PALESTINA -

Al Jazeera telebista kateak bere modura, eta Al Arabiyak, berera. Youtuben Israeldarren ahotsa da nagusi, eta, Paltuben, palestinarrena. Israelek eraso egin dio bortizki Gazari, eta munduko komunikabide gehienek kontatu dute gertatutakoa, edo gertatu dela uste dutena. Modu askotara kontatu dute sarraskia.

2009ko Urtarrilaren 16a

Gaza itxita dago kazetarientzat. Hala erabaki du Israelek. Ondorioz, kazetarientzat ez da erraza izaten ari Gazako sarraskiaren berri zehatza munduaren begietara agertzea.

«Zeren beldur da Israel?», galdetu du Robert Fisk izen handiko kazetari britainiarrak. Bere esanetan, israeldarren teknika hori ez da berria, aurretik ere erabili izan dute, eta arrakastarik lortu gabe, gainera. «Ez gaitu harritu behar israeldarrek, sobietarren teknika zaharra erabiliz, munduari gerra ezkutatu nahi izateak. Baina, emaitza ez da israeldarrek nahi dutena. Uhin magnetikoetan ez dira nagusi Mendebaldeko kazetarien ahotsak, palestinarrenak baizik. Israeldarren aireko eta lurreko erasoak jasaten ari diren gizonak eta emakumeak ari dira beren istorioak telebistetan, irratietan eta egunkarietan konta- tzen. Eta inoiz ez bezala egiten ari dira, Mendebaldeko kazetarien iragazkirik gabe». Fisken esanetan, gatazkak kontatzeko modu berria izan daiteke hori, «protagonistek beren istorioak lehen pertsonan kontatzea, alegia».

Al Jazeera eta Al Arabiya

Komunikabideen alderditik begiratuta -beste alderdi askotatik bezala-, benetan aztertzeko modukoa gertatzen ari da Gazako sarraskia. Komunikabide asko kanpotik ari dira gerraren berri ematen. Eta barrutik ari diren gutxi horien artean -Al Jazeera eta Al Arabiya, esaterako- bada desberdintasunik.

«Gaza tiroen pean». Horixe Al Jazeera telebistak Israelen erasoa zuzenean agertzeko aukeratu duen izenburua. Batzuen esanetan, nabarmena da kate hori Palestinaren aldekoa dela, batez ere, hildakoak «martiri» modura agertzen dituelako. Ahmed Al Sheikh erredakzio buruak oso garbi ditu gauzak. «Hildakoei martiri zergatik esaten diegun galdetu beharrean, geldi dezatela hilketa. Hartara, ez da martiri gehiago izango», agertu zuen. Eta beren komunikabidea modu objektiboan ari dela nabarmendu zuen. «Bonbardaketen eta biktimen irudiak eskaintzen ditugu, baina Israelgo ordezkarien ikuspuntuari ere eskaintzen diogu tokia».

Sheikhen esanetan, beren telebista katea «maisua da objektibitatean». «Nazioarteko telebistek eta albiste agentziek ez dute informazioa hain zabal ematen, Israelen erreakzioaren beldur direlako».

Bere aldetik, Al Arabiya telebista kateak oso tono desberdina aukeratu du «Gazako inbasioa» izendatu dutenaren berri emateko. Saudi Arabiako telebistak ez du «martiri» hitza erabiltzen; «hildako» edo «biktima» hitzak erabiltzen ditu. Hala ere, Gazatik zuzenean ari diren kazetariek erabiltzen dute «martiri» hitza. «Ez da gure egitekoa biktimei `martiri' titulua ematea. Termino profesionalak erabiltzen ditugu. Baina, batzuetan, bertatik zuzenean ari diren kazetariek `martiri' hitza erabil-tzen dute inguruan dituzten gazatarren presioagatik», agertu du Nakhle El Hagek, Al Arabiyako albistegietako buruak.

Ematen dituzten irudiei dagokienez ere badute desberdintasunik bi kate arabiarrek. Al Jazeerak odoldutako gorpuen irudiak eskaintzen ditu. Biktimak gerraren parte direla eta horiek ezkutatuz gero, «gudaren ankerkeria ezkutatzen dela» garbi dauka Al Jazeerak.

Al Arabiya askozaz murriztaileagoa da. «Ikus-entzuleak asalda ditzaketen irudiak ez ditugu emititzen. Kazetari bezala gure lana irudi horiek ikusi eta deskribatzea da».

Youtube eta Paltube

Interneten ere aurrez aurre ari dira borrokan Israel eta Palestina. Akaso, arma berdinagoekin. Israelen eta Palestinaren arteko gatazkak oihartzun handia izan du Interneten. Blogak eta foroak sutan daude, baina, horrez gain, alderdi bakoitzak bere arma propioak eskuratu ditu sarean. Izan ere, irudien eta mezuen kontrola kasik operazio militarrak bezain garrantzitsua bihurtu da.

Israelgo armadak Youtube web gunea aukeratu du bere erasorako. Armadako bozeramaileek jartzen dituzte hitzak eta, irudiak, hegazkinek airetik hartutakoak dira. Helburua garbia da: Hamas erakunde terrorista dela, zibilak «giza-ezkutu» modura erabiltzen dituela eta mezkitetan armak gordetzen dituela frogatzea.

Paltube -zerbitzaria Moskun du- Hamasek erabiltzen du, «Gazako holokausto sionista» salatzeko eta, eraso horri aurre egiteko asmoz, martirien apologia egiteko. Aipaturiko web gunea zabaltzean, agure bat negarrez eta odolez zikindutako haurren hilotzak pilatuta ageri dira. Gainera, Paltube web gunean zuzenean ikus daiteke Al-Quds telebista katea. «Etsaia garaituko dugu eta erretiratu egingo da», irakur daiteke aipaturiko orrialdean.

Israelgo armadak Youtuben daukan tartea soilagoa da. Bertan, armadako bozeramaileak ageri dira hizketan, erasoak justifikatzeko ahaleginean. Eta Gazako iparraldean egindako operazio batean topatutako doku- mentazioa ikus daiteke bideo batean, ustez Hamasena.

«Oso plataforma zabala erabiltzen dugu, armadaren jarrera eta Hamaseko terroristen ekin-tzak mundu osoari agertzeko», adierazi du bideo horietako batean Ishai David kapitainak.

Jerome Bourdon soziologoa da eta Tel Aviveko unibertsitatean Komunikazio Sailaren arduraduna. Bere esanetan, bai Israelek, bai Palestinak, baliabide oso modernoak erabiltzen dituzte oso estrategia zaharra gauzatzeko: propaganda. «Fenomeno hori gora doa. Mundu osoak, baita erakunde kontserbatzaileenek ere, Youtuberen inguruan pen-tsatzen dute», esan du Bourdonek. «Gainera -jarraitu du-, baliabide horri esker, bi alderdiek tropak mobilizatzea eta morala handitzea lortzen dute».

Irain larri, mehatxu eta ahoberokeriak eragin ditu sarean gatazkak

Israel Gazan egiten ari den sarraskiak mehatxu, irain larriak eta ahoberokeriak eragin ditu eta irain horietako askori arrazakeria darie. Hori dela-eta, komunikabide askok kontrol bereziak jarri dituzte beren web orrietan eta zenbait herrialdetan, Estatu frantsesean, esate baterako, internauten iruzkinak blokeatzera iritsi dira.
“Liberation” egunkariko arduradunek esan dutenez, Israelek erasoari ekin orduko, «gorrotoa lehertu balitz bezala, elkarri irain egin eta mehatxuka hasi ziren internautak». Moderatzaile lana egiten duten taldeak lanari buru eman ezinik ibili omen ziren eta liberation.fr web orriak iruzkinen atala itxi behar izan zuen, adierazpen izugarri arrazistak agertzen baitziren, behin eta berriz. Egunkari horrek gatazkari buruzko eztabaida bideratzeko foro bat zabaltzea proposatu du, baina bertan parte hartu ahal izateko, partaideek izena eman beharko dute aldez aurretik.
“20 Minutes” izeneko doako egunkariak ere itxi egin zuen, asteazkenean, bere iruzkinen saila. «Gero eta gehiago ziren bertan agertzen ziren sionisten aurkako iruzkinak eta, horiei erantzunez, musulmanen kontrako irainak», adierazi zion AFP agentziari Clémence Lemaistrek, egunkari horretako erredakzio buruak.
LCI informazio kanalak ere antzeko erabakia hartu behar izan zuen. «Iritzien %90 argitaraezinak ziren. Ez zuten ezer argitzen, gorrotoa adierazten zuen soilik eta, zerbait eragitekotan, tentsioa eragin zezaketen», esan zuen Pascal Emond erredakzio buruak. Herrialde horretan iruzkinak kontrolatzen dituzten hedabide elektronikoak editoretzat kontsideratzen ditu legeak eta argitaratzen dituzten iritziengatik zigortuak izan daitezke.