Inauterietan gazteak zaharrez eta gizonak emakumez janzten dira. Adarra jotzeko eta aluarena egiteko egunak dira hauek. Urte osoan ohikoa denari buelta emateko momentuak. Horregatik, Hendaian, herritarrek izanen dute gaur boterea eta ez alkateak edo justiziak. Gizarteko gaitzak agertuko dituzte Zanpantzarren epaiketa publikoan.
Maider Iantzi
2009ko Otsailaren 27a
Orain dela 20-30 urte inauterietako ohitura galtzen ari zen Euskal Herrian. Baina Uztaritzeko kaskarotek ez zioten etxez etxe dantzan eta eskean ibiltzeari utzi. Manolo Alkaiaga hendaiarrak, Bidasoako Txarangako kideak, azaldu digunez, kaskarotak izena dantzariek zangoetan lotzen dituzten kaskabeletatik heldu da segur aski. Ziburuko eta Donibane Lohizuneko arrantzale emakumeak ere kaskarotak dira. «Nahiko zentzu txarreko hitza da, mingain zikinekoa». Hendaian ere Zanpantzarren ohiturari eutsi zioten eta geroztik inguruko bazterretara zabaldu da berriz: Biriatu, Urruña, Ziburu, Donibane Lohizune, Sara, Biarritz, Senpere, Uztaritze, Kanbo, Donibane Garazi, Basusarri, Arrangoitze... Garai zaharretan bezala, herri horietan guztietan ateratzen da pertsonaia zarpail eta bestazalea.
Bihar (larunbatean) ospatuko dute Hendaiako inauteria. Goizean auzoetako giroa animatu eta eguerdian herri barnean elkartuko dira, eta laurak aldera karrozen desfilea abiatuko da Gaztelu Zaharreko pilotalekutik. Herri kaskoan buelta bat eman eta gero, bostak aldera, eginen diote epaiketa publikoa Zanpantzarri udaletxe parean, euskaraz eta erdaraz. Aurten, gainera, bertso eskolakoei eskatu diete abokatuak izateko eta launa bertso kantatzeko alde eta kontra. Salaketa zerrenda eta abokatuen arrazoiak aditu eta gero, hiltzera kondenatuko dute belarrez betetako pertsonaia lodia. Kalean paseatuz, Beltzeniako Plazara eramanen dute erretzera. Zintzur bustitzea edo luncha izanen da herriko abeslari batzuek, Alaiak taldeak, animatuta. Zamain eta Root System taldeek ere joko dute. Horretaz gain, zazpiak inguruan, eskolako umeek margotutako kareten lehiaketa eginen dute.
Gure gaitz eta alukeri guztiak hartzen ditu Zanpantzarrek, bere gain jartzen ditugu, berari botatzen diogu errua. Manolo Alkaiagak agertu duenez, gizartea kritikatzeko bitarteko bat da. «Lehen ez zituzten gauzak zuzen eta garbiki esaten: `Ez duk ongi egin'. Horren ordez, `Zanpantzarrek ez dik hori egin' edo `hura egin dik eta txarki egin dik' erraten zuten». Adibidez, gizon aberats eta zahar bat emakume behartsu eta gazte batekin ezkontzea ez zuten onartzen eta «Zanpantzar zaharra eta diruz betea neska gazte batekin ezkondu da», salatzen zuten.
Herrian alkatea dago, justizia... eta gero herritarrak. Inauteriak dira, ordea, eta buelta ematen diote horri: herriak hartzen du boterea eta gaiztakeriak salatu eta epaitzeko eskubidea. Orain 30 urte ohitura hori galdua zen, umeen jaiak ziren. Baina Alkaiagak argi du besta hauek ez direla haurrenak. Txikiek ere lekurik baduten arren, herriko boterea helduek hartzen dute. Horregatik, Hendaian nagusiekin inauteria egiten segitu zuten. Akelarre taldeak eta horren inguruan sortutako dantza taldeak bultzatu eta hartu zuten bere gain jaia eta irautea lortu zuten.
«Irunen gu hasi ginen duela 25 urte», oroitarazi du Bidasoako Txarangako partaideak. Talde honetan hiru ekintza dituzte: erraldoi eta buruhandiak, joaldunak eta herri kirolak. Txaranga ziren hasieran, baina orain ez dute funtzio hori betetzen. 35 lagunek jotzen dute joarea, baina hainbertze joare pare ez dutenez, 14-16 ateratzen dira, gizon-emakumeak, gazteena 17 urtekoa eta zaharrena, Alkaiaga bera, 56koa. Irun, Hendaia eta Hondarribikoak dira. Zubietarrak eta iturendarrak ezagutu zituzten duela 25-30 urte eta haiek Hendaiara etortzen hasi ziren. Trukea egiten zuten, hendaiarrak hara eta haiek hona. Abuztuko Euskal Jaietan nafarrak joareekin etortzen ziren, baina orain hamar urte jakinarazi zieten azken urtea izanen zutela. Garai berean ziren Sunbillako jaiak, Donostiakoak, Zubietakoak, bero egiten zuen... «Egin ezazue zuek», animatu zituzten eta ordutik Bidasoako Txarangakoek jotzen dute abuztuan eta inauterietan. Bihar Hendaian izanen dira eta hemendik egun batzuetara Donapaleun. Honekin lotuta, zera argitu du Alkaiagak: «Joaldunei zanpantzarrak deitzen diete batzuetan, baina ez dute zerikusirik. Nahasi egiten dira».
Beraien koadrilan, jendea gailentzen ari dela azaldu digu pozik. Beti eskean ibili ondotik, lehenbiziko urtea da jende sobera egon direna eta «gaur libratzen duk!» erran diotena bati eta bertzeari. Aste honetan eta aurrekoan Irunen ospatu dituzte inauteriak eta jendez lepo egon dira kaleak.
Alkaiagaren aitonak, 1870ean sortua, beti erraten omen zuen jai denboran, bazkari edo afari oparo bat baino lehen, eskuak igurtziz: «Gaur egin behar dugu Zanpantzar!». Pertsonaia honekin lotutako hainbat esaeraren berri eman digu Hendaiako inauterizaleak. «Zanpantzar bezala jantzita zaude!», erraten zieten arropa zaharra eta zulatua zutenei. Ergelkeriatan edo itxurakeriatan ari zenari, aldiz, «ez hezakeela egin Zanpantzarrarena!», eskatzen zioten.
Zanpantzarrek baditu hainbat lehengusu. Adibidez, Olentzero eta biak aski antzekoak dira: lodiak, bestazaleak, jatunak... Gainera, Bidasoa ibaiaren inguruan gorde eta hortik gailendu dira. «Olentzero erdi sorgin gisa hartu izan da. Herrira etortzen zen eguna luzatzera zihoala erratera. Zanpantzar, berriz, pertsonaia zarpail gisa hartu, epaitu eta erre egiten da inauteri bukaeran». Zakuzaharrak eta Miel Otxin ere familiakoak ditu, eta hartza eta zirtzilak lagunak. Erdi zarpail erdi ijito, jendea zirikatzen eta nazkatzen ibiltzen dira zirtzilak, aluarena egitea ere inauterien zentzua baita. Gauzei buelta emateko eta irri egiteko besta apropos hauek ez dira oraindik bukatu. Aukera baduzu, Hendaian goza dezakezu...




