Zapatisten matxinadaren hamabosgarren urteurrenak Mexikoko ezkerreko indarren arteko harremanak zein gaizki dauden erakutsi digu. Marcos komandanteordeak hitz egin zuen, aspaldiko partez, politika egiteko beste modu bat defenditzeko. Greziako eta Gazako gertakizunak askotan aipatu zituen hizlari zapatistak.
Jose Angel Oria
2009ko Urtarrilaren 16a
AEBetatik hasita mundu osora hedatzen ari den krisi ekonomikoarekin batera iritsi da EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistak abiarazitako matxinadaren hamabosgarren urteurrena. Begirale batzuen iritziz, zapatisten mezuak eta jarduerak ikaragarri garrantzitsuak izan dira globalizazioaren aurkako mugimenduarentzat, hau da, azken hamarkadotako munduko ezkerrentzat. Jendarte Foroen abiapuntua Chiapasen kokatzen duenik ere bada. Beste batzuentzat, aldiz, Marcos komandanteordearen «nartzisismoak» ezkerreko indarren arteko elkarlana zapuztu du.
Hamabosgarren urteurrena ospatzeko, Amorru Duinaren I. Jaialdia egin zuten urte hasieran; zapatisten egungo kezkak eta hausnarketak ezagutzeko aukera ezin hobea. Bertaratzerik izan ez genuenok, «La Jornada» Mexikoko egunkarian dauzkagu han esan zenari buruzko informazioak eta artikuluak, Marcosen aldekoak zein aurkakoak.
Zer diote zapatistek Mexikon gero eta tragikoagoa den «narkoen» aurkako borrokari buruz? Zer, erortzear dagoela dirudien kapitalismoaren inguruan? Zer, ezkerreko beste indarrei dagokienez? Joao Pedro Stedile Brasileko MST Lurrik Gabekoen Mugimenduko buruaren esanetan, «Mexiko da gaur egungo kapitalismoaren laborategia», gerora beste herrialdetan ezarriko diren politikak probatzen dituzten lekua, alegia.
PRD eta EZLN
Hedabide nagusien arabera, 1994ko urtarrilaren 1eko matxinadak porrot egin zuen, Marcos Roitman Rosenmannek «La Jornada» egunkarian idatzi duenez. «Gizaki askoren kontzientziaren lokartzeak, posible den mundurik onenean bizi garela pentsatzeak, erreminez betetako kritika hori egitera eramaten gaitu -dio egileak-: ez zegoen matxinada abiarazteko arrazoirik eta, noizbait izan badira, bidean galdu ziren. Hamabost urteotan akats ugari egin dituzte, babesa galdu dute eta arrakastak erail ditu. Akatsik larriena, azken hauteskunde presidentzialetan Andres Manuel Lopez Obrador hautagaiaren aldekoekin bat egin ez izana. Horrexegatik, zapatistak dira beraien porrotaren arduradun bakarrak. Baina, Lopez Obradorrekin bat egin behar al zuten zapatistek? PRD Lopez Obradorren alderdiak, PAN eta PRI alderdiekin batera, San Andreseko itunei traizio egin zien, nahiz eta gertakizun hori ezkutuan geratzen den ia beti», gogorarazten du Roitmanek. Egileak nabarmendu du gaur egungo Mexikon, askotan, indigena zapatistei egozten zaizkiela arazo gehienak, baita legez kontrako drogen salerosketak ekarri duen krimen kopuru ikaragarria ere, «terrorismoa» ahaztu gabe, jakina.
Greziako matxinoak
Urtebetez jendaurrean agertu gabe egon ondoren, urteurreneko ekitaldietan parte hartu zuen Marcos komandanteordeak San Cristobal de las Casasen. Eta «indarkeria» izan zen bere mezuetan gehien aipatutako gaia, indarkeria erabiltzea baita agintariek eta horien aldekoek zapatistak indargabetzeko gehien erabiltzen duten «argudioa». «Grezia erreboltaria: guk, txikienok, munduko bazter honetatik, agurtzen zaitugu. Esaten eta egiten duzunak gure errespetua eta miresmena merezi ditu. Hemen, zuk irakatsitakoa ikasi dugu. Eskerrik asko!», honela hasi zuen bere hitzaldi luzea Marcos komandanteordeak, esaldi bera nolabaiteko grezieraz eskaini eta gero.
Aginteak bere posizioari eusteko erabiltzen dituen tresnen artean kokatu zuen zapatistak «egutegien eta geografien erabilera». «Beraien trikimailu horren arabera, Amorru Duinaren I. Jaialdian agerian utzi dugunez, Grezia Chiapasetik oso urruti dago. Eskolatan esaten zaigu Mexikoren eta Frantziaren, Euskal Herriaren, espainol Estatuaren eta Italiaren artean ozeano handi bat dagoela. Mapa bat kontsultatuz gero, New York oso iparraldean dagoela konturatuko gara, Mexikoko Chiapas indigenatik oso urruti, New York hiriko Auzoarentzat Justizia Mugimendukoek hankaz gora bota duten tesia. Edo Argentina oso hegoaldean dagoela, hemen Solano adiskideak kontrakoa defenditu badu ere».
«Baina horrelako tarterik ez dago ez goian ez behean -erantsi zuen Marcosek-. Globalizazio neoliberal basatiak, zapatistok Munduko Laugarren Gerra deitzen dugunak, oso urruti zeuden lekuak toki eta momentu berean jarri ditu, ondasunak batetik bestera errazago mugitzeko eta... ondasun horiek bereganatzeko». Garai bateko karabelek egungo ordenagailuei utzi diete lekua; Hernan Cortes bezalako konkistatzaileek, bazter guztietan sortu diren inperioaren aldeko txotxongilo gobernuei... «eta globalizazio horrexek eragin du Israelgo eta AEBetako gobernuek Gazan jaurtitzen dituzten bonbek, aldi berean mundu osoa astindu izana. Globalizazioarekin, goiko mundu osoa jarri zaigu begi bistan. Palestinako zibilak hiltzen dituzten bonba horiek guk ere kontuan hartu beharrekoak dira, ikasi eta barneratu behar dugun abisua. Eta Bushi Iraken eman zioten zapatakada, munduko edozein bazterretan ikus dezakegu behin eta berriz».
Zapatakada Iraken
Marcos komandanteordeari keinu ausarta bezain alferrikakoa iruditu zitzaion Muntazer al Zaidi kazetariak AEBetako presidentearen aurrean egin zuena, «aste batzuk beranduago ikusi dugunez, Bushen Gobernuak bat egin baitu Israelgo Gobernuak Palestinan egiten duen krimenarekin eta, barkatuko didazue Barack Obamaren erretratuaren ondoan kandelak piztu dituzuenok, hurrengo presidenteak babestu duen erasoarekin».
Zapatistak nabarmentzen du Irakeko kazetariaren «trebetasun ezak» txalo zaparradak eragiten dituen bitartean, Greziako matxinoek kezka besterik ez dutela eragiten: «Greziako matxinada Europa osora hedatzeko arriskua baitago».
Greziako, Italiako edo New Yorkeko matxinatuen borroka goraipatu ondoren, Marcosek gogorarazi zuen agintean daudenek beti gauza bera egiten dutela horrelako fenomenoen aurrean: «Hiztegiak ateratzen dituzte eta indarkeria hitza aurkitzen dute, instituzionalismoa hitzaren aurkako kontzeptu moduan. Eta testuingurua aipatu gabe, hau da, klase posizioa kontuan hartu gabe, matxinoak akusatzen, epaitzen eta zigortzen dituzte. Eta Greziako gazteria oso biolentoa dela esaten digute, aldez aurretik Poliziak gazte greziar bat erail zuela aipatu gabe».
Palestinako umeak
Greziatik Mexikora jauzia eginez, Marcosek ekarri zuen gogora Mexiko hiriburuko Gobernuak, «ezker instituzionalaren Gobernu batek, gaztetxo talde bat erail zuela. Intelektual `aurrerakoi' batzuk isil-isilik geratu ziren, hiltzaileen konplize moduan, erailketa salatzea herritarrak nahastea zela esanez, momentu horretan herritarrek nahi omen zutena PRDkoek petrolioa babesteko egindako jaialdia zelakoan». Poliziaren gehiegikeriak salatu ez izana leporatu zion «ezker instituzionalari», eta gogorarazi zuen egungo Poliziak erabiltzen dituen teknikak Lopez Obrador Mexiko hiriburuko alkate zenean inportatutakoak direla: «Mexikon eta Grezian, gobernuek gazteak erailtzen dituzte». AEBek eta Israelek egunotan berritu dute dotrina hori, betiere Marcosen arabera: «Eraginkorragoa da gazteak ume direnean hiltzea».
PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiaren eta zapatistekin bat egiten duen ezkerraren arteko erabateko dibortzioari denbora asko eman zion komandanteordeak, Felipe Calderon presidente eskuindarrari berari eman ziona baino gehiago. Zapatistaren arabera, Calderonek narkotrafikatzaile batzuekin bat egin zuen, beste batzuen aurkako borrokan, eta horretarako Konstituzioa bera bortxatu zuen, «Armada Poliziari dagokion lana egitera atera baitzuen kalera». Edonola ere, Calderon «gerra hori galtzen ari da, bere Gobernuan ez dagoen edonor jabetzen den moduan. Gainera, bere bikotekidea eraila izan zela ere gauza jakina da, nahiz eta inon ez den informazio hori argitaratzen». Bere ustez, ondorioa oso garbia da: «Antolatutako krimenak zuzentzen du Estatuaren indarra».
«Gerran jarraituko dugu»
Agintariek oso maiz egiten duten «indarkeriaren gaitzespena» erabat kutsatuta omen dago: «Indarkeria gaitzesten dutela esaten digute, baina benetan gaitzesten dutena zerbait egiten hastea da». Edonola ere, ez da indarkeria agintariek gauzak aldatu nahian mugitzen diren herritarren aurka erabiltzen duten tresna bakarra, «artea eta kultura, jakintza, informazioa, justizia sistema, hezkuntza, erakundeetako politika eta, jakina!, ekonomia ere erabiltzen dituzte-eta. Mugimendu bakoitzak, bakoitzak bere egutegiaren eta geografiaren arabera, borroka mota ezberdinak erabili beharko ditu. Ez da bakarra ez eta onena, baina indarkeria borroka mota horietako bat da. Ez dut egin nahi indarkeriaren apologiarik, baina gauzak horrela dira: gerra hasi zenean ezagutu gintuzten, gerran jarraitu dugu hamabost urteotan, eta gerran jarraituko dugu Mexiko bere buruaren benetako jabea izan arte, tranparik gabe, iruzurrik gabe...».
Marcosen hitzaldietan umoreak beti izaten du lekua. Globalizazioaren inguruan, honako hau esan zuen: «Egun krisia bazter guztietan aipatzen da, baina gurean orain hamahiru urte, 1996an, kakalardo amorratu eta duin batek esan zuen zer zetorkigun. La Lacandonako Don Duritok, inoiz entzun dudan ponentziarik laburrenean, zera esan zuen: `Globalizazioaren arazoa da, azkenean, globoak lehertu egiten direla'».




