Artean txupetea ahoan zuela hasi zen biolina jotzen, hiru urterekin. Geroztik ibilbide luzea egin du eta gaur Zuricheko Musikhochscholen ari da masterra bukatzen. Hilaren 8an itzuli zen Suitzara, 16an Prokofiev-en "Orkestra eta biolinerako kontzertua" joko baitu bakarlari moduan.
Joxean Agirre
2009ko Urtarrilaren 09a
Eguberritako oporrak jateko baliatu ditu, Zurichen ez bezala jaten baita Euskal Herrian. Eguberri gauean amaren baserrian ziren, Arrasaten, eta, urtero bezala, Gabonetako kantak jo behar izan zituen biolinarekin, baita lanbadak (osabak landabie jotzeko eskatzen dio) eta dantzarako beste zenbait pieza ere.
Aita du musikagilea. Kontserbatorioan irakasle izan zen urte askoan eta orain, erretiroa harturik, musika egiten jarraitzen du. Donostiako Musika Hamabostaldian bere pieza bat interpretatu zuen Laida Alberdik interprete gazteen sailean eta pare bat urte iraun dezakeen proiektu batean murgildurik dabiltza aita-alabak. «CD bat grabatzeko asmotan gabiltza aita eta biok. Nik bere musikaren nota bakoitza ulertzen dut. Pare bat urte beharko ditugu. Musika modernoa izango da. Bakarka, binaka eta hirunaka interpretatzeko piezak dira. Alaba naizelako izango da, baina oso ondo konprenitzen dut aitaren musika», esan zuen.
Suzuki metodoarekin hasi zen hiru urterekin. «Metodo japoniarra da. Musika egiten eta jotzen ikasten dute umeek hasieratik. Gordetzen dut oraindik hiru urterekin jotako pieza haietako baten grabazioa. Ez da ikasten notak irakurtzen. Belarriz ikasten da dena eta helburua belarria egitea da. Horregatik, musika asko entzun behar izaten da. Doinuak buruz ikasi eta jotzen dira Txinan egindako biolin txiki batzuekin. Jendaurrean jotzen ere orduan hasi ginen. Garai hartako argazkiak ere baditut», hasi zen haurtzarokoak kontatzen Laida. Rafaella Acellarekin atera zuen diploma Irunen eta 17 urterekin goi mailako ikasketak egitera Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatoriora jo zuen. Ibilbide hori dena ikastolako eta institutuko ikasketekin batean burutu zuen.
«Noiz hasi zinen biolinarekin gozatzen?», galdetu genion. «Hasieratik gozatzen da. Hiru urterekin agian ez, baina sei-zazpi urterekin bai. Bederatzi urterekin gogoratzen dut pieza garrantzitsu bat jotzen nuenean, Bach edo Haendel esate baterako, asko gozatzen nuela. Bederatzi urteko ikasleekin oso programa politak egiten dira. Baina egunero egin behar da lana, bestela ez dago gozamenik», jarraitu zuen Laidak.
Oso euskara polita du Laidak, baina alemanaren tonua kutsatu zaio pixka bat. «Lagunek ere hori esaten didate», dio eta tarteka nahi gabe esapideren bat ateratzen zaio alemanez.
Hemezortzi urterekin Madrilgo Reina Sofia eskolara joan zen udan eta han Yuri Wolgin eta Zakhar Bron errusiar biolin-jotzaileak ezagutu zituen. «Oso maila handiko biolin-jotzaileak ziren eta haiei entzunda esan nion nire buruari agian nik ere ona izateko gaitasuna banuela eta izaten saiatu behar nuela. Uda bateko gauza izan zen, baina errepikatu egin nuen. Haiek gomendatu zidaten Zuricheko oraingo eskola eta bertan irakasle den Yuka Tsuboi japoniarra. Hogei urterekin joan nintzen Zurichera», esan zuen. Hiru urtez alemana ikasi zuen Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean eta alemanarekin jarraitu zuen Zurichen. «Mintegi asko egiten dira alemanez eta derrigorrezkoa nuen hizkuntza hori ikastea. Hasieran egoitza batean egon nintzen. Gosaria eta afaria ematen zizkiguten eta hasieran ondo etorri zitzaidan, baina orain pisu batean bizi naiz aleman batekin eta suitzar batekin. Biek hitz egiten dute alemanez eta niri oso ondo datorkit praktikatzeko. Zuricheko eskola horretan dagoen euskaldun bakarra naiz», jarraitu zuen. Lautik sei ordura bitartean praktikatzen du biolina Laida Alberdik egunero. «Egun osoa nago okupatuta, baina gustura nago. Horixe da nire saltsa», esan zuen.
Ea burua melodiaz beteta al duen galdetu eta «bai, halaxe da. Nik pieza piloa dut buruan eta errepasa ditzaket neure kontura. Autore asko landu ditugu. Erdi Arotik hasi eta barrokoa, klasikoa, erromantikoa eta modernoa. Modernoa ez da korronte finko bat, mugimendu asko daude bere baitan. Ni modernoan espezializatzen ari naiz. Futurismoa dago, musika sintetikoa, dadaismoa, Schomberren hamabi tonuak eta beste hainbat. Modernoarekin ari banaiz ere, kontzertuetan jotzen dut barrokoa edo klasikoa, hala eskatzen digutenean, baina badago horretan espezializatu den jendea eta errespetu pixka bat izan behar da», jarraitu zuen Laidak.
Bere biolinarekin agertu zen Laida hitzordura. Biolin frantsesa da eta «zahar samarra». Horrelako instrumentu batek 15.000 euro balio ditu. «Instrumentu normala da, ez ona eta ez txarra. Biolin honekin kontzertuak ematen ditut. Honekin jo nuen Donostiako Musika Hamabostaldian udan. Antzinako musika jotzeko biolin bereziak behar dira. Honekin barrokoa jo dezaket, baina musika horretan espezializatu direnek horretarako egokiagoak diren instrumentuak erabiltzen dituzte. Nik hilean behin edo bitan jotzen dut Zurichen. Gure kontzertuak doakoak dira, baina jendeak borondatea uzten du eta hori guretzako izaten da. Eskolak berak aukerak ematen ditu hiriko Opern-Haus delakoan edo baita Zuricheko Tonhalle-Orchesterren jotzeko», esan zuen.
Musikak aldatu egiten omen du Laidaren umorea. «Dena ahaztu egiten duzu, musikak beste mundu batera zaramatza; gero, hasieran behintzat, denbora pixka bat behar izaten da lurreratzen. Kontzertu baten ondoren ordu pare bat behar izaten ditut lasaitzeko. Ezin naiz ohera joan, esate baterako», jarraitu zuen.
Lehen kontzertuetan gutxienez oso urduri egongo zela esan genion. «Hori ere ikasten da -erantzun zuen-. Askotan urduri egon arren, eroso jotzen duzu. Ni ez naiz inoiz lasai egoten, baina gustatzen zait urduritasun hori. Irakaslea ere badugu kontzertuetarako prestatzeko. Burua prestatzeko saioak egiten ditugu aldez aurretik egoera irudikatzeko. Eta irakasle horrekin aztertzen dugu gero nola sentitu garen agertokian eta nola prestatu behar dugun hurrengorako. Jendaurrean egoten ere ikasi egiten da», esan zuen.
Zurichen urtebete zeramanean irabazi zuen iaz Nicanor Zabaleta beka. Beste bi urte egingo ditu eskola horretan masterra lortzeko. «Asko gustatzen zait eskola. Nazioarteko eskola da. Azterketak egiteko ere kanpotik etortzen dira izen handiko jotzaileak. Profesional handiak daude. Kalitate handiko eskola da. Suitzan, bestalde, musika tradizio handia dute eta entzuleen artean gazte asko ikusten da», esan zuen. Ea behin masterra lortuz gero Euskadiko Sinfonikoan jotzeko moduan egongo al den galdetu genion. «Azterketak gainditu beharko nituzke, baina uste dut jotzeko moduan egongo nintzakeela. Ez dakit zer egingo dudan. Ni ahal dudan ondoen prestatzen ari naiz eta ez dut inolako arazorik orkestra batean jotzeko, ganbara musika jotzeko edo bakarlari gisa aritzeko. Kontzertuak ematea asko gustatzen zait», esan zuen.
Kalean gutxitan jo izan du. Behin, Bilbon. «EGO orkestrarekin geunden. Bizpahiru lagun animatu ginen eta, lortutako diruarekin, McDonalds-era joan ginen afaltzera», esan zuen.
Musika uzteko gogoa ere izan du hainbatetan. «Musikarekin erabat haserretuta ere ibili izan naiz. Oso normala da bolada batez batere aurreratzen ez duzun sentipena izatea. Egun horietan dena utzi eta ohera joatea izaten da onena», esan zuen.
Bereaz aparte jazza gustatzen zaio entzuteko, «inprobisazioa asko interesatzen zaidalako. Guk ere neurri batean inprobisatu egiten dugu». Musikagile bat jotzen duenean oso barrutik bizi du egile hori eta haren biografia eta informazioa bereganatzen saiatu ohi da. «Niri asko gustatzen zitzaidan Mendelsonen `Orkestra eta biolinerako kontzertua' eta gorrotoa hartzera iritsi nintzen. Musikagile bat etengabe jo beharrak horrelako ondorioak izaten ditu».
Ea musikak pertsona hobeak egiteko balio al duen galdetu eta hurrengoa erantzun zuen: «Sentimenduak hobeto ulertzen erakusten du. Musika, sentimendurik gabe, ez da ezer». Zer sentimendu transmititzen ditu Laidak? «Ni neu sentimendu fuerteak bizi dituen pertsona naiz, ekaitzak izaten ditut sarritan, baita barealdiak ere. Interpreteak ez gara makinak eta garrantzitsua da zerbait pertsonala jartzea. Entzuten daudenek askotan gogoratzen digute zerbait transmititzeko gai izan garenean. Musika, bestalde, nire izateko arrazoia da. Biolina jotzen ez badut gaizki sentitzen naiz, ez dakit besterik egiten. Jo gabe bi edo hiru egun egin ditzaket, baina gehiago ez», esan zuen.




