Mende ugari torturatzen, bortxatzen eta aberasten eman ondoren, Bartzelonako autobus batean zintzilikatutako iragarki batek kristau komunitatearen sektore batzuen sumina piztu du. Fededunak errespetu ezaz, mehatxuez eta erlijio askatasunaz mintzo dira orain. Kristautasun kanpaina bat ere abiatu dute.
Rebeka Parras
2009ko Urtarrilaren 16a
Bartzelonako hiriko bi autobus lineatan esekitako publizitate kartelek kristau komunitatearen sektore jakin batzuen amorrua piztu dute. Polemikak, iragarki horiek zabaldutako mezuari heltzen dio; «Segur aski Jainkorik ez dago. Horrekin kezkatzeari utzi eta goza ezazu bizitzaz» dio autobuseko kartelak.
Ingalaterrako hainbat hiritan ekimenak izandako arrakastaren ondoren, publizitate kanpaina Kataluniara eramatea lortu dute Estatuko Ateo eta Librepentsalarien Batasunak (UAL) eta Ateus Catalunya Kataluniako ateoen kolektiboak.
Kristau kolektiboen kexa eta protesten gainetik, astelehenean, urtarrilaren 12an, abiatu zen ofizialki kanpaina. Albert Riba, ULAko lehendakari eta Kataluniako Ateoen kolektiboko kideak GAUR8ri adierazitakoaren arabera, pentsatu baina hobeto ateratzen ari da.
Ribak azaldutako moduan, helburu bikoitza du kanpainak. Batetik, fedegabeak izan badirela publikoki ikusaraztea eta, bestetik, jendeak auziari buruz hitz egitea, pentsatzea eta hausnartzea. Modu horretan, erlijioaren eztabaida sakon eta berri bati ekitea gustatuko litzaieke elkarteko kideei.
Ribak Estatu espainiarraren jarrera kritikatu du, aldaketak ez baitira beharrezkoak soilik plano moral edo intelektualean. Bere aburuz, Estatuak fededun eta fedegabeen artean desberdintzen du eta, ondorioz, lege, laguntza ekonomiko, ondasun eta beste hainbat arlotan desberdintasunak antzematen dira.
Erlijioa Iraintzearen aurkako Behatokia publizitate kanpaina honen kontra agertu da hasieratik. Elkarte hori irakasle katoliko talde baten eskutik sortu zen. Orain kolektibo horren egitekoa federik gabe bizitzearen eta iritzi edota ideia propioak edukitzearen alde agertutako web atariak, telebista programak... «salatzea» da. UAL elkarteko kideen kanpaina legearen kontrakoa eta iraingarria dela esateaz gain, Behatokia erabat aztoratuta azaldu da ekimenaren bultzatzaileek errepublika garaiko konstituzioaren artikuluak erabili dituztelako. Agian, nahiago izango lukete diktaduraren oinarrietara jo izan balute... Halaber, eskoletan gurutzeak eta erlijio klaseak kentzearen aldeko kartelak ere salatu dituzte. Ez hori bakarrik, Alex de la Iglesia zuzendariaren animazio telesail berria kritikatzeaz gain, bere pertsonarenganako maitasun gehiegi ez dutela ere argi utzi dute. Gauza bera gertatu zaio Jordi Evola kazetariari eta «Salvados por la Iglesia» programari. Irakasleen iritziak irakurri nahi dituenak, http://www.oadir.org/ webgunera jo dezake.
Erlijioa iraintzearen aurka dauden irakasle katoliko horiek, gainontzeko pertsona guztiak iraintzeko eskubidea behin eta berriz erabiltzen dutela argi uzten dute beraien idatzietan. Kontuak kontu, kristau taldeak UAL elkartearen aurkako kanpaina bat martxan jarri izana ukatu du eta «Jainkoa bada. Goza ezazu bizitzaz Kristoren alboan» lelodun publizitate kanpaina propioa abiarazi du.
Albert Ribak argitu duenez, ez du sinetsi nahi UALren aurkako kanpaina bat abiatu denik. Halere, dirua irabazteko aukera ikusiz gero, kristau ugarik beren zatia eraman nahi izaten dute; hortxe, kanpainaren adibidea.
Albert Riba, Ateo eta librepentsalarien batasuneko lehendakaria: «Bilboraino iristea espero genuen, baina bertako autobusek iragarkirik ez dutela esan ziguten!»
Albert Riba, espainiar Estatuko Ateo eta Librepentsalarien Batasuneko (UAL) lehendakaria da. Bartzelonakoa jaiotzez, Ateus de Catalunya Kataluniako ateoen kolektiboko kideak arreta eta begirada ugari bereganatu ditu azkenaldian. Arrazoia, publizitate kanpaina deigarri baten atzean dagoela da; Bartzelonako autobusetako iragarki ateoen kanpainaren atzean, hain zuzen ere. Erlijioak oraindik ere pisu handia eta zeresan gehiegi duen Estatu espainiarrean, ia desagertuta zen eztabaida berpiztu du, fededunen amorrua eraginez eta herritarren hausnarketa gogoa piztuz. GAUR8 kanpainaren zergatiez mintzo da Kataluniako ateoen elkarteko kide eta lehendakariarekin.
Kanpaina astelehenean abiatu zen ofizialki. Nolakoa izan da hasiera?
Aurreikusten genuen moduan, kanpaina oso ondo hasi da. Hiritarrek eztabaida jarraitu dute, ezustekorik gabe onartuz errealitate hori. Bi gauza frogatu ditugu: batetik, Estatu honetan erlijioak sortutako gerrentzako lekurik ez dagoela eta, bestetik, herritarrek gai honekiko azaldutako heldutasuna erabat eredugarria dela.
Zeintzuk dira kanpaina Bartzelonara heldu izanaren arrazoiak?
Kanpainak aurrekari bat dauka Londresen. Ariane Sherine kazetariak egin zuen proposamena “The Guardian” egunkarian idatzitako artikulu batean. Erresuma Batuko giza eskubideen aldeko organismoaren eta Richard Dawkins irakaslearen laguntzari esker martxan jarri zen. Guk bi helburu jakin betetzeko abiarazi genuen. Lehena, jendartean eta botere publikoen aurrean fedegabe edo sinesgabeak badirela ikusaraztea; izan ere, Estatuko biztanleriaren %20ak sinesgabetzat jotzen du bere burua eta hori, zortzi milioi pertsona dira. Bigarren xedea, jendeak honi buruz hitz egitea, pentsatzea, autokritika bultzatzea, eztabaidarako elementuak gehitzea... da.
Zer lortu nahi duzue bi helburu horien bidez?
Gure ustez, honek guztiak eztabaida sakon batera eramango gaitu; bertan, jendeak posizio bat bereganatuko du, gerora iritziz aldatu gabe. Iritziak norberak hausnartutakoak izatea, heldutasun soziala adierazteaz gain, besteek zure posizioa zein den zehaztea ekiditen du. Hau da, iritziak eta posizioak besteen irakaspen eta ideietatik ez eratortzea. Gure ustez, erlijioaren aferan hausnarketa kolektibo zein propioa falta da.
Erlijioa Iraintzearen aurkako Behatokia ez da kanpainarekin pozik agertu.
Izen harro bat aukeratu duen taldetxoa da. Ez da talde ofizial bat, elkartu eta izen hori aukeratu duten pertsona batzuk besterik ez dira. Ez dugu liskarrik eduki baina hil behar genituela edo beren buruak mehatxatuak ikusi dituztela moduko gehiegikeriak esan dituzte. Beraiek nahi izanez gero, azken lau egunotan jaso ditudan e-postak bidaliko nizkieke, benetako hilketa mehatxuak zer diren jakin dezaten. Lau ero direla pentsatu nahi dut eta, beraz, ez diot garrantzia gehiegirik ematen. Gainera, jendartea halako jarreren aurka dela uste dut.
Hainbat talde erlijiosok ekimenaren aurkako kanpaina abiatu al dute?
Beraiek aurkako kanpaina denik ezeztatu dute eta, beraz, nik hori sinetsiko dut. Gure kanpainak oso ondo funtzionatzen duela deskubritu eta beraiek gure kanpaina kopiatzea eta beste bat martxan jartzea erabaki dute. Horrek eztabaidan laguntzen badu, gu izugarri pozten gara. Izan ere, eztabaida guztiak halakoak izan beharko lirateke: jendeak kartelekin egin beharko luke borroka eta ez fisikoki.
Beraz, zuen ideia baliatzen ari dira.
Gure kanpainak eduki duen oihartzun mediatikoa itzaletan gelditzeko erabili dute. Halaber, ondo iruditzen zaigu beraien iritzia plazaratzea, horrek eztabaida, elkarrizketa eta oro har komunikazioa areagotzea ekartzen duelako. Tradizionalki, gu ez gara pentsatu eta eztabaidatzeko garaian beldurtzen garen horietakoak.
Eztabaidarako kanpaina hau beste hiri batzuetara hedatzea espero duzue, ezta?
Bai. Zuen kasuan, Bilboraino iristea espero genuen, baina Udaleko karguekin hitz egin ondoren bertako autobusek iragarkirik ez dutela esan ziguten! Ondo harrapatu gaituzte... Orain beste alternatiba batzuk begiratzen ari gara eta egun batzuk barru egingo dugun bileran bigarren txandarako hiriak aukeratuko ditugu. Momentuz, Bartzelona, Madril, Valentzia, Zaragoza eta Bilbo dira lehenengo itzulirako aukeratu ditugunak, baina, Bilboko kanpaina bertan behera gelditu denez, agian beste alternatibaren bat sartzeko aukera edukiko dugu.




