-

Jose Angel Oria

2009ko Urtarrilaren 16a

Ruandako bi kazetari zigortu berri dituzte orain hamalau urteko genozidio ikaragarriaren garaian gorrotoa hedatzeko eta sarraskiak sustatzeko egin omen zuten lanaren eraginez, «La Jornada» egunkarian irakurri ahal izan dugunez. 1994ko genozidioaren arduradunak epaitzeko eratutako Ruandarako Nazioarteko Zigor Auzitegiak 2003an erabaki zuenez, RTLM Radio-Television Libre des Milles Collines izeneko hedabideak, 1993ko uztailetik 1994ko uztailera bitartean, «gorrotoaren eta genozidioaren suari eragin zion». Horrexegatik, Ferdinand Nahimana eta Jean-Bosco Barayagwiza zigortu zituen, makina bat krimen egotzi ondoren. Mexikoko egunkariak nabarmendu duenez, Alemaniako Nurembergeko auzitegiak gerra krimenengatik Julius Streicher 1946an zigortu zuenetik, ez zen halako zigorrik ezarri. Streicherrek zuzentzen zuen «Der Sturmer» aldizkariak «antisemitismoa» bultzatu zuela erabaki zuten garaiko epaileek. «RTLM muturreko adibidea izan zen. NBE Nazio Batuen Erakundeak, bakearen aldeko lana egiten duten erakundeei gomendatzen die, lekuan lekuko hedabideak zaintzeko ahaleginak koordinatzeko», «La Jornadan» irakurritakoaren arabera.

«Gatazka egoera batean gauzarik garrantzitsuena, komunikazioa elkarrizketa moduan joatea litzateke», Sandra Melone Search for Common Ground gobernuz kanpoko erakundeko presidenteordeak IPS agentziari esan dionez. «Politikarien artean gertatzen den guztia herritarrei jakinarazi behar zaie, eta herritarren beharren, nahien, beldurren eta jarreren berri izan behar dute agintariek -erantsi du Melonek-. Kasu gehienetan, ordea, hori gero pentsatzen da, eta orduan ez dago ekimen hori ordainduko duen dirurik. Bakea sendotzeko ahaleginean hedabideek egin beharrekoa garatu beharra daukagu». Bat egiten du ideia horiekin Susan Manuel NBEko adituak: «Behar-beharrezkoa da NBE eta diru emaileen komunitatea, hedabideak eta komunikazioak gatazkak berpiztu ez daitezen eta gobernantza egokia lortzeko izugarri garrantzitsuak direla konbentzitzea».

NBEk duen aurrekontuaren erdia bakea sendotzeko ekimenetarako izaten da, baina hedabideak berreraikitzeko ez da sosik izaten, adituen arabera. «Sistema politikoan ahots independente moduan bizirik jarraitu dezaten, nazioarteko komunitateak lekuan lekuko hedabideak suspertu beharko lituzke», Bill Orme NBEko agentzia bateko adituaren arabera. Haren iritziz, komunikazio egokia ezinbestekoa da «talde armatuak desmobilizatzeko, adiskidetzea lortzeko eta hauteskundeak egin ahal izateko».

Gauzak egin egiten dira, baina ez erarik egokienean. Ormek erantsi duenez, «Bakea Sendotzeko Batzordearen erantzunetan ez da ageri ere egiten hedabideen lana, eta bere txostenetan `hedabide' hitza ez da azaltzen».

Sheldon Himelfarb AEBetako Bakearen Institutuko presidenteordearen ustez, bakea sendotzeko lanean ari diren erakundeen arteko koordinazio falta konpontzeari lehentasuna eman behar zaio. Aditu honek gogorarazten du Bosnia-Herzegovinako kasua. «Gerra bukatu zenean, irrati eta telebistaren bitartez egindako informazio kanpaina batek, «Errespetua» izenekoak, herritarren %90era iristea lortu zuen. Horri esker, gerraren eraginez beraien herriak eta etxeak utzi behar izan zituzten askok itzultzeko urratsa egin zuten», adierazi zuen estatubatuarrak. Tankerako zerbait egin omen zen Irlandako iparraldean 1998an, herritarrek erreferendumean Ostiral Santuko Itunaren aldeko botoa eman zezaten. «Baina hori ezin da egin gerrak azpiegitura osoa suntsitu duen lekuetan», erantsi du.