E.LKARRIZKETA -

Italian, Tonino. Iruñean, Toñin. Huajalote izandakoa, bibote findun galai italiarra da orain. «Me cago en el amor" abestu zuen eta munduan pertsona asko identifikatuta sentitu ziren. Ordutik, toki askotako idolo bihurtu da.

Amagoia Mujika

2009ko Urtarrilaren 16a

Askok pentsatu izan zuen noizbait, baina inork ez zuen asmatu hain garbi esaten. Horregatik, Tonino Carotonek “Me cago en el amor” hain lotsagabe abestu zuenean, munduko bazter askotan sortu zitzaizkion zaleak. Iruindarrak bene-benetan madarikatu zuen maitasuna, bihotza zaurituta zuelako. Eta asko espero gabe, lur jota zegoen garaian, gailurra jo zuen Italian bakarkako bere lehen diskarekin, “Mondo Difficile”. Eta munduak Tonino Carotoneren berri izan zuen. Italiera kaskarrean, maitasunari, alkoholari, bekatuari eta bizitzari ironiaz kantatzen dion itxura bereziko galai ganberroak bere bidea egin du ordutik. Bere fantasia bete du.
Antonio de la Cuestak aurpegi desberdinak ditu. Iruñeko Cagando Duro taldean hasi zen bateria jotzen. Administrazio ikasketak egiten ari zela Tijuana in Blue taldea gurutzatu zitzaion bidean, eta musikaren trenera igo zen azkar. Ondoren, Kojon Prieto y los Huajalotes taldean aritu zen. Hain juxtu, “Insumisión” abesti famatua berea da, eta intsumiso izateagatik eman zuen urtebete kartzelan.
Kartzelan ijitoekin ikasi zuen gitarra jotzen. Handik, bibote fin eta perfektuko galai italiar bihurtuta atera zen. Kaleaz eta likoreaz maiteminduta. Eta betidaniko ametsa betetzeko Italiara joan zen.
Dibo italiarra da orain, oso maitea Italian bezala, Grezian, Argentinan eta Txilen batez ere. Oraintxe aurkeztu berri du Italian bere hirugarren lana, “Ciao Mortali” izenekoa, eta udaberri ingururako Euskal Herrian ere aurkezteko modua izatea espero du. Gabon inguruan etxera bueltatzen da turroien antzera. Eta Iruñean, betiko tokian eta betiko lagunez inguratuta, solas egin du Toñinek GAUR8rekin. «Hemen, Iruñean, Toñin naiz eta izango naiz beti», argitu du bere pirata irribarrearekin.

Antzik ba al dute Tonino Carotonek eta Antonio de la Cuestak?

Bai, dezente. Bati falta zaiona besteak soberan dauka. Toninok Antonio egitera ausartzen ez den gauza asko egiten ditu. Nire nortasunaren parte italiarra da Tonino. Italia niretzako beti izan da inspirazio iturri garrantzitsua eta italieraz kantatzea aspaldidanik nuen fantasia bat zen. Orain batzuetan pentsatzen dut agian noizbait Antonio de la Cuesta bezala zerbait egin dezakedala. Baina, oraingoz, nire proiektu musikala Tonino Carotone da. Eta horretan ari naiz lanean buru-belarri.

Biak ganberroak dira. Horretan ere badute antza.

Egia esan ez nuke jakingo esaten zein den ganberroagoa.

Zergatik aukeratu zenuen Tonino Carotone izena?

Bururatu zitzaidan lehena izan zelako segur aski. Gainera, Renato Carosoneri omenaldi bat egiteko modua ere bada. Napoliko abeslaria Canzone Napolitana deitzen denaren mundu mailako erreferentea da eta niretzako ohorea izan da bera ezagutzea. Duela astebete Carosone saria eman didate Italian; atzerriko artistei ematen zaien saria da. Carosoneren familiak berak ematen du eta ez da sari komertziala. Gauza berriak eta desberdinak egitera ausartzen diren artistak saritzeko modu bat da. Carosone bera oso ausarta eta berritzailea zen. Mota guztietako musikarekin ausartzen zen; musika napoliarra Afrikako erritmoekin nahasten zuen, adibidez. Horregatik, Carotone izenarekin Carosoneri berari omenaldia egin nahi izan nion. Horrez gain, aurpegihandia edo lotsagabea naizela adierazi nahi nuen izen horrekin, caradura alegia. Gerora jakin dut, ordea, italieraz Carotonek ez duela hori esan nahi. Carota azenarioa da eta, beraz, Carotone azenario handia edo antzeko zerbait. Badirudi izen horrek ez duela ondo adierazten benetan egiten dudan musika, eta barregarri samarra ere bada. Horregatik ez dut baztertzen noizbait De la Cuesta izena artistikoki ere erabiltzea. Gainera, De la Cuesta horrek ere badauka kutsu italiarra, ezta?

Italian asko maite zaituzte.

Italian, Grezian, Argentinan eta Txilen asko maite naute. Bakoitzak bere modura, baina maila berdinean. Profeta bat naizela esatera iritsi dira. È un mondo difficile: vita intensa, felicitá a momenti e futuro incierto esaldia denek ezagutzen dute, «Gure aita» otoitzaren parekoa da askorentzat. Argentinan eta Txilen eman izan ditudan kontzertuetan, esaterako, kuleroen eta tangen zaparrada izan da. Oraindik ere asko harritzen nau jendearen harrera beroak.

Etxean baino maitatuagoa sentitu al zara etxetik kanpo?

Musikaren alorrean, agian, kanpoan etxean baino hobeto ulertu naute. Agian bai. Baina maitasunik ez zait faltatu izan hemen, Euskal Herrian. Akaso nire lanaren aitorpena falta izan zait. Egia da Frantzian, Italian, Grezian eta Suitzan, esaterako, nire lana gehiago baloratu edo aitortu dutela hemen baino.

Italiak zu adina maitatzen duzu zuk Italia.

Dagoeneko Huajaloteetan nengoenean italieraz abesten nuen. Gabilanek Mexikoko musikaren eragina zuen eta nik, italiarrarena. 70eko hamarkadako musika italiarra aspaldidanik ezagutzen dut. Abeslari haien kantatzeko moduak eta beren ironiak betidanik liluratu izan nau. 90eko hamarkadan dagoeneko buruan neukan proiektu bat da Tonino Carotonerena. Italieraz kantatzen nuen, italiera kasik batere jakin gabe. Erdia ulertu eta beste erdia asmatu egiten nuen. Baina betidaniko ilusioa eta fantasia izan da niretzat.

Kartzelatik atera eta Italiara. «Me cago en el amor» kantatu eta sekulako arrakasta.

Niretzat emozionalki oso momentu txarra zen, bene-benetan eta barru-barrutik kantatzen nuen «Me cago en el amor». Eta maitasunaren gainean kaka egin behar izan nuen kasik dena berreskuratzeko. Batzuetan hondoa ukitu beharra dago gora egiteko. Harro nago ez zelako izan promozio komertzial baten ondorioz etorritako arrakasta. Abestiagatik eta abestiak esaten zuenagatik lortu nuen arrakasta. Oraindik ere jende askok esaten dit oso identifikatuta sentitzen dela abesti horrekin. Uneoro mina ematen dizun hori madarikatu behar duzu, horren gainean egin behar duzu kaka. Eta maitasunak min ematen badizu, bada, maitasun madarikatua.

Lehen lanean maitasuna madarikatu zenuen eta zaleak egin zenituen. Bigarrenean -«Senza ritorno»-, taberna bazterreko filosofoaren azalean kantatu zenuen. Eta oraintxe aurkeztu duzu hirugarrena, «Ciao mortali».

Benetan gustura nago. Lehenengoz, den dena nik nahi bezala egin dut, alor guztietan. Sekulako lantaldea izan dut eta zortea izan dut, dena juxtu nik nahi nuen bezala egin dudalako. Nire-nirea da diskoa, letra guztiak nireak dira eta sekulako kolaborazioak dauzkat, primerakoak.

«Ciao mortali» da diskoaren izena.

Mundu guztia agurtzeko modua da, denak bere tokian jartzeko modua. Finean, denak hilkorrak gara, aberats zein pobre. Eta hilezkorra dela pentsatzen duena ere hilkorra da. Gainera, ciao hitzak kaixo eta agur esan nahi du italieraz, eta hori ere gustatzen zait. Eta, azkenik, joan direnei omenaldi bat egiteko modua ere bada. Bigarren diskoa egin nuenetik jende asko joan zait: aita hil zen, lagun asko hil dira -denek ezagutzen ditugunak-, joan den urtean taldeko gitarrista zendu zen minbiziarekin... Horiei denei agur esateko modua da diskoaren izena. Eta gainontzekoei nondik gatozen eta nora goazen gogorarazteko modua ere bada ciao mortali hori.

Noiz izango da Euskal Herrian?

Italian oraintxe aurkeztu dut, abenduan. Eta aurreikusitakoaren arabera uda aurretik aurkeztu nahi nuke hemen. Eta, gero, mundura zabaldu nahi nuke. Ea dena espero bezala ateratzen den. Diskoa autoprodukzio bat da eta ahalegin handia egin beharko dugu.

Zer moduz bizi zara Italian?

Oso desberdina da hango eta hemengo bizimodua. Ni herrikoa eta mundukoa naiz, azken urteotan Bartzelona eta Madrilen bizi izan bainaiz. Azken urtea Italian eman dut, Merateko herri txiki batean, Milan iparraldean. Taberna bakarra dago eta hamarretarako ixten dute. Italian lanetik etxera eta etxetik lanera bizi dira, eta aisialdia merkatal guneetan egiten dute. Egia esan, ez dago beste aukera handirik.

Eta Iruñera bueltan, panorama ez al da antzekoa?

Egia esan hiria gero eta grisagoa iruditzen zait, baita jendea bera ere. Bizimodua ere asko aldatu da. Ez Iruñea ez Euskal Herria ez dira dagoeneko lehen zirena. Baina, senza ritorno, ez dago bueltarik eta aurrera begiratu beharra dago. Asko aldatu den arren, beti begiak malkotan ditudala esaten diot agur Iruñeari.

Asko bidaiatzen duzu. Beti daramazu maleta aldean.

Gehiegi. Munduko toki zoragarrietara joaten naiz, eta askotan ordu batzuk baino ez ditut ematen bertan. Batzuetan goizean esnatu eta denbora dezente behar izaten dut non nagoen jakiteko. Eta sentsazio hori oso desatsegina da.

Maitasuna madarikatzen jarraitzen duzu.

Bai, noski. Bizitza honetako gauzarik garrantzitsuena da maitasuna. Erabat zoriontsua edo erabat zorigaiztokoa egin zaitzake maitasunak. Eta kolpe latzenak ere maitasunak ematen ditu. Haginetako mina baldin baduzu, haginak madarikatzen dituzu. Eta maitasunarekin, berdin.

«Askok izaki arraro bati bezala begiratzen dit, segur aski, nondik natorren ez dakielako»

Tijuana in Blue eta Kojon Prieto y los Huajalotes. Musika taldeak ez ezik, bizitzeko modua ere baziren. Nola gogoratzen dituzu garai haiek?

Garai basatiak izan ziren. Sekula ez dira errepikatuko garai haiek, eta ez dira berriz sortuko haiek bezalako belaunaldiak. Bizitzeko beste modu bat zen gurea, askoz askeagoa. Oso gutxi behar genuen ondo pasatzeko, zoriontsuak izateko. Herririk herri ibiltzeko bota on batzuekin nahikoa genuen. Gaur egungo gazteak kontentatzeko askoz gehiago behar da. Beldur handia ematen dit niri horrek. Jende askok izaki arraro bat banintz bezala begiratzen nau, segur aski, nondik natorren ideiarik ere ez dutelako. Garai haiek, etapa hura ezagutu izan balute, askoz hobe ulertuko lukete Tonino Carotone. Oso-oso etapa berezia izan zen hura eta benetan pribilegiatua sentitzen naiz bizitzeko aukera izan nuelako. Borroka, aldarrikapena eta festa modu basatian lotzen genituen, modu errepikaezinean.
Gaur egungo gazteei garai hura agertzea zaila da. Zaila da azaltzea, adibidez, intsumiso izateagatik kartzelan egon zinela.
Aurrekoan, zazpi urteko ilobarekin piratei buruzko film bat ikusten egon nintzen. Kartzelan zergatik egon nintzen galdetu zidan eta esan nion, piraten paralelismoa erabiliz, nire bandera defendatzeagatik hartu nindutela preso. Bakoitzak bere bandera duela eta hori defendatu behar duela beti. Ni leiala naiz nire banderarekin eta nire patuarekin. “Insumisión” eta “Carcelero” abestiak, esaterako, beti daude nirekin. Kontzertu guztietan abesten ditut eta polita da munduan barrena abesti horiekin bidaiatzea. Kontzertuen amaieran jende askok esaten dit, ‘ze ondo pasatu dudan’. ‘Bada, nik askozaz hobeto pasatu dut’, erantzuten diet beti. Eta egia da.

«È un mondo difficile». Ironiak zailtasunak samurtzen al ditu?

Batez ere alaitasunak. Gauza guztiek daukate beste alde bat, alde surrealista, eta hori topatu beharra dago. Baina alderdi hori oso gutxi garatzen dugu. Barre egiten jakin behar da, egoera guztiek daukate alderdi barregarriren bat, baita egoera txarrenek ere.

Munduari barre egiteko gaitasuna ikasi egiten al da?

Bai, ikas daiteke. Huajaloteekin asko ikasi genuen horri buruz. Harremanak basatiak izan ziren eta askotan elkarrekiko errespetua ere galdu genuen. Hori ere egia da. Baina egia da esperientzia hura oso berezia izan zela eta bizi izan genuen guztioi utzi digula arrasto sakona.

Dagoeneko existitzen ez diren antiheroe horietako bat zarela esan izan da zuri buruz.

Izugarri gustatzen zaizkit horrelakoak. Nire barre egiteko modua piratena da. Marrazki bizidunetan betidanik gustatu izan zait gaiztoaren papera egiten duena. Esaten dute kolpe guztiak harentzat izaten direla beti. Baina, berdin zait.