-

Dorleta Urretabizkaia, aktorea eta idazlea

2009ko Urtarrilaren 09a

Isil isilik danok, kaia barrenian, ontzi txuri polit bat uraren gainian...». Mahatsak irentsi aurretiko isiltasun une horretan, anaia zaharrak gazteari egiten dion moduan, urte zaharrak, bidea zabaldu zion urte berriari gaueko hamabietan. Garai batean berriak ziren itxaropenez beteriko egunak agortuta, iraganeko denboraren zaku zaharrera jauzi egin zuen «a ze garaiak haiek» eta «nola aldatu diren gauzak» esaldiekin topo eginez. Oraina zena iragana bilakatu zen eta honekin batera joan ziren orduko promes eta itxaropen guztiak. Eta une horretan bertan, denborak eskuetatik alde egiten digula ohartzen gara, hondarrak hatz artetik ihes egiten digun bezala.

Baina itsasertzeko haizeak joandakoaren seme edota alaba ekarri digu. Urte berria. Eta besapean ogia dakarren jaioberriak bezala, egun berriak dakartza magalean eta baita itxaropen, amets eta desio berriak ere. Eta esker ona. Urte berriak jakin badakielako, joandakoa izan ez balitz, berak ez lukeela izaterik. Munduko denbora esnatu zen unetik bertatik horrela izan delako, denborak aurrera egin duelako beti, egunez egun, minutuz minutu, segundoz segundo. Gu geuk bezala. Eta urteen moduan, geuk ere jakin badakigu, joandakoa izan ez balitz geuk ez genukeela izaterik. Gu, gure gurasoen seme-alabak gara, eta eurak euren gurasoenak eta horrela, munduaren hasiera arte. Zuhaitzen enborreko zirkulu amaiezinaren gurpilean murgildurik bizi gara eta denboraren moduan, aurrera da norabide bakarra. Eta geroz eta astunagoa den iraganaren zakua soinean daramagu urterik urte, egunez egun, segundoz segundo, geroz eta gizenago eta geroz eta nekatuago dagoen gorputzean. Baina itsasertzeko haizeak aire berriak dakartza beti. Jaiotzak heriotza dakarren bezala eta heriotzak jaiotza. Hasiera eta amaiera berdina dituen zuhaitz enborreko zirkulu amaiezinak bezala. Eta amaigabetasun horretan, betikotasuna. Eta argia.

«Zergatik, zergatik, zergatik, zergatik... zergatik negar egin... zeruan izarra dago, nondik?...». Hiri zahar honetako harriek aspaldiko kantuak xuxurlatzen dituzte zirrikitu guztietatik. Eta adi entzunez gero, milaka istorio eta sekretu aitortzen dizkigute. Eta niretzat azkena den zutabe honetan, gure hiriko itsasargi bakarti bat ekarri nahi nuke gogora. Santa Klara uharteko itsasargi zaharra. Hiriko kostaldea itsas zakarretik babesten duen harri koskor handi horretan, garai batean lepradunak bertara eramaten zituzten paradisu horretan, badago argiaz elikatzen den biztanle bakarti bat. 1864. urtean eraiki zuten itsas iluneko marinelei lurra eta itsasoaren arteko muga argiz adierazteko. Eta orduz geroztik, itsasargia ez da sekula itzali, lau segundoro argia ematen digu hamabi miliako iluntasuna argiz beteaz. Baina itsasargia ez da hori bakarrik, ez horixe. Itsasargia, hiriko bihotza da, argizko taupadak dituen harrizko bihotza. Itsaso nahiz lurreko bide ilunak argitzen dituena. Beti hor dagoen aita edota ama. Sekula alde egingo ez duen maitalea. Beti ondoan izango dugun laguna. Bakardadeak itotzen duen unea argiz betetzen duena. Norberaren argia indartzen duena. Eta batez ere, iluntasun hotza argi epelez betetzen duena.

Itsasargia hor dago beti. Bere argia une batez desagertuko bada ere, lau segundora agertuko da berriro. Goizero-goizero eguzkia agertzen den bezalaxe. Itsasargia gure eguzki txikia da. Beroa, segurtasuna eta babesa ematen digun argia. Eta nire azken hitzak diren honetan, Santa Klara uharteko itsasargia aitzaki, agur esatera etorri natzaizue. Hemendik aurrera beste norbaitek jasoko baititu hiri honetako iturrietako kantuak. Eta ezin gauza bat aitortu gabe alde egin. Ni ez naizela hiri honetako lurretan jaioa. Eta bertara moldatzeko hasieran nire trabak izan banituen ere, lotsa apur batekin aitortu beharra daukat, hiri honek bihotza lapurtu didala azkenean. Eta bidean galtzen banaiz, Santa Klara uharteko itsasargia begiratuko dudala, nire etxea non dagoen jakiteko.

«Nondik? Santa Klara uhartetik». Eskerrik asko irakurle nire hitzak irakurtzeagatik eta baita zuri ere, GARA egunkariari, nire hitzei leku bat eskaini izanagatik. Hurrengo arte esatea besterik ez zait geratzen eta datorrenari, ongi etorri.