LITERATURA/ ANTONIO ZAVALA -

Aste honetan aritu dira Frantxi Lopez de Landatxe, Koldo Mitxelenako zuzendaria, eta Joxe Mari Iriondo Zavalak Xabierren zituen artxiboak Donostiara ekartzen.

Joxean Agirre

2009ko Urtarrilaren 16a

Zertan dira Antonio Zavalak Xabierren zituen artxiboak?

2005ean izenpetu genuen Zavalarekin eta Xabierko josulagunen buruekin Auspoa saila eta artxiboak digitalizatzeko hitzarmena. Izenpetu orduko eman genien artxibategi horiei gainbegiratua eta ikusi genuen denak batean ezin genituela ekarri, Antonio Zavala artean lanean zelako. Artxibategi horien erdiak baino gutxiago ekarri ditugu. Egunotan bertan ekarriko dugu falta dena.

Zer ekarri duzue orain artean?

Ahozko literaturari buruzko liburutegi berezitu bat zuen langelan eta lehenik eta behin liburutegi hori ekarri genuen. Hizkuntza ezberdinetan argitaratutako kantutegiak, Estatu espainiarreko zenbait lurraldetako materialak, euskal liburu zahar dezente zuen, baita erabiliko ez zuen prentsa idatzi eta aldizkarien bildumak ere, XIX. mendeko Gipuzkoako prentsa, esate baterako. Ondoren hasi ginen bere karpetekin lanean.

Auspoako liburu bakoitzari buruzko materialaz ari al zara?

Auspoako liburu bakoitzaren materialak gordetzen zituen karpetetan, baina erabili gabeko materialak ere bazituen, gauzatu gabeko proiektuak. Horiek, noski, bertan utzi genituen eta liburuei zegozkien karpetak ekartzen hasi ginen. Heren bat dagoeneko Koldo Mitxelenan dagoela esango nuke. Auspoa bildumak hirurehundik gora zenbaki atera ditu eta 180 aleri dagozkien karpetak ditugu guk dagoeneko esku artean eta grabazio batzuk ere ekarri ditugu. Dena den, erantsi beharra dago, Auspoa Sail Nagusia deitzen zaionak, Txirritari, Pello Errotari, Uztapideri eta abarri buruz aurretik ateratako zenbakiak bildu zituela liburuki handiagoetan eta, horrenbestez, aurrekoei buruzko karpetak erabili zirela liburuki handiago horiek egiteko. Horregatik, Auspoako zenbaki baino karpeta gutxiago dago.

Eskuizkribuak ere izango dira material horiek artean, ezta?

Badira, noski. Xalbadorren «Odolaren mintzoa», Uztapideren «Lengo egunak gogoan», Atanorenak, Txomin Garmendiarenak ere badira eta badira balio handiko materialen artean identifikatu gabeko XIX. mendeko zenbait autoreren eskuz transkribatutako kantuak edo bertso-paperak. Antonio Zavalak bazituen ukitu edo aztertu gabeko zenbait material ere. Esku artean, esate baterako, Bilbon sortutako Gabonetako kantei buruzko proiektu polit bat zuen. Hori ukitu gabe zeukan. Estropadei buruzko bertsoak bildu zituen bezala, pilotari buruzkoak ere bildu nahi zituen eta dokumentu horiek zenbait libururi zegozkien karpetetatik aterata zeuzkan. Hori dena ordenatzen ere badaukagu lan pixka bat.

Talde bat izango duzue hori katalogatu eta digitalizatzeko.

Antzeko fondoak katalogatzen lehendik ari zen talde bera da. Gabriel Celayaren edo Karlos Santamariaren liburutegi eta fondoak ere gurean dira eta horietan lanean aritu den taldea da Zavalaren materialekin lanean ari dena. Alfonso Sastreren liburutegia eta eskuizkribuak ere katalogatzen ari dira.

Lehendabizi bere langelan sartu zinenean, zer aurkitu zenuen? Zer inpresio jaso zenuen?

Xabierren gela bat jarri zioten artxibo horiek guztiak biltzeko. Guri ere asko kostatu zitzaigun gela horretara iristea. Berak esaten zuen bere lana mitifikatzen ari ginela eta ez zuela gordetzen guk uste adina lan, ez zela horrenbesterako. Eta egia da bere liburuetan aipatzen diren iturriak daudela karpeta horietan, baina horrek ez du esan nahi egin duen lana izugarria ez denik. Bitxikeriak ere badira, noski. XIX. mendeko bertso-paper asko dauka. Tolosako «El Cántabro» mende bereko egunkaria ere gordetzen du eta bilduma hori ez dauka beste inork, liburutegietan ere ez baitago. Ni lehen aldiz sartu nintzenean ohartu nintzen lan egiteko metodoa zein zen; dena ondoan pilaturik zuen eta karpeta batzuk zabalduta. Euskaraz bakarrik hitz egiten zuen mundu zahar baten lekukotasuna zegoen bildurik gela horretan.

Zein da Auspoak atera duen azken zenbakia?

Egunotan iritsi da. Bildumako 312. zenbakia da, «Mondragoiko kalezainaren bertsoak».

Bilduma osoa jarriko al da sarean?

Oraingoz digitalizatzen ari gara eta aurrera begira bilduma osoa jarriko da Interneten.

Falta den materiala noiz ekarriko duzue KMra?

Aste honetan bertan ekarriko dugu ia dena. Ez du zentzurik fondo horiek Xabierren edukitzeak, hemen lanean ari den taldeak behar baititu.

AUSPOA bildumaren zaindariak
Lau lekukotasun bildu ditugu

Jose Antonio Irulegi, Realeko entrenatzaile ohia: «Realean 9 urte egin nituen futbolean jokatzen eta orduan hasi nintzen Auspoa hartzen»

«Ni Lasartekoa naiz eta Zuaznabar anaia txalapartariak osabak nituen, Pedro eta Migel. Ordurako Antonio Zavala baserriz baserri zebilen eta osaba horietako baten etxera etorri zen bere bildumarako material bila. Nire osaba horiek baserrian bertso-paperak izango zituzten, beste baserri askotan bezalaxe. Harreman dezentea izan zuen osabarekin eta bilduma etxean izateko izena eman nuen. Txalapartak egin eta jo egiten zituzten nire osaba horiek. Joxean Artze eta beste zenbait berarekin hasi ziren ikasten», hasi zitzaigun kontatzen Jose Antonio Irulegi, Realeko entrenatzaile ohia.
«Ez dakit zenbat, baina Auspoa bildumako liburu dezente ditut etxean. Irakurri, ez ditut denak irakurri, baina jarraipen pixka bat egin nien», jarraitu zuen.
Jose Antonio Irulegi 1956an hasi zen Realean jokatzen eta bederatzi urte egin zituen bertan jokatzen. «Realean jokatzen hasi eta berehala hasi nintzen Auspoako liburuak gordetzen.  Geroago hiru urte egin nituen entrenatzaile. Kanpoan ere urteak eman ditut, baina beti izan dut euskal kulturarekiko kezka eta saiatu izan naiz euskaraz irakurtzen, bestela moteldu egiten baita hizkuntza», esan zuen.

Jon Lopategi, bertsolaria: «Bertsotan hasi berritan eman nuen izena eta bilduma osoa daukat etxean» 

«Ni hasiera-hasieratik egin nintzen harpidedun eta bilduma osoa daukadala uste dut. 60ko hamarkada hasiera izango zen. Ni Gernikan ari nintzen lanean orduan Joyería y Platería deitzen zen lantegi batean. Mahaiko tresnak egiten genituen. Lehen liburua atera zutenean bertsozale eta bertsolarien artean harpide bila hasi ziren eta izena eman nuen», hasi zitzaigun kontatzen Jon Lopategi bertsolaria. Lantegi horretako bulegoan egin zuen lan Lopategik. «Orduantxe nengoen bertsotan ere pixka bat nabarmentzen hasita. Iruditu zitzaidan aurreko bertsolarien lanak ezagutzeko bitarteko on bat izan zitekeela», jarraitu zuen.
Bilduma beste liburuekin batean gordetzen du. «Bat edo bat faltako da beharbada, baina gutxi. Iritsi ahala irakurri izan ditut liburuak. Ez dut esango denak irakurri ditudanik, baina gehienak bai. Egia esateko, bertsolari handienen lanei jarri nien arretarik gehien, Txirrita, Pello Errota eta gisakoei. Oso material interesgarria da bertsoaren mundua ezagutzeko. Bertsolari izan nahi duen batek derrigor ezagutu beharreko altxorra da. Ni ere orduan hasi berri samarra nintzen eta oso lagungarri egin zitzaidan», esan zuen.

Inaxio Mujika, idazlea: «Hor badago gauzak esateko modua aztertzeko eta gozatzeko ozeano bat»

«Ni, noski, beranduagokoa naiz, baina lortu dut Auspoa zaharra osorik izatea. Banan-banan joan naiz bilduma osatzen. 200. zenbakiraino behintzat osatzea lortu dut. Hortik aurrera hutsarte handiagoak ditut», hasi zitzaigun Inaxio Mujika idazle eta Alberdania argitaletxeko arduraduna.
«Aitortuz bertsolaritzaren historiarako Auspoa bildumak daukan garrantzia, hori ez diot kentzen, baina ez da nire arlo berekia nolabait esateko, niretzat badago hor gauzak esateko modua ikertzeko ozeano bat. Dagoeneko galdu den esateko modu bat dago hor, kontatzeko modu bat agertzen da. Zavalak nolabait edertu gabe jaso ditu gauzak, bere horretan, zegoen zegoenean ekarri ditu gure begietara. Bertsolarien lanak ere garrantzitsuak izango dira, baina baita prosazko lanak ere. Grabagailurik ez zegoen garaietako ahozko kontatzeko modu bat bildu zuen. Idazle batentzat hori harrobia da. Ez du balio, noski, hori kopiatzeko. Ez dut nik inolaz ere hori proposatzen eredutzat, baina uste dut hor agertzen diren erregistroak erabili daitezkeela literaturan ere», jarraitu zuen Mujikak.
Antonio Zavalak, bestalde, bilketa lanaz gainera kontalariak idaztera bultzatzen egin zuen lana ere nabarmendu zuen Mujikak. Ataño, Arrizabalo, Salaberria, Mikaela Elizegi, Mari Treku, Iñaki Alkain eta beste hainbat jarri baitzituen idazten. «Mikaela Elizegiren jarduna bestela galdu egingo zen. Gogoratzen naiz liburu horren bila nola ibili nintzen arima erratu baten moduan, harik eta aurkitu nuen arte. Grina hori piztu zidana Bernardo Atxaga izan zen. Hark emandako pista bati esker abiatu nintzen. Bernardok badu horretan meritu bat, nolabait esateko mundu berritik abiatuta mundu horrekiko harrera zabala erakutsi baitzuen. Jakin izan zuen hor zegoena ikusten. Berak eta beste batzuek», jarraitu zuen Mujikak.
Bere ustez, kontalari gipuzkoarretan bederen estilo bateratu samar bat ikusten du kontatzeko moduan. «Ez ikasietan behintzat batasun hori sumatzen dut. Badaude Salaberria, Irazusta, Baserri eta beste zenbait ikasiak direnak eta hori sumatzen zaie, garbizalekeriatik datozen hitz batzuk sartzen dituztenean, esaterako, nahiz eta jardun naturala nagusitzen zaien. Baina Mikaela eta gisakoak harribitxiak dira. Erdararen kutsurik apenas ez duen jendea da eta gauzak beti esan izan diren moduan esateko gaitasuna dute. Nik neuk zerbait atabikoarekin lotzen nuen prosa hori: nire aitona entzuten nuen hizketan irakurtzen ari nintzen bitartean. Soinu hau entzuna dut nik eta dagoeneko ez da kalean entzuten esaten nuen nirekiko. Eta elkarrizketetan askotan erabili izan dut liburu horietako gauzak kontatzeko modua. Nik  gehiago ikasi dut liburu horiek irakurriz beste askorekin baino», erantsi zuen.

Joakin berasategi, Sendoaren sortzailea: «Auspoako lehen liburua, ‘Sagardoaren grazia’, atera orduko iritsi zen gurera» 

«Juxtu-juxtu ez naiz gogoratzen noiz eta nola ezagutu nuen Antonio Zavala, baina Auspoako lehenengo liburua (‘Sagardoaren grazia’) gure baserrira 1961. urtean iritsi zela badakit. Nola? Herriko bikarioak emango zion helbidea, urteetan sukaldean ikusi nuen eta behin eta berriz irakurri genuen. Ez genuen inolaz ere pentsatu liburu hura 300 aletik gorako bilduma baten hasiera izango zenik», esan zigun Joakin Berasategik, Sendoa argitaletxearen sortzaileak, Zavalarekin izan zuen harremanaz galdetuta. «Ni bertso jaialdietara sarri joaten nintzen, eta Antonio ere han izaten zen, bertsoak grabatzen batzutan, eta gaztetxo batzuekin liburu saltzen ere bai», jarraitu zuen.
1974an argitaratu zituen Joakinek “Lengo egunak gogoan”, “Odolaren mintzoa” eta beste zenbait lan. «Sei liburu kaleratu ziren Auspoaren izenean, diktadura garaian zaila baitzen argitaletxe baimenak lortzea. Horregatik, Sendoa geroxeago sortu zen», esan zuen.
Bildumari buruzko balorazioa eskatu eta «nahiz eta balio gehiago eta gutxiago duten liburuak izan bilduma horretan, badira mundua mundu den arte bakarrak izango direnak, esate baterako, hamabi alez osaturiko Sail Nagusia, sei aleko Sail Berezia, ‘Romantzeroa’, ‘Auspoaren auspoa’ (lau ale), ‘Oiñez eta jakin miñez’ (hiru ale), ‘Itzaurrea’ (Ortik eta emendik-Justo M. Mokoroa), ‘Pensamiento intuitivo y discursivo en la poesía popular vasca’ (Oiartzun - Manuel Lekuonaren jaiotzaren 100. urteurrena) eta beste hainbat. Antzekoa da ‘Biblioteca de Narrativa Popular’ bilduma ere (28 ale). Gaur egun, Australia, Alemania, Ameriketako Estatu Batuak, Italia, Frantzia eta Espainiako liburutegi gehienetan dago bilduma», esan zuen Joakinek.