Geologia ikasten ari zela, urarekin maitemindu zen eta osagarri horren inguruan egin du geroztik hainbat lan eta ikerketa. Hidrodinamikako katedraduna da eta urtean 40 bat hitzaldi ematen ditu gaiaren inguruan. Ez du inoiz jakin geldirik egoten. Orain, etxez aldatzen ari da. Bilbo utzi eta Izpazterrera doa.
Joxean Agirre
2009ko Urtarrilaren 16a
I ñaki Antiguedaden ibilbidea hain da oparoa, hainbat arlotan eta lekutan ibili da lanean, utzi du arrastoa, etengabeko jardun horrek ezkutatzen dion nortasuna. Geologia ikasten hasita, urarekin maitemindu zen eta osagarri horren inguruan egin ditu hainbat ikerketa eta lan. Hidrodinamikako katedraduna da, urtean 40ren bat hitzaldi ematen ditu gaiaren inguruan edo, hobeto esanda, uraren politikak duen garrantziaren inguruan. Baina ikertzailea- ren profilak ez du gizonaren jarduna agortzen. 70eko hamarkadan ikastoletarako material didaktikoa prestatu zuen Saioka taldeko kide izan zen; euskalgintzan ibili zen buru-belarri eta «Anaitasuna» aldizkarian egin zuen lan; Santutxuko ber-tso eskolan ibili ondoren, txapelketa nagusi batean parte hartzera iritsi zen (emaitza apalak lortu zituen, ultzera bat eragin bazion ere); HBko parlamentario kargua eta beste hainbat izan ditu, nahiz eta berak «goiko politikan» ez dela inoiz ibili dioen. «Kalaka» saioko tertuliakide da ETB1ean eta gauza bera Euskadi Irratiko «Faktoria» sailean. EHUko errektoregai ere izan zen. Orain laupabost urte, lursail bat erosi zuen Izpazterko auzo batean eta etxe bat eraiki zuen han. Hiru bat urte eman ditu udak eta asteburuak etxe horretan pasatuz eta erabat bertan bizitzen jartzea erabaki du berriki. Etxez aldatzen ari zela atzeman genuen, beraz, eta gaztetandik sentitu zuen mendirako amets horretaz hitz egin zigun. «Etxean lan egiteko gero eta aukera handiagoak ditut eta erabat asperturik nago asfaltoaz», esan zuen, botila bete ur eskuetan zuela, Zientzia eta Teknologien fakultateko Hidrodinamika sailean hartu gintuenean.
Karrera egiten hasteko zegoela, zientzietako ikasketen zerrendari begira jarri eta geologia aukeratu omen zuen, «ordularirik gabe aire librean lan egin» nahi zuelako.
Bilboko San Inazio auzoan jaio zen. Ama Dimakoa zuen. «Nik denbora dezente ematen nuen aitona-amonen etxean, baina ez ziren baserritarrak, arotzak baizik. Udak, berriz, hamalau urte bete arte Burgosko herrixka batean pasatzen genituen, klimaz aldatzea ona zelakoan. Hor bai, bertako baserritarrekin asko ibiltzen nintzen. Aitaren aldetik, berriz, Palentziakoak ziren, nahiz eta aita bera Bilboko Zazpi Kaleetan jaioa zen», hasi zen.
Dimako familiarekin umetan euskaraz egiten bazuen ere, erdal hutsa izan omen zen Iñaki Antiguedad 18 urte izan arte. «17 urterekin hasi nitzen bidaiatzen auto stopean Europan barrena eta orduan hasi nintzen beste saltsa batzuetan sartzen ere. Argi nuen euskarak egiten gaituela euskaldun eta 18 urterekin neure kontura hasi nintzen ikasten, `Euskalduntzen' metodoarekin. Horretan, amaren laguntza izan nuen. Ordu asko sartu nituen. Aita ere geroxeago hasi zen ikasten, ni euskara irakasten hasi nintzenean. Dimara joan ziren jubilatu zirelarik eta bertakoekin euskaraz hitz egitera iritsi zen», hasi zen gogoratzen.
Arreba eta biak ziren etxean. Euskaraz ikasten hasi zen garaitsu horretan hasi zen saltsa batzuetan sartzen. Alde egin behar izan zuen 21 urterekin, baina 77ko Amnistiari esker, oso azkar itzuli zen. «Ekintza bakar bat egin genuen eta bera gaizki atera zen. Ez genekien, gainera, PMak edo zer ginen ere. Nire curriculuma ez da, beraz, Segikoei kontatzeko moduakoa», dio irribarre gaiztoa ezpainetan duela. Hogeita lau urterekin joan zen neska-lagunarekin bizitzera, baina ez omen zuen seme-alabarik izateko denborarik hartu. «Kontinentetik kontinentera ibili nintzen. Bidaiatzeko beharra sentitzen nuen. Ordurako, unibertsitatean nengoen lanean eta horrek ere aukera handiak eman zizkidan, uraren inguruko batzar guztietara apuntatzeko. Baina horretatik kanpo ere Indian bi aldiz izan nintzen, Nepalen ere bai, eta Siberian. Antartikan ere izan nintzen Espainiar Gobernuak antolatutako espedizio batean. Ni Antartikara joateagatik kapaz naiz ortutsik, belauniko eta galtza motzetan joateko. Pare bat hilabete eman nituen han eta ondoren Artikora joan nintzen, Poloniak zuen base batera. Patagonia ezagu-tzen dut, Brasilen egon nintzen lanean, Guatemala eta Mexiko ere ezagutu nituen eta Quebecera ere askotan joaten nintzen garai batean. Frantsesarekin ondo moldatu izan naiz beti, Emausekin lan egin eta komunetan bizitakoa naizelako, baina ingelesez, erraz irakurtzen badut ere, hitz egitea asko kosta-tzen zait, berandu hasi nintelako beharbada», kontatu zuen dena erreskadan.
Bere ibilbide politikoa beti egon da lotua independentismoari. «Hasieran, euskarari lotua zegoen nire independentismoa, baina orain osasunagatik naiz independentista. Osasuna gatik diodanean higienagatik esan nahi dut. Ez dut espainola izan nahi. Karrera amaitu eta, ihesaldiaren gertaera motz horren ondoren, tesina egiten hasi nintzen uraren inguruan. «Geologian euskarazko materiala prestatzeko inor ez zegoen eta unibertsitatean kontratatuta nengoen ordurako. Nire militantziaren parte nagusi bat izana zen hori. Ikastoletarako Saiokan lanean ibilia nintzen, ikasle nintzela, Jose Ramon Etxebarriarekin, Josune Ariztondorekin eta beste zenbaitekien. Nik `Saioka II' egin nuen. EHUn ere asko ibili nintzen eta `Elhuyar'en ere kolaboratzen nuen. `Anaitasuna' aldizkarian (guk `ahaltzenkaria' deitzen genion) ere buru-belarri ibili nintzen eta ni sartu eta berehala desagertu zen, beharbada gu sartu ginelako. Euskararen inguruko militantzian esperientzia banuen, beraz, unibertsitatean lanean hasi baino lehen», esan zuen. «Egin»en euskaraz kolaboratzen hasi zen hasieratik eta hiru epaiketa izan zituen, irainengatik beti; monarkiari, armadari edo erregeari irain egiteagatik, alegia. Horietako bi bertan behera geratu ziren, baina erregearenak aurrera jarraitu zuen eta urtebeteko zigorra eman zioten.
Jose Ramon Etxebarriak sartu zuen Santutxuko bertso eskolan ere. Txapelketa nagusi batean hartu zuen parte eta, txapelaren ordez, urdaileko ultzera bat eskuratu zuen. «Peñarekin, Muruarekin edo Lopategirekin hainbat herritan kantatutakoa naiz, baina gai bat eman eta gauza gehiegi zetozkidan burura eta oso gaizki pasatzen nuen. Gainera, belarri txarrekoa naiz. Entzuteko baino gehiago, osagarri aerodinamiko modura erabiltzeko balio dute nireek. Baina geroztik txapa asko bota behar izan dut. Mitinetan eta Legebil-tzarrean askotan hitz egin behar izan dut eta gerora ohartu nin-tzen bertsotan ibiliz asko ikasi nuela», kontatu zuen ohikoa duen umorearekin.
Ez da inoiz Mahai Nazionalekoa izan, nahiz eta askotan aipatu izan den lelo hori. «80an bi gauza gertatu ziren, nire ibilbide kulturaletik aldendu nindutenak. Lehorte handi bat etorri zen eta uraren gestioari buruzko lan batzuk egiten hasi nin-tzen. Lan horrek izan zuen oihartzunari esker, zerrendetan jarri ninduten eta 11 urte egin nituen parlamentario, bi legegintzaldi eta erdi. Erakundeen antzerki horrekin oso nekatuta bukatu nuen. Parlamentario edo juntero izan nintzen bitartean, unibertsitatean lanean jarraitu nuen. Kobratzen ez nuen hautetsi bakarretakoa nintzen, neure soldata banuelako. Legebiltzarrari leku itxiegia irizten nion eta basoaren premia sentitzen nuen. Uraren politikari, lurralde antolaketari edo lurraldetasunari buruzko hitzaldiak ematen jarrraitzen dut. Politika ere jarraitzen dut, baina neure gisara, askatasun gehiagoarekin», esan zuen.
2001ean utzi zuen «goiko politika» eta unibertsitateko lanean zentratu zen. Hala, tesiak zuzendu eta proiektu berriak bultzatu zituen. «Garapen iraunkorraren kritika egiten hasi nintzen, azpiegituren auzia eta beste hainbat arlo lantzen. Beti aurpegiratu izan diot ezker abertzaleari ez diela duten garrantzia ematen arlo horiei. Independentzia eta sozialismoa ondo daude, baina zer Euskal Herri nahi dugu biharko? Eta ohiko politika handi hori beste batzuentzat utzi eta lehen politika sektoriala deitzen zitzaion horretan murgildu nintzen. Lehen ere nahi nuena esaten nuen, baina orain freelance gisa nabil erabat», erantsi zuen.
Iñaki Antiguedadek ez du sekula bere burua ekologistatzat jo. «Oso ekologista jatorrak ezagutu ditut, baina ezagutzen ditut beste hainbat burbuila batean bizi direnak. Nire ikuspegia zabalagoa dela uste dut. Gizarte bat kate bat da: produzitu, garraiatu eta kontsumitu egiten dugu eta ezker tradizionalak produkzioari eman dio garran-tzia, baina hiru osagarri horiek kudeatu behar dira», erantsi zuen eta agerpen luzetan sartu zen, gaur egun esku artean dituen gaiak baitira gizartearen antolaketari buruzkoak. «Asko aurreratu dugu. Lehen, sindikatuek ere hazkundeaz mintzo ziren eta ezberdinak dira hazkundea eta garapena», adierazi zuen, esaterako. Borroka armatuaz, garapen iraunkorra uler-tzeko moduaz, azpiegituren politikaz, bere unibertsitateko lanaz eta Izpazterren egin duen etxeaz hitz egin zigun. «Tropela Tourrean eta manifetan bakarrik gustatzen zait. Gaineratekoan nahiago dut bakardadea. Noizean behin Bilbora etortzea da nire asmoa», esan zuen.




