Iņaki Altuna
2009ko Otsailaren 06a
Demokrazia 3 Milioi (D3M) plataforma eta Askatasuna alderdia datorren martxoaren 1eko hauteskundeetan parte har ez dezaten baliabide guztiak jarri ditu martxan PSOEko Gobernuak, bai Auzitegi Nazionalaren bitartez, bai Alderdien Legearen bitartez. Hamaika aldiz aztertu dira egunkari honetan horren guztiaren arrazoiak, eta orain, beste behin ere, errepikatu egin behar dira:
- Estatu espainolak berezko duen izaera ageri-agerian dago. Ez dago demokraziarik. Franko hil ostean, «dena defenda liteke» esan zuten, baina gezurra dela nabarmendu da.
- Gobernu espainolak errepresio estrategia oso bat garatu du, eta horren helburu nagusia ezker abertzalearen jarduera politikoa etetea da.
- Errepresio estrategiarekin aurrera egiteko, lege egitura ez bidezkoa osatu dute, eta milaka eta milaka pertsonen eskubide zibil eta politikoak zangopilatu dituzte.
- Hauteskundeen emaitza ez da demokratikoa izango, eta, beraz, Gasteizko Legebiltzarreko eserleku banaketa ez da herri borondatearekin bat etorriko.
- Erakundeetan herri borondatea ordezkaturik ez egotea arazo bat gehiago izango da gatazkari aterabidea aurkitzeko. Izan ere, gatazka gainditzeko guzti-guztien parte-hartzea ezinbestekoa da, eta hemendik aurrera erakunde horretan ez da guztien ordezkaritzarik izango. Ordezkaritza hori errepresio estrategiaren ondorio da eta nekez irekiko dio zirrikiturik konponbideari.
- Etorkizuna eraiki ahal izateko orain dela hogeita hamar urte eratutako eremu juridiko-politikoaren baliorik eza erakusten du gaur egungo egoerak, baita aldaketaren beharra ere.
- Alderdien Legearen kontra direla esan duten indar politikoak sortutako egoeraren aurrean erakusten ari diren axolagabekeria zinez esanguratsua da. Bere burua euskaldunon lehendakaritzat duenak herritarren eskubideak murriztuak direnean horrela jarduteak agerian uzten ditu gaur egungo erakundeen mugak eta gabeziak.
- Hedabideetan eta iritzi publikoa deritzan horretan hauteskunde «normal» batzuen lehia irudikatzen ari dira. Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez hautagaien arteko norgehiagoka jartzen dute erdigunean, noiz eta milaka eta milaka pertsonen hautatuak izateko eta hautatzeko eskubidea galarazten ari direnean.
- Burujabetzaren aldeko polo bat sortu behar dela esan bai, baina oraindik urrats sendorik emateko nahiko adorerik ez dagoela erakutsi du EAk. Aukera ezin hobea galdu du oraingo honetan luzerako aliantza baterako lehen urratsa egiteko. Etorkizunerako ikasgaia aterako balu, gaitz erdi.
- Zalantzarik ez zen faltako, baina azkenean ezker abertzaleak bere historia eta kultura politikoari eutsi dio. Ez du bere burua «mendira botako». Badaki eraldaketa politikoaren aukera dagoela jokoan, eta ezin dezakeela partida utzi. Politikoki jokatu beharra dauka, ziklo aldaketa eragin ahal izateko. Nola edo hala hauteskundeen erronkari eutsiko dio.
- Inork gutxik esan badu ere, D3M plataformak 47.000 mila sinadura bildu ditu zerrendak aurkeztu ahal izateko. Euskal Herritarrok-ek ez zituen horrenbeste bildu 1998ko hauteskundeetan. Oinarri sendoa du ezker abertzaleak, estrategia politiko egoki eta eraginkorra garatu ahal izateko.
- Prentsaurreko bat emateagatik edota zerrenda batean aurkezteagatik auzipetuak edota kartzelatuak izateko mehatxupean ari diren herritarrei adorea eta eskuzabaltasuna ere aitortu beharko zaie.




