-

Iņaki Soto

2009ko Urtarrilaren 16a

Ez da hau, ez, martxoak 1ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan burutzekoak diren hauteskundeak aztertzeko tokia. Euskal Herriko egoeraz analisi zentzuzkoak jasotzeko jo ezazue GAUR 8n bertan «Herria» sekzioa irekitzen duten artikuluetara. Nolanahi ere, gaurko honek badu zerikusirik hauteskunde hauekin, baita Euskal Herriak bizi duen egoerarekin ere. Politikariei –eta hauei jarraika, baita kazetarioi ere– gizartea hauteskunde hauetara begira jartzea tokatzen zaie orain. Baina biharamuneko beharretatik nahiz gure lurraldearen mugetatik harantzago begiratzea komeni da, baldin eta gatazka testuinguru zabalagoan kokatu nahi bada eta, bide horretatik, konponbiderako aukera gehiago zabaldu nahi bazaizkio. Eta testuinguru hori Europa da.
Aurten, aipatutako hauteskundeez gain, Europar Batasunerako hauteskundeak egingo dira, ekainaren hasieran. Lisboako Itunaren porrotetik eratortzen diren buruhausteek markatuak datoz hauteskundeak, EBren krisi politiko sakonaren adierazpide bat gehiago besterik ez den porrota. Irlandan herritarrek emandako ezezkoaren ondoren, Ituna ezin izan da garaiz egikaritu eta honek errepresentazio sistema moldatzen du; ondorioz, europar agintariek Nizako Ituna birmoldatu behar izan dute hauteskundeak egiteko, estatu kideak Parlamentuan lehendik zeuden eserlekuak Bulgaria eta Errumania kide berriekin banatzera behartuta daudelako. Gainera, Irlanda erreferenduma errepikatzera behartu dute, baina honek eragin duen sinesgarritasun galera aurretik ere oso baxua zen herritarren interesari gehitu behar zaio.
Esan bezala, hemengo hauteskundeak lehentasuna dira politikarientzat. Baina, saiakerak saiakera, beste behin ere aukera guztiak ezin izango direla legalki aurkeztu aurreikus daiteke. Saiakerez gain, azkenaldian ideia berriak entzun ahal izan ditugu –polo subiranista gisa bataiatu dena, adibidez– baina alderdikeriak abertzale askoren ilusioa zapuztu dezakeela susma daiteke jada. Zentzu batean normala ere bada, benetako politikaren tempusak ez direlako beti hauteskundeen egutegietara moldatzen.
Beste alde batetik, aurreko prozesu negoziatzailean atzerrian izandako hartu-emanek ate batzuk ireki dituztela agerian da. Abertzaleei, gatazkaren konponbidea europar eraikuntza prozesuan txertatzea, estatuei hori ez gertatzea bezainbeste interesatzen zaie. Europar hauteskundeak horretarako aukera ona izan daitezke.
Nolanahi ere, honetarako baldintzatzaile batzuk badaude eta hauetatik batzuk aipatzea komeni da. Adibidez, europar hauteskundeetan barruti bakarra dira Estatu frantses eta espainola eta horrek bideraezina egiten du soilik euskal herritarrentzat interesgarria den diskurtsoa. Europarekiko dagoen interes eza balio bat izan daiteke, lau urteko epean europar agendan auzi hau txertatzeak botoak erakar ditzake, bestela inola ere ez bozkatuko ez luketen herritarren botoak. Herritarrentzat konponbidea lehentasuna dela sinesten badugu, bederen. Hautagaien eta zerrenden aurkako debekua berdin-berdin eman daiteke, baina Estatuarentzat kostua askoz handiagoa izan daiteke.
Euskal Herrian datorren fase politikoaren ardatzak zehazteke daude. Aurreko garaietan bezalaxe, Euskal Herrian nahiz Europan, kontinuismoa aldarrikatzen duen EAJren eta alternantzia eskatzen duen PSOEren eskaintza mugatuen aurrean, ezker abertzaleak mahai gainean jartzen duen alternatibak agenda politikoa markatu dezake. Aurreko garaiaren ardatza, adibidez, gatazka politikoaren fase hau gainditzea izan da, Anoetan ezarritako parametroen arabera. Nire ustez, erronka hau berrestea edo beste bat proposatzea da orain tokatzen dena, besteak beste. Fase politiko berri honek nondik nora jo dezakeen hausnartzeko hemen aipatu diren auziak garrantzitsuak izan daitezke, akaso zentralak ez badira ere.