-

Emakundeko zuzendariaren aburuz, berdintasuna baldin badago soilik lortuko dugu gizartea justua izatea. Xede horrek lehentasuna izan dezan ari dira lanean erakundeko kideak, betetzeko bide bakarra horixe dela uste baitute.

Maider Iantzi

2009ko Urtarrilaren 09a

Emakundek hogei urte bete ditu. Nolakoa izan zen hasiera?

Nik uste gauzarik garrantzitsuena jaio zen momentuan jarritako oinarriak izan zirela. Funtsezko gauza batzuetan asmatu egin zen eta horrek, gero, berdintasun politiken akuilu izatea ahalbidetu zuen. Institutua emakumeen eta gizonen artean benetako berdintasuna lortzeko sortu zen. Erakunde autonomoa da eta Gobernuaren barruan funtsezko leku batean kokatu zuten, Lehendakaritzan, burutik hasita gainerako sailetan indarra egiteko. Europako beste herrialdeetako institutuetan ez zen halakorik gertatu, horiek sektoreetako sailetan kokatu zituzten. Orduan emakume gutxi ziren Legebiltzarrean, sei edo bederatzi uste dut, eta lortu zuten beraien alderdiek Gobernuari jarrera irmoa izan zezala eskatzea.

Zein balantze egiten duzu urteotako lanaz?

Institutuak ongi diseinatu ditu berdintasun politikak, ongi markatu ditu bideak eta, batez ere, oinarrizkoa den zerbait egin du, batzuetan gizartearen gustukoa ez dena: errealitatea erakutsi du, justizia, berdintasun eta askatasun ezaren aurrean eduki dezakegun benda kendu du. Emakundek errealitate horren jakintzaren txalupa gidatu du. Emakumeen egoera azaldu du, eta beste eragile askorekin elkarlanean, berdintasuna agenda politikoan kokatu du.

Bidean, institutuak ekintza garrantzitsuak egin ditu.

Bai, 2005ean Legebiltzarrean onartu zen Berdintasun Legea, adibidez. Agian, momentuan ez ginen ongi jabetu daukan esanahiaz. Une honetan, historian lehen aldiz, legebiltzarkideen % 53 emakumeak izatea ahalbidetu du. Emakundek ekintza eta kuota positiboaren alde egin zuen apustu eta gizartea horretarako prest zegoen. Gainerako ekintza positiboekin ere gauza bera gerta daiteke, gizartea emakumeak dagokien lekuan jarriko dituzten neurri ausartak hartzeko prest dagoelako. Ekintza positiboa beharrezkoa da eta gogor lan egin behar dugu berdintasuna agenda politikoaren lehentasuna izateko. Emakumeen kontrako indarkeria gure gizarteak duen arazorik handiena da eta lehentasunezko gaia izan behar du, bai instituzioentzat, bai beste eragile garrantzitsuentzat.

Zein unetan gaude orain?

Ereindakoa biltzen ari gara. Lehenengo aldiz ari gara ikusten gizonak antolatzen eta emakumeen aurkako indarkeria bukatu dadila eskatzen. Horixe nahiko zuten XIX. mendeko emakume sufragistek. Guk hori ikusteko zortea daukagu. Baikorra naiz eta lortutakoa finkatzea ahalbidetzen duten gako batzuk ikusten ditut. Batez ere emakumeak izan dira beraien eskubideen eta askatasunaren alde lan egin dutenak, baina badakigu biztanleriaren erdia gabe ez dugula gizarte justurik lortuko, fitxa asko mugitu behar baitira. Gertatzen ari dena azaltzeko botere harremanak aztertu behar ditugu: gure bizitza ulertzeko moduan, bihotzetan eta maitasun harremanetan eta hezkuntza ulertzeko moduan eragina duen gizarte matxista hankaz gora jartzea ezinbestekoa dugu. Uste dut hori dela emakumeek historian egin dutena: emakume sufragistek hankaz gora jarri zuten beraien momentu soziala, baita unibertsitatean sartu ziren emakumeek ere. Une honetan, mendekotasuna bukatu behar dela esaten dutenak ere beraien momentu soziala hankaz gora jartzen ari dira, bide berri bat erakusten ari zaizkio gizarteari, askoz justuagoa eta parekideagoa. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko lanean ari garenok jakitun gara kate bat garela. Orain dela bi mende hasitako kateari jarraipena ematea eta gogor lan egitea dagokigu. Gobernu batentzat eta politikak markatzen dituen institutu batentzat ardura handia da hori, hala sentitzen dut nik. Emakumeen bizi kalitaterako eta gizarte berri horretarako garrantzitsua da zer motatako politikak egiten ditugun.

Nola ikusten duzu euskal gizartea aldaketen aurrean?

Gizarte ausarta daukagu aldaketetarako. Industriaren lehenbiziko birmoldaketan ikusi genuen. Orduan puntako lekuan kokatzea lortu zuen. Ziur naiz herri hau arazo politikoak konpontzeko gai izango dela. Aitzindari izan da gizarte politiketan, oso solidarioa da eta funtsezko baloreak ditu. Genero garapenaren adierazleetan leku onean gaude eta lehenengo postuetan egotea lortu behar dugu. Konfiantza handia dut gure gizartean.

Errepasa ditzagun erronkak. Nola doa familiaren eta lanaren bateratzea?

Errealitate berri bat daukagu: emakumea masiboki sartu da lan merkatuan. Familiaren eta lanaren bateratzea emakume modernoarekin lotu ohi da zuzenean. Emakumeei ematen diete protagonismoa eta ardura. Eta hori ez da batere ona berdintasunean aurrera egiteko. Gizarte berri bat eraiki behar dugu, erantzukizunak gizonen eta emakumeen artean banatuta. Izan ere, emakumeak lan merkatuan sartu dira, baina gizonak ez dira familiako lanez arduratzen. EAEn etxeko zereginen % 70 emakumeek egiten dute. Bestalde, gizarte zerbitzuen beharra dugu eta kontuz ibili behar dugu hartzen diren neurri guztiak emakumeen eta gizonen arteko tartea ixteko izan daitezen. Gainera, familiak aldatzen doazela kontuan hartu behar dugu eta erlazionatzeko modu berrietara egokitu behar dute zerbitzuek. Hirugarren zeregin bat ere bada: lana familiaren beharretara egokitu behar dugu, oraingo emakumeen beharrak eta duela 40 urtekoenak desberdinak baitira. Egokitze hori ikusiko dugu.

Indarkeria sexistaren aurkako borrokan aurrerapausoak eman dira, baina oraindik ez da lortzen bukatzea.

Biktimei izenak eta aurpegiak jarri dizkiegu. Duela hamar urte ez genekien zein ziren. Ez zegoen daturik, salaketarik, emakume horiei lagunduko zien legerik. Gizartea ere kontzientziatuago dago. Indarkeria sukaldeetatik atera eta plaza erdian kokatu da. Gizartearen arazo bilakatu da eta garrantzitsua da hori. 2001a arte ez ziren hasi instituzioetako ordezkariak kalera ateratzen. Urte horretan proposatu zuen Emakundek instituzioen arteko akordioa. Denbora gutxi pasatu da ordutik eta asko aurreratu da gizartearen kontzientziazioan. Noski, emakumeak kalean egon dira lehenagotik. Oraindik ere bide luzea dugu egiteko, emakumeak hiltzen jarraitzen dutelako, baina oso ausartak izaten ari gara, batez ere, mendekotasunari ezetz esatea erabaki duten eta horregatik arriskuan diren emakumeak. Bizitzak zulatu egiten dira. Gure bikotekideak, maite dugun pertsonak, gure bizitzaren kontra egitea gerta dakigukeen gauzarik izugarriena da. Eta bizitza hori berreraikitzea oso zaila da. Hortaz, prozesu horretan lagundu behar diegu. Indarkeria ekiditeko, berdintasuna sustatu behar dugu, eta horretan ardura itzela dute sindikatuek, komunikabideek, sendiek, publizistek... Dimentsioa ikaragarria da eta indar guztiak behar ditugu, koordinatu eta elkarlanean aritu behar dugu.

Jabetzen al gara haurrak nola hezten ari garen?

Ez. Gizarteak betaurreko moreak jantzi behar ditu egoera ikusteko eta zein heziketa ematen duen konturatu behar du. Adibide ugari dago. Gaztelaniaz «las vascas y los vascos» esaten denean barre egiten da, arinkeriaz hartzen da gaia, baina nortasuna hizkuntzan oinarrituta eraikitzen da. Neska batek eskolara joan eta erreferentziarik egiten ez diotela ikusten badu, horrek ondorioa izango du bere bizitzan. Hizkera oso garrantzitsua izan arren, ez da jakintza gai bat hezitzaileentzat, ez da barruan dagoen jakintza bat, jendea ez da aztertzen ari zergatik izendatu behar ditugun neskak eta mutikoak klasean, zergatik izendatu behar ditudan nire alaba eta semea, zergatik azaldu behar dudan hau guztia. Olimpia de Gouges, Iraultza Frantsesean Emakumeen Eskubideen Adierazpen Unibertsala idatzi zuena eta horregatik gillotinatu zutena, nor izan zen ere ez da jakintza gai bat eskolan. Emakumeok munduari egin diogun ekarpenaren ezagutzarik ez dago. Haurrek jakin behar dute borrokalari sufragistak izan zirela gizateriari pertsonen eskubideen aldeko borroka bakezalea erakutsi ziotenak. Kultura matxista eta patriarkalak hain ondo lotzen ditu korapilo guztiak, argia ikustea eragozten duela. Hori aldatzeko, ikerketa eta ezagutza sustatzen jarraitu behar dugu, hezitzaileek ezagutza horiek guztiak transmititzeko eta genero ikuspegia sartzeko aukera izan dezaten. Familiok ere egin behar dugu. Amak eta aitak ere hezitzaileak gara eta pentsatu behar dugu ez ote garen gizateriaren etorkizunari min egin diezaioketen rolak bultzatzen ari. Oraindik hasieran gaudela uste dut, hogei urte gutxi dira eta lasaitasuna izan behar dugu. Gauzak ongi egiten ari gara, baina lan asko daukagu egiteke eta denbora behar dugu benetan ikusi nahi duguna ikusteko: indarkeriaren eta berdintasun faltaren prebentzioa hezkuntzaren arloan. Gazteek helduen klixe batzuk errepikatzen dituzte eta beste batzuk ez. Horregatik, hutsuneak eta balore kaltegarriak non dauden erakusten jarraitu behar dugu, ez dezan inork pentsatu beste pertsona batzuk mendera ditzakeela edo gatazkak indarkeriaren bidez konponduko dituela. Egin ditugun ikerketetan ikusi dugu gazteek balore ugari jasotzen dutela teknologia berrien bidez, telebistaren, musikaren eta Interneten bidez. Eta euskarri teknologiko horiek transmititzen dituzten baloreak aztertzen ditugunean, eskuak burura eramaten ditugu, asko genero estereotipoekin lotuta daudelako, emakumeek ustez izan behar dituzten ezaugarriekin eta gizonek ustez izan behar dituztenekin. Ikaragarria da bi munduen arteko banaketa.