Nagore Amondarain
2009ko Martxoaren 06a
Gasteiztik ez oso urruti, Arabako herri galdu batean egiten dut geldialdia Araba zeharkatzea egokitzen zaidan aldiro. Herriko taberna bakarrean kafeak zapore desberdina du, esango nuke hiriko tabernarik modernoenean ere ez dela hain gozoa. Agian giroak egiten du desberdin: garai bateko taberna, denda... Horrelako berezko fusioa ematen den toki bitxi honetan, behatzaile moduan nago. Esango nuke taberna ez dela atzo goizekoa, musikarik ere ez baitute jarrita, herrikoen berbaroa nahikoa da giroa berotzeko. «Una de mis sobrinas es del 23-F y la otra del 3 de marzo» esan du bezero batek, albokoak baina ez du komentarioa ulertu, data horien atzean zer ezkutatzen den ez baitzaio gogora etorri. Antza, lagunak ez zuen informazio nahiko iraganean bidaia egiteko. Berriz aipatu dio bitxikeria bera eta lagunak berdinean jarraitu du. «Si hombre, una es del día del golpe de estado y la otra del 3 de marzo del año..., ya sabes, del año en el que paso eso de Vitoria...». Musikarik ez egoteak euren berbaroan kontzentratzera eraman nau eta, horrelakoetan isilik egoterik ez dakidanez, inork erantzun ez dion galderari nik bota diot erantzuna: «1976».
Tabernako ezezagun bakarrak -bakarrik dagoen, ordenagailua mahai gainean duen eta ustez bere gauzetara dagoen neskatoak- bota die erantzun zuzena. Hala, ez dute jakin zein aurpegirekin erantzun, ez erantzunaren edukiagatik, erantzunaren egilearengatik baizik. Izan ere, ez zuten nire aldetik horrelako erantzunik espero. «Garai hartan jaio barik egongo zen gainera», pentsatuko zuten euren artean eta, egia esan, ez zitzaien arrazoirik falta.
Aldiz, data hori oso esanguratsua da Gasteizen eta egun ere intentsitate izugarriarekin bizi du hiriak. Eta duela ez asko, 2006. urtean, gertakarien 30. urteurrena ospatzen ari zela, karga polizialak izan ziren beste behin antzeko indarrarekin eta amorru berdinarekin. Orain dela hiru urte, Fragaren aginduz hildako bost langileak omentzea delitua zelakoan bidali zuen Lakuako Barne Sailak Ertzaintza; izan ere, tamalez, 30 urte pasa eta gero, bukle bat lakoa da herri honen historia. Lluis Llach abeslariak «Campanades a morts» abestia idatzi zuen sarraskiaren hurrengo egunean eta, handik 30 urtera, Gasteizen izan zen abestia eskaintzeko.
Tirokatutako langileak zeuden elizatik gertu, egun, LAB sindikatuaren egoitza dago. Handik metro gutxira, Martxoak 3 plazan, orduko sarraskian hildako langileak oroitzeko egindako monolitoaren aurrean, hainbat agerraldi egin izan dira. Azkenetarikoa, Amparo Lasherasen espetxeratzea salatzeko deiturikoa. Bera izan zen, hain zuzen ere, Arabera argitaletxeak kaleratutako «Gasteiz, 3 de Marzo 1976. Un recuerdo 25 años después» liburuaren egilea. Amparok bertatik bertara bizi izan zituen gertakari horiek. Haurdun zela eta alaba txikia besoetan zeukalarik, sarraskiaren hurrengo egunean, txikizioa, isiltasuna eta hustasuna ikusi zituen hirian. Ez zegoen Gasteiz erdialdera sartzerik; poliziek hiria hartua zuten. Bera bizi den zonaldeari, ordea, beste kolore bat hartu zion. Izan ere, Dato, Florida.. eta kale horiek guztiek egun ere ez dute hiriaren errealitate osoa islatzen; sekula ez zaio gustatu Amparori kale horien postal itxura.
Hiritik zebilela, Poliziaren furgoi bat alboan geratu zitzaion kikiltzeko asmoz. Amparok baina hartua zuen erabakia: aurrera jarraituko zuen. Eskubideen alde eta sufrimenduarekiko elkartasuna izan ziren bere jarrera indartzeko arrazoiak. Nork esango zion sasoi hartako biktimek beragatik egingo zutenik elkarretaratzea Martxoak 3 plazan, sarraskia gertatu eta 33 urtera.
Batzuek euren iloben jaiotzengatik oroituko dute egun hori, beste batzuek heriotzengatik eta, beste batzuek, jaiotzen ez den esperantza horregatik. Gaur arte ez da ez justiziarik, ez egiarik, ez aitortzarik egon. Krisi ekonomikoa eta krisi politikoa, eta honek bukle batean bezala jarraitzen du.




