-

Joxe Rojas

2009ko Urtarrilaren 09a

Testuinguruak aukera ematen digunez, apokaliptiko jarriko gara gaurkoan. Han-hemenka ikusten diren seinaleak interpretatu eta, garai bateko orakuluek bezalaxe, iragarpen beldurgarria egingo dugu: damutzeko ordua iritsi da, telebistaren garaia amaitu da eta!

Ikusi, bestela, zer gertatzen ari den Gazako sarraskiaren inguruko albisteekin, eta konparatu, esate baterako, 90eko Irakeko guduarekin, Basamortuko Ekaitzarekin, hain zuzen ere. Orduko hartan, telebistek, eta batez ere publikoek, 24 orduko jarraipen etengabea egin zioten «operazioari». Iraken aurkako erasoa zuzendu zuenak, AEBetako Gobernuak, telebista aukeratu zuen orduan bere mezua behar bezala zabaltzen zela ziurtatzeko. Hala, CNNk zabaldutako irudien bidez, munduko telebista guztietan ikusi ahal izan genituen bonbardaketa «selektiboen» eta misil adimenduen grabazioak. Denboran hurbilago, Sadam Husseinen erregimena suntsitu zuen erasoa ere telebistaz ikusi ahal izan genuen uneoro (orduantxe asmatu zuten «erreportari enbotatuen» figura, ala lehenago?).

Gazako kasuan, baina, ematen du telebistak protagonismoa galdu duela Interneten mesedetan. Irakeko erasoetan kazetari-bitartekari kopurua ahalik eta gehien murriztea eta kontrolatzea zen irizpide informatibo nagusia. Oraingoan, berriz, Israelgo Gobernuak berak zuzenean zabaldu nahi du «informazioa», batere kazetari-bitartekaririk gabe. Askotan aipatu da web 2.0ren ezaugarrietako bat informazio igorleen eta hartzaileen arteko harreman zuzena dela, kazetari-bitartekarien beharrik eza, alegia, eta hori oso ondo aprobetxatu du Israelgo Defentsa Ministerioak: kanal propioa zabaldu du Youtuben, bloga, twitter kontua... Berak kontatzen dio munduari kontatu nahi diona, zuzenean, lehen eskutik, bere mezua inoren eskutik pasarazi beharrik gabe. Informazioa iturritik zuzenean jasotzeak benetakotasun itxura handia ematen dio jasotzailearen ikuspuntutik: «Aizu, hau ez da kazetari batek bere hedabidearen eta bere irizpide pertsonalen arabera iragazitako albistea, interesatuak berak kontatutakoa baizik». Eta horrek balio handia ematen dio bipuntuzeroari Gazakoa bezalako egoeretan. Kanal berriak ondo menperatuz gero, askoz eraginkorragoa izan daiteke haien eragina ohiko hedabideena baino, batez ere ustezko benetakotasun ukitu horri esker.

Badirudi botere handiak konturatzen hasiak direla jada horrekin, eta perspektiba beldurgarria irekitzen da web sozialaren etorkizunaz, batez ere plataforma ezberdinak esku gutxi batzuetan biltzeko joera ikusita. Youtubek, esate baterako, Israelek eskegitako bideoetako batzuk ezabatu egin zituen hasieran, erabilera baldintzak urratzen zituelako. Ordu gutxi batzuetara, hala ere, berriro zeuden ikusgai. Jakina denez, Youtube Googlerena da, eta Googlek argi erakutsi du gobernuek eskatzen diotenari men egiteko malgutasun itzela, Txinan gobernuarekin arazorik ez izateko ezartzen duen zentsura kasu.

Panorama latza, beraz, nahiz eta oraindik argi izpiren bat ere ikusten uzten duen: zorionez, botere handiak ez dira sarea erabil dezaketen bakarrak. Are gehiago: oraingoz behintzat ez dira ez trebeenak, ezta eskarmentu handiena dutenak ere. Hala, Gazako kasuan ere bada informazio alternatiboa non aurkitu. Youtube, Twitter, Flickr... zirrikitu txiki baina garrantzitsuak dira Israelek Gazaren inguruan ezarri duen hezi informatiboan.

Sare sozialetan, kalean bezala, gero eta talde gehiago eta handiagoak biltzen ari dira palestinarren aurkako bidegabekeria salatzeko asmoarekin. Iritzi eta kolore guztietako salaketak zabaltzen ari dira gainera, eta aniztasun horrek ere sinesgarritasun handia ematen dio kontrainformaziari. Orain nazioarteko erakundeek ere sinesgarritasun berbera lortu nahi izatea bakarrik falta da...