-

Amodiozko gutun bat idazten saiatu den orok badaki zein zaila den bihotzean zurrunbiloan dituen sentimenduak papereratzea. Trantze horretan apenas aurkituko den jenderik gaur egun, baina inor balego, badu Bergarako Berrigara elkarteak kaleratu duen liburuan zer ikasirik, tartean maisutasunez idatzitako gutunak aurkituko baititu.

Rebeka Parras

2009ko Urtarrilaren 09a

Berrigara» astekariaren 100. zenbakia ospatzeko eta euskaraz idazteko zaletasuna bultzatzeko helburuarekin, Amodiozko gutunen lehendabiziko lehiaketa antolatu zuen Jardun elkarteak orain dela 17 urte Bergaran. Geroztik, maitale eta idazleek urtero hitzordu finkoa dute otsailaren 14an; ez bereziki San Valentin eguna delako, sari banaketa egun horretan egiten dutelako baizik.

Maitasun gutunak bidaltzeko epea Errege egunarekin batera amaitu zen. Aurten, 47 gutun jaso dituzte; iaz baino bakarren bat gehiago, eta, kalitateari dagokionez, Maitane Arizabaleta Jardun elkarteko kultur teknikariak adierazi duenez, maila handikoak dira.

«Maitasunez...»

Azken hamar urteetako eskutitzak jaso ditu Jardun elkarteak «Maitasunez... Amodiozko Gutunak» liburu-bilduman. 1993. urtean lehiaketaren lehenengo edizioa antolatu zenetik, Jardunek argitara ematen duen maitasun eskutitzen bigarren bilduma da. 1993tik 1998ra arte parte hartu zuten 21 lagunen gutunak bildu zituen orduan elkarteak.

Oraingoan, azken hamar urtean lehenengo eta bigarren postuak eskuratu dituzten parte hartzaileen lanekin osatu da bilduma. Formatu bereziko liburu batean beste 21 eskutitz bildu dituzte. «Helburua lehiaketa indartzea eta beste bilduma bat argitaratzea izan da. Gainera, hamar, zenbaki borobila denez, kaleratzeko erabakia hartu genuen», adierazi du Maitane Arizabaleta teknikariak.

Bergarako Berrigara elkarteak kaleratu duen amodio gutunen bilduma oso berezia da maketazioaren eta ilustrazioen aldetik ere. «Lehiaketek atzera botatzen dute jendea batzuetan...», gaineratu du Maitanek.

Sariei dagokienez, hainbat irabazlek liburua argitaratu duten arren, ez da hori antolatzaileek prestatutako saria. Lehendabiziko postua eskuratzen duenak 500 euro jasoko ditu; bigarren geratzen denak, 250 euro eta bergarar onenaren saria lortzen duenak, berriz, 150. 26 urtetik beherakoen artean ere sari bat banatuko da.

SMS bidez ere bai

Sarien artean ez izan arren, hamazazpi edizio horietan zehar, irabazleren batek lehenengo postua eskuratu ostean, liburua ere argitaratu du. Bertol Arrieta, Olatz Sarasola edo Karlos Aizpurua dira horren adibide.

Gutunak idazteko modu tradizionalaz gain, maitasunezko eskutitzen ordez, amodiozko mezuak biltzen dituen atala martxan da eta horiek bidaltzeko epea urtarrilaren 15era artekoa izango da.

Aurtengoa, SMS Bidezko VII. Maitasun Mezuen Lehiaketa izango da, eta Maitanek azaldu duenez, atal horretan batez ere gazteek parte hartu ohi dute. «SMS formatuan batez ere gazteek parte hartzen dute» esan du. Idazteko modua hartzen da kontuan eta epaimahaia 26 urtetik beherako gazteek osatzen dute. «26 urtetik beherako bergararrek osatzen dute epaimahai bat, eta bertsolari, idazle eta kantariek, beste bat» adierazi du Maitanek.

Lehiaketan parte hartzen duten gutun eta mezuak, egilearen izenik jarri gabe, epaimahaiko kideei bidaltzen zaizkie eta denen artean gehien gustatu zaizkien eskutitzak aukeratzen dituzte.

«Baina gaur gertatu zaidana kontatu nahi dizut, Angels. Ez dakit zergatik izan den, agian, zure alkandora beltzaren lepokoa lepatzetik altxatuak aztoratu nau, agian, alkandora beltzaren papar-hegal luze eta zabalak bistan uzten zuen bular zati estua, lepoarekin eta aurpegiarekin bat eginez, beltxarga ederrenaren lepo luzeeeeeeak. Printzesa, ez, erregina, ez, jainkosa zenirudien, eta horrek eman dizun xarmak eta erakargarritasunak, nire onetik atera naute, ez dakizu zenbateraino, eskua patrikan sartu eta brageta lehertzear nuen igurtzi batzuk ere eman ditudala. Baina orduan entzun dut Joxemariren ahots zakarra, kopeta zimurtuz eta betaurrekoen gainetik begirada iluna zuzenduz, ahotsa gehiegi altxatu gabe, baina ederki ikasita daukan nire izena ondo baino hobeto luzatuz: I-ña-kiiiiii.....»

«Batetik, arnoa debekatu nuen, zeren arnoak erhokeriak egiteko balio du; hura den lekhuan da haragiaren desira desordenatua, eta ian edanean haragiaren plazer nahia hartzeko gutiziak eta kilikadurak pitzten dira. Nik neuk bakarrik hartu nezakeen arnoa eukaristian, eta iakizu komuniatzean zensua galtzen nuela ostia zure ahoan sartzearekin bat behatza eta beste zerbait zupatzen zenidala irudikatzen bainuen.

Bestetik, dantza eta festak debekatu ziren, zeren eta kastitatea begiratu nahi duenak eztu dantzatu behar; dantzatik ezagutzatan sartzen da, trebatzen da eta anhitz okasino behar eztenik sortzen da. Halakotan, emateak usain onez betherik ibiltzen dira eta haiei dagokien baiño soiñeko arropa ederragoak erabiltzen dituzte, Hek guztiak dira banaloriak, desordenuak, eta desonhetskeriaren seiñaleak, bekhatu egiteko eta eragiteko bideak, eta kastitatearen galgarriak».

«Udaberriak berak ere paisaia hitsa dager dudan maitazarre isila. Isila eta ezina akaso, baina errekako ura bezain garbi eta purua dena, harkaitz arteko intzestuaren gerizpean oraindik loratu gabea apika, baina nigan bizirik dirauena inondik ere. Bazeneki behintzat, isilpean zaitudala desio; amodioa dela eta ez odolaren indarra zugana lotzen nauen katea eta penitentzia. Horrexegatik darit bular barrutik negarra; nigandik gertu bazaitut ere, bekatuaren amildegian labaintzen delako ene adore guztia. Nola jantzi hitzez, bada , ezinezkoa den sentipen hau? Nola erantzi, halaber, gainean daramadan lotsa? Zuri halakoak esan ezina da nire benetako mina; gaua iristear denean ere loak hartzen uzten ez nauena.

Neba maitea, zenbat ote dira neure begiok zure omenez isuritako malkoak? Zenbat bidean alferrik galdutako hasperen ehogaitzak? Kristauak ezin du kondena latzagorik paira, benetan diotsut. Egunen joanak aurrera darrai eta zuz besterekin ikusteak areagotu baino ez du egiten oinaze asaldagarri hau. Aisardia, behinik behin, merke salduko balitz, huraxe hartuko nuke aitzindari».