Koldo Sagasti
2009ko Urtarrilaren 16a
Haurren gorpu urratuak, ume hil berria besoartean daraman aitaren garrasi lazgarri itoak, fosforo berdeak desitxuratutako aurpegiak, izara zuriz bildutako zerraldoak... Beldurrezko filmen gidoilari onenak ere asmatu ezingo zukeen pelikula ikaragarria. Eta argazkiak pilatu ahala harritzeko gaitasuna apurka-apurka galtzeko arriskuan gaude. Gero eta urrunago sentitzen ditugu Mediterraneoaz beste aldeko gizaki horiek, inork jasan ezingo lukeen sufrimendua pairatzeko gai, beti oihu bizian, negar zotin itoak, etsipenak hartuak... Nola liteke humanoa izan horrenbesteko samina sufritzeko gai dena?
Adimenari ihes egiten dion egoera honek errealitatea desitxuratzera garamatza. Zaila egiten zaigu onartzea irudi lazgarri horien atzean gu bezalako pertsonak daudela, aita eta ama dauzkatela, noizbait maitemindu direla, ametsak eta itxaropenak dauzkatela, urtebetetzeak ospatzen dituztela, maite dutela arratsalde sargoritsuetan hondartzan bainatzea, noizbait futbolari izan nahi zuten haurrak izan direla...
2004ko abuztuan ezohiko egoera batean heldu nintzen Gazara, asteak zeramatzaten armada israeldarraren erasorik gabe eta hegoaldean, Rafah hirian, armada sionistaren Caterpiller buldozzerek palestinarren etxeak birrintzen jarraitzen bazuten ere, egoera, oro har, lasaia zen. Udako bero sapari aurre egite aldera, gazatar askok itsasertzeko freskotasunean bilatzen zuten babesa, eta, ostiraleko jai eguna izanik, jende andanak hondartza betetzen zuen. Gazako 30 kilometro inguruko hondartzan (kolonoek garai hartan okupatzen zuten hegoaldeko zatian salbu) ehunka lagunek aisialdiaz gozatzen zuten, familia giroan, boleibolean jokatzen batzuk eta Mediterraneoko ur epeletan bainua hartzen besteak. Kaiaren aldean, halaber, haur koxkorrak jolasean zebiltzan, eraitsitako etxeen hondarrez eraikitako moilatik behera salto egiten portuko uretara. Itsas ondoko jatetxe batetik zetozen tiro hotsek izutu gintuzten, ezkontza bat zen. Ezkon-kalejiraren aitzinean musika banda zeramaten pick up baten atoian doinu herrikoiak jotzen, eta musikarien atzean familia osoa, giro alaian, kalashnikova eskuan zeramatela aireari tiro egiten.
Harritu egin gintuen egoerak, baina Mediterraneo osoko ohitura omen da egun esanguratsuak suziriz, txapliguz, txinpartaz eta burrunbaz ospatzea. Bitxia iruditu omen zitzaien bisitari atzerritarren presentzia eta eztei osteko festara sarrarazi gintuzten, familiakoak bagina bezala. Haratago, hondartzan, neska-mutil talde bat zegoen, kapela berdea jantzita denak, hondartzan jolasean; Hamas-ek haur txikientzat antolatutako udalekuak ziren. Batzuk gerturatu zitzaizkigun jakin-minak bultzatuta, arabieraz milaka galdera egiten. Guk irribarre batekin erantzun genien. Beste batzuek kometei hegan eragiten zieten, zein baino zein urrunago, haiek inoiz atera ezin izango diren kanpoko mundura askatu nahi izan balituzte bezala. Miresgarria da ume palestinarrek kometekin jolasteko duten zaletasuna, hegan egiten duen edo mugak gainditzeko gai den edozerekiko erakargarritasuna.
Ilunabarrean talde asko hondartza ondoko txiringitoetara biltzen zen ur pipa erre eta menda ura edatera. Gu itsasertzeko terraza batean libre gelditzen zen mahai bakarrean eseri ginen arrain parrillada afaltzera. Palestinarrek baimenduta dauzkaten sei itsas-milia arteko tartean txalupetan harrapatutako arrain sorta atera ziguten erretilu batean. Inguruko mahaietan familiek zein lagun koadrilek, solasean jarduten zuten, nargila baten inguruan eta itsasoari begira; izan ere, itsasoko ostertza da kontzentrazio esparru gainpopulatuan begiradari atsedena emateko xede bakarra. Gazte ilehori bat bildu zen gure taldera eta ingeles txukunean aurkeztu zuen bere burua. Ahmed zuen izena. Itxuragatik anglosaxoia zirudien arren kazetari gazatarra omen zen gure solaskide berria.
Garai hobeaz aritu zitzaigun, aireportua eraiki zutenekoa eta bizitzan lehenbiziko aldiz Gazatik ateratzeko aukera izan zuenekoa. Espainiako Gobernuak Gazako aireportua eraiki zuenean inaugurazio hegalaldi bat antolatu omen zuten bertako prentsarako, Istanbulerako joan eta etorriko bidaia, eta kazetari gazteak horretan bidaiatzeko aukera izan zuen. Gazako aireportutik ateratako lehenengo eta azken hegalaldia izan zen, izan ere, handik gutxira israeldar armadak bonbardatu zuen (egunera arte, oraindik ere, Espainiako Gobernuak ez dio inongo kalte-ordainik eskatu Israeli azpiegitura hori birrindu izanagatik).
Solas ederrean eta ur pipa zurrupaka geundela gauak aurrera egin zuen. Halako batean, itsasertzean zeru izartsuari begira geundela, argi izpi batek zeharkatu zuen ostertza eta errealitatera bueltarazi gintuen. «Hara! Izar iheskorra!», oihukatu zuen gure taldeko despistaturen batek, eta denok egin genuen barre gazi-gozo bat, ustezko izarra Gazako gauetan okupatzaileen gerra hegazkinek jaurti ohi dituzten misiletako bat baitzen.
Momentu batez Gazan geundela ere ahaztu genuen, gutxik esango zukeen azken hamarkadetako sarraski odoltsuenetakoen eszenatokian geundela. Arratsalde horretako hondartza inguruko giroa ikusita, bazirudien, bizitza gailendu zitzaiola oinazeari. Bizitzeko gogoak edozein zirrikitu bilatzen du gainezka egiteko, eta ezohiko egun horietan bestelako egoera batean Gazako bizitza izan zitekeenaren zantzu bat sumatu ahal izan genuen. Okupaziorik gabe, itsasbazter horretako bizimodua nolakoa izan zitekeen amestu genuen.
Bi urte geroago, 2006ko udan, ordea, gutxi gelditzen zen gogoan gordetzen nituen hondartza arratsalde horien oroitzapenetatik. Armada sionistaren hegazkinek gau eta egun bonbardatzen zuten zerrenda eta orduan ez zegoen aisialdirako itsasertzeko freskotasunaren babesa bilatuko zuenik. Hilabete lehenago, ekaineko ostiral arratsalde batean, Israelgo armadaren gerraontziek hondartza tirokatu eta bederatzi laguneko familia oso bat hil zuten. Neskatila txiki bat atera zen bizirik, haren senitarteko guztien gorpuak leher eginda ikusita. Geroztik ez zen inor hondartzara joaten ausartzen. Itsasondoko txiringito guztiak hutsik zeuden, pelikuletako mamu-hiri batean bezala, eta kontzentrazio eremuko biztanleek bonbardatutako etxeen hondakinen artean bilatzen zuten ezkutalekua. Bi urte lehenagoko udako gau hartan arrain parrillada afaldu genuen leku hartara eramateko eskatu genion taxi gidariari. Ez zen arrastorik gelditzen jatetxeaz.
Gazako familia duen Bethlehemeko lagun batek kontatu dit egunotan telebistako albistegiei adi daudela denak Zisjordanian, ezagun edo senitartekoren bat agertzen den ikusteko. Izan ere, aspaldi galdu dute kontaktua kaiola barruan dituztenekin. Guretzat, aldiz, aurpegi arrotzak dira bonba jasaren ondoren, sarraskiaren ikuspegi ikaragarriak itsututa, noraezean ibiltzen diren gorpu bizidun horiek. Baina pantailaz beste aldeko mamu horiek izen-abizenak dauzkate, eta Mahmud Darwish olerkari palestinarra zenak esan zuenez, oroitzapenak dauzkate, jendea jaiotzen den bezala jaio ziren, ama bat daukate, eta leihoz beteriko etxe bat, eta anaiak, lagunak, eta ziega bat leiho hotz batekin, eta kaioek bahitu duten olatu bat daukate, eta paisaia gogoko bat... Eta inongo gupidarik gabe Gaza mapatik ezabatzen temati dabiltzan horiek haien odol grina asetzen dutenean (otsaileko Israelgo hauteskundetarako, alegia) bizitza arrastorik gelditzen baldin bada zerrendan, hori gailenduko zaio saminari, eta holokaustoaren hondarren azken zirrikitutik bizitzak gainezka egingo du.




