Mikel Olasagasti
2009ko Urtarrilaren 16a
Amaitu omen dira neguko solstizioaren ospakizunak, bapo jateko egunak eta normalean baino kontsumismo basatiagorako diseinatu diren festak. Familiarekin egon, asetu arte jan, edan eta, kasurik okerrenean, 2009an detailetxoren batekin sartu dugu muturra. Zenbat ordenagailu, ultraportatil eta gagdet salduko ote ziren? Batek daki.
Aurreko urtean txintxoak izan garelako, Olentzerok ere ekarri dizkigu zenbait perla interesgarri. Steve Jobs erraldoiak, orain bi egun arte Apple etxeko burua izan denak, gaixotasun baten ondorioz kargua utzi aurretik, beraien musika saltzeko plataforma goitik behera aldatuko duen albistea bota zuen, entzulegoaren aurrean indartsu hitz eginez: hainbeste aldiz kritikatu izan dugun DRMa edo eskubide digitalen kudeaketa sistema alde batera utziko dute.
Ondorioz, erabiltzaileak kudeatuko ditu abestiak, Interneteko salmenten %80a metatzen duen beraien ataritik erositakoak, eta ez beraiek inposatutako politika penagarri batek. Beste modu batera esateko, erositako abesti bat ezin zen nahi adina plataforma edo makinatan entzun, baina aldaketa honen ostean bai; ez da abesti bera berriz erosi beharko kopuru jakin batera iritsitakoan. Orain, iPod eta iPhone berriei jarritako trabak kentzea bakarrik falta zaizue, Steve! Eta, bide batez, DRMa inposatu nahi duten guztiei berriz ozen esan nahi diet hori ez dela sekula bidea izango.
Festa giroko egun hauek beste Steve erraldoi bat ere animatu dute, Ballmer kasu honetan, Microsoft etxekoa. Horiek gutxi aldatu dute beraien politika, baina produktu berri bat eskaintzera datoz laster: Windows 7 deritzo eta aurkezpen ofizialak egiten hasi dira.
Oraindik beta fasean badaude ere, edonork proba dezake eta emaitzak gaur egun saltzen duten Vista penagarriarenak baina askoz hobeak omen dira. Ez zuten zaila! Baina Ballmer-i baten bat aurreratu zaio eta bere etxeko norbaitek, aurkezpena egin aurretik, ia bertsio bera zintzilikatu zuen, saretik jaisteko moduan. Bi bertsioak beta dira, preprodukzioak, arriskuak dituzte, baina mundu osoaren eskura daude, doan; apirilera bitartean, behintzat. Eta honen truke zer? Nire ustetan, ni egiten ari naizen moduan, prentsa orokorrean eta berezituan horri buruz hitz egitea lortzen dute eta, hala, doako publizitatea eskuratzen dute.
Tokitan geratu dira Windows 95 eta 98 bertsioak salmentan atera ziren egunetako ilaren telebista irudi horiek. Merkatua aldatzen dabil eta garai haietan izugarrizko berrikuntzak izatearen itzaletik bizi nahi izatea ez da zilegi.
Ezartzen diguten kapitalismo eredu basati horri eusteko atera zen neurri batean Vista bertsioa. Aldiz, berrikuntza eta freskotasuna ekarri beharrean, moteltasuna eta makina potenteagoa behar izatea dira emaitzak. Horrek emandako irudi txarra garbitzeko eta saltzen jarraitzeko, produktu berri bat atera eta, inor horretaz konturatu gabe gera ez dadin, publizitatea behar dute. Urteetako monopolio zital hori dekadentziaren espiralean sartu da. Produktu txarra merkaturatzeak, beraien etengabeko hanka-sartzeek eta software librearen ereduak, suntsipena ekarri dute.
Microsoft-ek produktu berri bat kaleratzeko urteak behar dituen bitartean, software librearen inguruan beti berriren bat dago: hobekun-tzei, itzulpenei edo dena delakoari esker. Sistema eragile eta ofimatika suite-an eremu asko lortzeko dago. Hala ere, azken datuen arabera, Internet Explorerren erabilera, 10 urtean lehen aldiz, %70etik behera jaitsi da. Gizartea aurrera doa, beharrak aurrera doaz eta beraiek ez daude eboluzio horren eskutik helduta.
Beraz, argi dago pixkanaka-pixkanaka eta zintzoak izaten jarraitzen dugun bitartean, opari askeez goza-tzeko aukera ezin hobea izango dugula. Gustura sinatuko nuke oraintxe datorren urteko Olentzerori idatzi behar diodan gutuna, ondo portatu izanaren gezurra idatzita, eredu libreak gurean erabiltzeko laguntza eskatu behar ez banio.•




