Uxue Alberdi
2009ko Urtarrilaren 16a
Asteon, lagun bat haserretu zait. Ezkondu egingo naiz esan dit eta nik, itxuraz, ez diot hark nahi adina ilusio adierazi. Bera pozik badago ni ere pozten naizela esan diot. Baina ez zaizkidala ezkontzak gustatzen, ez naizela joango. Zer?, berak. Zu pozik bazaude ni pozten naizela. Negar zotinak. Pozik al zaude?, nik. Jakina, hark.
Ez ziren bost minutu igaro etxeko telefonoak berriro jo zuenerako. Koadrillako bat. Ea zer kostatzen zaidan ezkontzara joatea, lagunaren ilusioa betetzeko bada ere. Maiteminduta nago, erantzun nion, maiteminduta nago eta belarrira esaten diot, edo, bestela, balkoitik egiten dut oihu. Balkoipera inor gonbidatu gabe.
Erradikal hutsa zara. Eta telefonoa eskegi zidan.
Handik bi ordura, berriro zen joka. Despedidara etorriko zara behintzat, ez? Ilusioa egingo dio! Ezin izan nuen zakiltxodun diademek ematen didaten atzerakoa disimulatu. Ezetz esan nion, sentitzen nuela, baina nahiago nuela ezkontzarekin zerikusia zuen ezertan ez parte hartu. Ulertzeko, ez zetorrela nire baloreekin bat, ondo pasa zezatela ni gabe.
Zergatik zara hain intolerantea?
Nire postura arrazoitzen saiatu nintzen. Alferrik.
Handik egun batzuetara, Oier Guillanen «Ate hautsiak» poema-liburuaren errezitaldian izan ginen Oreretako Mikelazulo elkartean, eta Oierri «Gora erradikalak! Behera intoleranteak!», entzun nionean ezin izan nuen irribarre gaiztoa ezkutatu. Emanaldiaren ostean, errezitaldia nola landu zuen azaldu zidan Oierrek: poema guztietako pertsonaia ni naiz, baina hiru ahots lantzen saiatu naiz. Bat, bekokitik gorako ahotsa zela aipatu zidan, ahots arrazionala, burutsua, bizarduna. Bigarrena, bularreko ahotsa zela: emozionala, intimoa, emea. Hirugarrena, sabeleko ahotsa zen, erraietakoa: gorrotoarena, desioarena, amorruarena.
Egin dezagun iraultza inori ezer esan gabe...
Egin dezagun iraultza inori ezer esan gabe...
Egin dezagun iraultza inori ezer esan gabe...
Errepikatu zuen ahapeka errezitaldian. Horixe, horixe zen lagunei azaldu nahi niena! Benetako iraultzek ez dutela mikrofonoen beharrik... Inozoa ni. Lehenago konturatu behar nintzen nire arazoa ez zela ideologikoa, emozionala baizik. Lagunaren desilusio aldarriak bularra estutzen zidala, ez bekokia. Bekokitik gorako ahotsarekin konpondu nahi izan nuen arazoa. Baina nire lagunen xantaia bularrekoa zen...
Gaur goizean berriro jo du telefonoak: azkenean ez zara etorriko? Ezetz erantzun diot. Baina, zergatik, ordea? Ekin dio lagunak bereari. Ilusioa egiten dit, erantzun diot. Eta orduan?
Ilusioa egiten dit etxean geratzeak.
Ez dago ilusioari ilusioarekin aurre egitea bezalakorik.




