-

Ramon Sola

2009ko Urtarrilaren 16a

Ez-epaiketa deitu dio jende askok Bilboko Auzitegi Nagusian egin behar zen epaiketari, eta ez da harritzekoa. Duela hiru hilabete herri galdeketa izan behar zena ez-galdeketa bilakatu zen, eta antzekoa ikusi dugu orain. Askok iragarria zuten saio horren gauza nabarmenena hasierako argazkia izango zela, eta honelaxe gertatu da azkenean. Irudia baino ez da izan. Itxurakeria, agian.

Interesgarri gerta liteke Patxi Lopezek, Juan Jose Ibarretxek, Arnaldo Otegik eta abarrek negoziazio prozesuaz -edo negoziazio prozeduraz behintzat- esateko zutena entzutea, baina ez da aukerarik izan. Hala ere, irudia omen zen garrantzitsuena, eta irudiak ere zeresana eta zer pentsa eman dezake.

Errepara diezaiogun, adibidez, Patxi Lopez eta Rodolfo Aresen aldarteari. PSEkoen aurpegi ilun eta buru makur horiek aurretik ere ikusiak genituen. Gogoratzen? Bai, 2006 urteko uztailaren 6an izan zen, Donostiako hotel batean. Txupinazoaren eguna izanagatik ere, ez zirudien dozenaka kameren aurrean Lopez eta Ares batere gustura zeudenik. Gerora jakingo zenez, gogo txarrez eta nolabait behartuta joan ziren Lopez eta Ares ezker abertzalearekin biltzera, Zapaterok puztu nahi zuen prozesuaren puxikak hiru hilabete eskasetan plast egin ez zezan. Aurpegi ilunez eta burumakur agertu ziren orduan, epaiketa honetan bezalaxe. Elkarrizketarako gogorik ez du PSOEk, ez lehen eta ez orain. Gatazka konpontzeko beharrik ez omen du ikusten.

Erdian, Ibarretxe. Batzuk eta besteak agurtu ditu, eta protagonista bakarra bera zela saldu nahi izan du. Lehendakaria gatazka konpontzeko elkarrizketaren aldekoa denik ez dut ukatuko (beste kontu bat da sindikatuekin edo hainbat gizarte mugimendurekin egin behar badu). Baina ez da bakarra, ezta elkarrizketaren aitzindaria ere, Iñigo Urkulluk esan duen bezala. Ibarretxek balizko alderdien arteko mahaia gidatu nahi izan zuenerako, aspaldi ari ziren PSOE eta ezker abertzalea bidea lantzen.

Kezka aurpegia erakutsi du Ibarretxek aulkitxoan, horretarako arrazoirik izan ez arren. Espetxe zigorra jasan zezaketen bakarrak -hobe esanda, dagoeneko jasaten ari direnak- ezker abertzaleko bost kideak ziren. Paradoxikoki, irribarretsu azaldu diren bakarrak Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Olatz Dañobeitia eta Juan Joxe Petrikorena izan dira. Zuzen eta zintzo jokatu duenaren patxada erakutsi dute epaileen aurrean. Elkarrizketan sinesten duenaren konbentzimendu irmoa.

Epaileei batzuek eta besteek zer esan behar zieten ez dugu jakingo, oraingoz. Baina aurpegiak eta keinuak aski esanguratsuak izan dira. Batez ere, epaiketa edo ez-epaiketa hau ezin delako huskeriatzat edo fribolitatetzat hartu. Elkarrizketaren aurkako auzi prebentiboa izan da, dudarik gabe. Badaezpadakoa. Gurean gero eta maizago gertatzen dira «badaezpadako» gauzak. Badaezpadako atxiloketekin hasi ginen. Badaezpadako ilegalizazioak etorri ziren gero. Badaezpadako inputazioak eta badaezpadako espetxeratzeak. Orain badaezpadako auzia ezagutu eta badaezpadako ez-epaiketa ikusi dugu. Epairik ez da sinatu, baina mehatxua bertan gelditu da.

Horregatik ez dago soberan bakoitzaren keinua aztertzea. Berriz esertzeko prest agertu zaizkigu ezker abertzalekoak, ausart, indarrez eta itxaropenez; Arnaldo Otegik berak Anoetako prozeduraren balioa berretsi du epai-aretotik atera bezain pronto; berau, hain zuzen ere, laster Anoetako ekitaldiarengatik epaitu behar duten arren. Ibarretxek, ordea, elkarrizketa egin ote daitekeen jakin nahian dabil, eta noren eta auzitegi espainolen oniritzia eskatu du. Lopezi, azkenik, aurpegia samindu egiten zaio elkarrizketa aipatzen zaionean, konponbidea aipatzen zaionean.