-

Josu Imanol Unanue

2009ko Urtarrilaren 09a

Denbora aurrera doan heinean konturatzen gara nola galtzen dugun denbora, hilezkorrak bagina bezala jokatzen dugu biziarekin eta beste guztiarekin ere, arazoei irtenbideak aurkitu gabe eta alferrikako portaerak mantentzen. Entzundakoei men eginez, esango nuke doktrinatuta gaudela.

Ez dakit konturatzen garen nolakoak diren gure jarrerak, eta nola zabaltzen ditugun esperantzarik gabeko mezuak. Gainera, modan jarri dira gogorkerietan aritzea eta bertan irautea, amaiera gabeko zurrunbiloak sortuz; azken finean, gure eguneroko eginkizunak etsipenaren isla bihurtu dira.

Horrela bizi izan ditut orain gutxi EITBek jasandako adierazpen eskubidearen aurkako eraso bortitza eta atzo bertan komunikabide batean legez kanpo daudenen aurka entzun nituen neurririk gabeko adierazpenak; ohartu gabe, han zeudenek demokrazia kontzeptuaren beraren kontrako adierazpenak egin zituzten.

Komunikabide horretako mahai-inguruko parte-hartzaileak arro agertu ziren «alderdi demokratikoetako» jarraitzaileak zirelako. Izan ere, ondo dakite horrela izanda egun horretako dieta eta makillajea eskuratzeaz gain, beste egun batean bueltatzea ere ziurtatuta dutela. Ez dut ulertzen nola erabil daitekeen demokrazia hitza alderdi edo talde bateko jarraitzaileei hauteskundeetan parte hartzeko giza eskubidea debekatzea defendatzen den une berean. Nola defenda dezakete pertsona batzuek beren aldarrikapenei uko egin behar izatea ezkerrekoak eta abertzaleak diren beste alderdi batzuk badaudela esanez? Horrelako argudioak defendatu ziren mahai-inguru horretan Nafarroako parlamenturako Nafarroa Baiko zerrendaburuak ere parte hartu zuen. Eta ez da lehen aldia. Jakin nahiko nuke zer nolako etika erabiltzen duen bere alderdirako botoa eskatzeko...

Amorratuta nengoen, baina gau eta komunikabide berean erantzun gisa «V de Vendeta» filma ikusteko aukera izan nuen, pelikula berezia eta dotorea benetan. Ez dakit mahai-ingurukoek ikusi duten baina, horrela balitz, lotsa sentituko lukete. Ziur naiz batzuek demokrazia hitza bera pozoitzen dutela hartzen dituzten jarrerekin, eta, pelikulan gertatzen zen moduan, hurrengoaz ere ez dut zalantzarik: komunikabideak bere paper zikina ondo betetzen ari dira, besteak beste iritzia sortzen, salbuespen egoera bera defendatzen eta bultzatzen... Nire ustez, herri honetan ez dago aurrera egiterik honelako pertsonaiekin. Izan ere, tamalgarria da «aditu» bezala agertu eta giza eskubideen ukazioa defendatzea; berdin dit zein aitzakia erabiltzen den, gaur gaitzespena erabiltzen da eta bihar ezberdin pentsatzea salatuko da, asmatuko dute horretarako aitzakiarik ere.

Hemen asko dago azaltzeke eta argitzeke; hasteko, bizi dugun salbuespen egoera bera. Bestela nola azaldu hain txikia den herri honek duen preso kopurua izatea? Nola ulertu ziurtasun eta baldintza legal barik edozein pertsona kondenatu ahal izatea? Nola tortura daiteke guztiok jakinean izanik eta inork gaitzetsi gabe?

Berriro diot, ematen du boterean daudenak bere lan zapaltzailea ondo egiten ari direla: «aditu» asko bereganatu dituzte guztion eskubide urraketak zuritzeko.

Aurten ez dakit zer egongo den berri gure herrian ilusioa pizteko. Guztiok jakin badakigulako lehendik martxan jarritako gobernu eredu eta proiektua inposatzen jarraituko dutela, nahiz eta herritar askoren oniritzirik izan ez.

Orain, gainera, modan dago defendatzeko aukerarik ere ez dutenen aurkako iritziak eman eta izugarrizko astakeriak esatea. Ez hori bakarrik, ondo ikusia eta ordaindua dago.

Pelikulara bueltatuz, bertan argi ikusten zen zer nolako garrantzia duen edonolako muntaiak egitea, betiere helburu jakin batekin: sistema defendatzea. Esandakoa, benetan paper txukuna komunikabide askorena.