokin Leunda eta Patxi Irizar Morlansen akabatu eta biharamunean, Jerezera eraman ninduten eta kasik bost urte eman nituen bakarturik. 1995ean, Aznarren kontrako ekintza saioa izan eta biharamunean, Tenerifera eraman ninduten». Tenerifetik Granadara eta Granadatik kalera. Denera, 20 urte.

Urte asko joan diren arren, ondo gogoan du dispertsioaren gurpilean kateatzeko helburuarekin Herrerako kartzelatik atera zuten egun hura. «Tupustean etorri ziren goiz batean eta joan egin behar genuela esan zidaten. Aurretik leihotik hitz egin genuen eta bagenekien zeintzuk eramango zituzten. Nik, adibidez, banekien eramango zutenetako bat izango nintzela. Protesta egin behar genuela erabaki genuen. Akordatzen naiz lagunek uste zutela nik ostikoka egin nuela funtzionarioen kontra. Baina ez zen halakorik izan. Ni ohean nengoen etzanda eta ziegako zorua lanbasaz garbitu berria nuen. Altxatzeko agindu zidaten, altxatu nintzen, irristatu eta beraien kontra joan nintzen. Sekulako kolpea hartu nuen. Gainera, haiek erasotzat hartu zuten eta sekulako jipoia eman zidaten. Aldean eraman ninduten. Gogoan dut guardia zibilen eta funtzionarioen artean eztabaida izan zutela ea noren egitekoa zen ni furgonetaraino eramatea. Azkenean pijama jantzita eta hanka-hutsik eraman ninduten», kontatu du xehetasunik ahaztu gabe.

Xabier Izaga 1981ean espetxeratu zuten Carabanchelen. Handik Puertora eta Puertotik Herrerara eraman zuten 1983aren amaieran. Sakabanaketaren lehen saio haietako batean, 1987. urtean, Caceresera eraman zuten eta bertan hamabi urte eman zituen. Villabonako (Asturias) kartzela ezagutzea egokitu zitzaion ondoren. Bertan, urte erdia eman zuen isolatuta, «zulo batean sartuta». 2001. urtean atera zen kalera. Guztira, 21 urte.

Lotura fisikoaren gainetik

«Sakabanaketa diseinatu zutenek pentsatzen zuten fisikoki elkarrekin geundenak banatuz gero, gure arteko batasuna apurtzea lortuko zutela. Uste zuten gure arteko batasuna fisikoa zela. Ez ziren konturatu gure artekoa lotura estuagoa zela, eta, nahiz eta sakabanatuta egon, gure arteko loturak jarraitu egiten zuela», esan du Izagak. Baina sakabanaketaren xantaiak ez dio bakarrik presoari eragiten. «Finean, guk bagenekien zergatik ginen kartzelan eta onartuta genuen, hobeto edo okerrago, baina gaindituko genuela hura. Baina, nire familiak zer egin du? Horrekin presoarengan erruduntasun sentimendua sortu nahi dute. Eta egia da horri buelta eman behar diozula eta familiarenganako kezka hori etengabekoa dela», gaineratu du.

«Orain, kalean zaudela, ikusten duzu nola ibiltzen diren familiak eta benetan konturatzen zara nolako ahalegina egiten duten. Gai honi buruz hitz egiten dugunean, nire amak beti gogoratzen ditu Arzallusen hitzak. Arzallusek esan zuen egoerak gutxi iraungo zuela, preso politikoen familiak ahalmen ekonomiko txikikoak zirelako eta ez zutelako jasango sakabanaketa denbora luzez. Ama sutan jarri zen eta handik gutxira Anoetan izandako ekitaldi batean mikrofonoa jarri zioten aurrean. `Lotsagarria da gure seme-alabak diru faltagatik bakarrik utziko ditugula pentsatzea. Ibaitik hortzekin harriak atera behar baditugu, egingo dugu', esan zuen. Askotan errepikatzen du pasadizo hura. Horrek garbi adierazten du gure jendearen egiazko nortasuna, herri honek urteetan erakutsi duen tinkotasuna. Gure familiek lapurreta gutxi egin dute gure bisitetarako dirua ateratzeko. Gehiena langile jendea da eta urteetan beren ahotik kendu dute, gurean jartzeko», kontatu du Josu Ormaetxeak.

Tokialdaketak, tristuraz

Nola bizi du presoak tokialdaketa bakoitza? «Tristura handiz, edonora joanda ere, urrutiago edo gertuago. Denbora asko edo gutxi egin, izugarria da kartzelako kideekin lantzen duzun harremana, eta agurtu beharrak mina sortzen du. Gerora, kartzela hartan utzi dituzun lagunen berri gutxi jasotzen duzu. Gainera, guk normalean astero bidali eta jaso genitzakeen eskutitz kopurua murriztua genuen. Horregatik, inoiz ez dakizu noiz izango duzun berriz lagun horiekin egoteko aukera», esan du Ormaetxeak. Beste kartzela batera joatea berriz hastea da. «Berriz borrokan hasi behar duzu gutxieneko bizi baldintza batzuk lortzeko, nahiz eta oso desberdina den kartzela bakoitzeko egoera. Horrez gain, sekulako ziurgabetasuna sentitzen duzu familiagatik. Jakingo ote dute, nola moldatuko ote dira...», gaineratu du Izagak.

Sufrimendua areagotzea

Espetxe politikak justiziarekin beharko luke lotura izan. Baina 1980ko hamarkada amaieran eta PSOEk diseinatuta, helburu politikoa zuen fase berri bat abiatu zen. «Barne Ministerioa eta Justiziakoa lotzea oso esanguratsua izan zen. Polizia eta zuzenbidea gauza berdina al dira, bada? Justizia helburu politikoarekin aplikatzen hasi zirenean, kontraesan nabarmenak sortu ziren eta garbi geratu zen Estatuarentzat bide guztiak, bitarteko guztiak, zilegi direla gurekin», esan du Izagak. «Eta, hala ere, ez dute lortu nahi zutena. Sakabanaketak lortu duen helburu bakarra sufrimendua areagotzea izan da. Herri honen borroka geldiarazi nahi zuten eta ez dute lortu», esanez bukatu du Ormaetxeak.

«Abokatuak zuzenbide estatuaren urratzearen lekuko deserosoak gara»

Almeriakoa izan zen, duela 22 urte, sakabanaketaren mapan lehenengotako kartzela. Eta Almeriatik, kartzelara bisita egin berritan, erantzun du GAUR8ren deia Iñaki Goioaga abokatuak. Dispertsioak fase desberdinak izan ditu, eta guztiak gertutik ezagutzen ditu Goioagak. «Lehen fasea oso bortitza izan zen, oso gogorra. Herreratik, Alcalatik eta Carabancheletik presoak atera eta beste kartzelatara sakabanatu zituztenean, oso bizi baldintza gogorrekin egin zuten topo. Isolamenduak etengabekoak ziren eta mehatxuak eta jipoiak, izugarriak. Preso politikoak ez zeukan inongo eskubiderik. Lehen fase honek 1993-1994 ingurura arte iraun zuen». Gogor borrokatu behar izan zuten presoek beren bizi baldintzak hobetzeko. Hartara, Zaintza Epaitegien bidez, eta batez ere kartzela barruetan egindako borroka latzen bidez, pixkanaka lortu zuten egoera pixka bat hobetzea eta eskubide batzuk eskuratzea. «Bigarren fase bat izan zen hori, eskubide guztiak ukatuta izatetik eskubide batzuk lortzera pasatu zen kolektiboa. Benetan gogorrak izan ziren kartzela barruko borrokak eta aldarrikapenak. Eta horiei esker lortu zuten presoek beren baldintzat zerbait hobetzea», nabarmendu du Goioagak.
Bigarren fase horrek 1999-2000 ingurura arte iraun zuen. Gero, Zaintza Epaitegi guztiei preso politikoen gaineko erabakiak hartzeko eskumena kendu zieten, eta Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegi Nagusia sortu zuten eta epaile berezia jarri zuten bertan. «Epaitegi berri horrek ordura arte preso politikoek lortuta zituzten eskubideak atzera bota zituen. Harritzekoa da, esaterako, egun epaitegi horretako epaile nagusi den Jose Luis Castroren jarduna. Avilako eta Valladolideko Zaintza Epaitegiko epaile zenean berak onartutako autoak eta eskubideak gero, epaitegi nagusiko epaile modura, atzera bota zituen», jarraitu du. Hirugarren fase honek «biktimen asetasuna» du helburu nagusia. «Mendeku modura planteatzen da eta zigorra biktimen desioen araberakoa da. Hala ere, dispertsioak helburu politiko garbia izaten jarraitzen du eta beste guztia helburu hori mozorrotzeko modu bat baino ez da». Izan ere, Iñaki Goioagaren ustez, gero eta nabarmenagoa da dispertsioa «tresna politikoa» dela, eta ez juridikoa. «Zuzenbide Estatutik kanpo dago dispertsioa. Finean, guda zikina da. Euskal presoei izaera politikoa ukatzen diete baina, era berean, neurri politiko bereziak ezartzen dizkiete. Preso politikoak estatu-arrazoia dira eta, horregatik, Zuzenbide Estatutik kanpo daude. Ondorioz, presoen babesgabetasuna sortzen da, Estatuaren inpunitatea da nagusi eta segurtasun juridiko eza nabarmena da. Badu beste ondoriorik, Zuzenbide Estatuaren irudia birrindu egiten duelako».
Salbuespen egoera horren aurrean, zaila da abokatuen lana. «Froga egin izan dugu. Preso sozial batek aurkeztutako kexa aintzat hartzen da. Euskal preso politikoek kexa berdina egiten badu, ez diote onartzen. Horrela lan egitea zaila da, sekulako inpotentzia sortzen du. Gainera, Estatua gogor saiatu da guk gure lana ondo egin ez dezagun, horretarako bide guztiak erabili ditu. Behin eta berriz oztopatu du presoen eskubideen alde egiten dugun lana eta, gainera, abokatuen kriminalizazioa ere etengabekoa izan da. Izan ere, gu lekuko deserosoak gara haientzat, Zuzenbide Estatuaren urratze sistematikoaren lekuko deserosoak», esan du.
Etorkizunean zer gerta daitekeen asmatzea zaila da. «Dispertsioa neurri politikoa den heinean, egoera politikoak aginduko du zer gertatuko den. Garbi dagoena da neurri politiko gisa porrot egin duela, kolektiboak aurre egin diolako dispertsioari», ondorioztatu du.
Bere ustez, dispertsioaren politika dagoeneko laugarren fase batean sartu da. «Azkenaldian areagotu egin da nabarmen sakabanaketaren erabilera politikoa. Rubalcabak berak onartu du publikoki, urruntzeak eta gerturatzeak nola erabiltzen dituen Estatuak. Inoiz baino garbiago adierazi du Estatuak bere joko politikoaren barruan dispertsioa beste tresna bat dela, eta sakabanaketarekin bilatzen duen bakarra etekin politikoa dela».