Hagitz erraza dirudi, abiapuntu kaskarra izanda ere, ongi kanta baitezakete bertsolariek. Sarri, jendea ez da konturatzen gai-jartzaileek zenbat buelta ematen dizkioten buruari eta heldu den larunbateko Bertso Egunean ahalegin horretaz ohartaraziko dituzte zaleak. Guk Unai Elizasuren eta Egoitz Aizpururen esperientzia jaso dugu.
Maider Iantzi
2009ko Urtarrilaren 16a
Saio batek ezin du txarra irten gaiak txarrak direlako», baieztatu du Unai Elizasu altzatarrak. Egoitz Aizpuru oñatiarrak bezala, argi du sukaldariek jaki gustagarriak prestatzeko ahalik eta produkturik egokienak eta onenak ematea dela beraien papera. Biek ere lana gustuko dute eta esku artean dituzten gaiekin konbentzituta igotzen dira taula gainera. Zerbait aportatzen ari dira ikuskizun bati, bertsolaritzari, euskarari, kulturari. Hori guztia lagunartean egiten dute.
Aizpuru «errebotez» hasi zen. 1999an, Gipuzkoako herri arteko txapelketan, hiru bertsolari, epaile bat eta gai-jartzaile bat aurkeztu behar ziren bere herrian eta berari gai-jartzaile izatea egokitu zitzaion zozketan. Orduan ezagutu zituen Saroi Jauregi eta Jon Zaldua. Garai horretatik hainbat jaialditan ibiltzen da eta Gipuzkoako zenbait txapelketatan ere jarri ditu gaiak. Oñatiko bertso eskolako kidea da eta azken lanak taldean egin ditu.
Gai-jartzaile gehienek txapelketetan ekiten diote ibilbideari, baina Elizasuren kasuan ez zen hala izan. Altzako jaietan hasi zen gaiak jartzen eta gogoan du hirugarren urtean Aitor Mendiluzek eta Andoni Egañak telefonoa eskatu ziotela. Lehenbiziko txapelketa egin zuenerako hiru urte ibilia zen plazatan.
Nolakoa da gaiak sortzeko prozesua? Adituek azaldu digutenez, saioa non den jakin eta lehenagotik ezagutu behar da lekua, eta berdin bertsolariak eta publikoa. Faktore horietako batzuk ezin dira beti kontrolpean izan; herri berean bigarren saioa egiten bada bai, ordea. Hori guztia aztertu ondotik, gaiak sortzeari ekiten dio Aizpuruk, ordenatu egiten ditu eta saioa osatzeko zer falta zaion ikusten du. Erlojupeko abiaduran emankorragoa dela aitortu du.
Norbaitek errandako konturen bat, film bateko eszena bat... Edozer izan daiteke baliagarria. Elizasuk telefono mugikorrean apuntatzen ditu ideiak. «Esnatzen zaren momentutik berriz esnatzen zareneraino gertatzen den guztia izan daiteke abiapuntu; ametsak barne», adierazi du. Herri batera joatean informazioa bilatzen du bertako webgunean, aldizkarietan... Iruran, adibidez, bertze semaforo bat jarri zuten kalean eta hori hartu zuen abiapuntutzat. Saioa eginen duten eguna wikipedian idatzi eta orduko gertakariren bat ere har daiteke oinarri. «Edo sortu edo bilatu egin behar dugu. Txapelketak oso egokiak dira sorkuntzarako eta jaialdiak bilaketa lana egiteko», zehaztu du.
Taldeka egiten denean, lan hori guztia mantsoagoa eta neketsuagoa da altzatarraren iritziz. Berak apenas egin du lan taldean eta egin duen gutxietan sentsazioa izan du babestua dagoela baina jendaurrean aurpegia ematen duena bera dela. «Taldean gaizki egin baduzu, taldera ez doaz kulpak, zuk eman duzu aurpegia». Gaiak berak sortu baditu, konbentzituago ematen ditu.
Txapelketetan, taldean aritzen direnean, erraztasunak ere badituztela erantsi du Oñatiko gai-jartzaileak. «Garbi dugu zein gai estilo erabili eta lasaiago goaz». Txapelketako gai batzuk ez lituzkete sekula jarriko jaialdietan, eta alderantziz: txiste eta xelebrekeri batzuek ez dute lekurik lehiaketetan.
Zehaztu dutenez, txapelketan bertsolariarentzat bilatzen da oreka eta jaialdian saioarentzat. Txapelketan ez dute bertsolari batentzat sortzen; kantukideek baldintza beretan abestu dezaten saiatzen dira. Txapelketan gai onak jartzen saiatzen dira; jaialdian, gai egokiak eta, ahal bada, onak.
Hari muturretatik tiraka
2001eko Txapelketa Nagusian Maialen Lujanbiok sorkuntza bide berri bat proposatu zuen eta horrek eragina izan zuen gai-jartzaileengan ere. Bestalde, 1993ko gaiak ez dituzte 2009an jarriko. Gizartearekin, kulturarekin eta eguneroko bilakaerarekin batera aldatzen dira pertsonak, gai-jartzaileak eta, ondorioz, sortzen dituzten gaiak ere bai.
Bertsotan funtzionatzeko moduan eman behar dira gaiak, hari mutur bati heldu eta tiraka pixkanaka jertsea desegiten denean bezala. Badira gai batzuk hainbat saiotan errepikatzen direnak: sagardoa, euskal selekzioa, krisia... Hauekin lotutako mila egoera eta pertsonaia daudela kontuan hartu behar dugu. Krisiaren kasuan, bi aberatsi nola eragiten dien hausnar dezakegu. Gaien zuhaitz genealogikoak egiten dituzte: zein elementu egon daitezke indarkeria sexistarekin loturik? Ikuspegi bereziak bilatzen dituzte; adibidez, bertsolaria emakume bat hil duen gizon baten amaren paperean jartzen dute.
Gai-jartzaile anitz dago Euskal Herriaren luze-zabalean eta Egoitz Aizpuruk eta Unai Elizasuk ez dute denen berririk. Hala ere, pentsatzen dute denak igoko direla konbentzituta oholtzara, uste baitute honetan ari diren guztiek, esperientzia handia dutenek eta urtean behin soilik gaiak jartzen dituztenek ere, zergatik eta zertarako dabiltzan sinesten dutela.




