-

Iñaki Altuna

2009ko Urtarrilaren 09a

Zinez esanguratsua da Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez, Adolfo Ares eta ezker abertzaleko bost kideren (Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Olatz Dañobeitia, Pernando Barrena eta Juan Jose Petrikorena) kontra joan den ostegunean hasitako epaiketa, askok elkarrizketa politikoaren kontrako auzitzat jo izana. Lehenik eta behin, Estatu espainolaren egitura juridiko-politikoaren izaera islatzen du horrek, ondo baino hobeto islatu ere, elkarrizketa zigorpean jar dezakeen sistema politiko batek, ezinbestean, inposizioa baitu abiapuntu eta helmuga. Soka beraren beste kapitulu bat da auzi hau. Ez dira aste asko Espainiako Konstituzioaren 30. urtemuga izan zela. Haren ondotik, Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideak mugatzeko lege-egitura handia osatu dute. Azkenetako urrats nabarmenetako bat Alderdien Legea bera da, ezker abertzalearen jarduera politikoa zapuzteko onartu zena eta, oraingo honetan gogoratu behar denez, elkarrizketaren kontrako epaiketaren oinarrian dagoena. Beraz, noizbait, horrenbesteko eskubide murrizketa gaindituko bada, lege-egitura horren sakoneko aldaketa egin beharko da. Azken batean, hamarkada luzetan gatazka elikatu duen jatorrizko arazo politikoa dago horren guztiaren atzean.

Bestalde, auziak azken negoziazio prozesuak izandako oztopoak ere agerian utzi ditu; izan ere, negoziazio prozesuaren hasieran, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak Estatu ituna lortzeko konpromisoa hartu zuen, akordioak garatu ahal izateko eta prozesuaren bermeak bete ahal izateko. Ez zen horrela izan, eta horren lekuko elkarrizketan solaskide zirenak auzipetu izana da. Patxi Lopezek, bakearen mesedetan, egoera hartan Batasunarekin bilerak egitea betebeharra ere bazela esan berri du; aipatzea ahantzi du, ordea, Zapateroren Gobernuak ez zituela hartu elkarrizketa politikoa eraginkorra izan zedin hartu beharreko gutxieneko neurriak. Esan bezala, zortzi solaskide akusatuen eserlekuan eseri izanak ez du besterik erakusten. Bakea lortzeko elkarrizketa goratzeaz gain, elkarrizketa ahalbidetzeko konpromisoa ere izan behar dela jakin beharko luke Lopezek.

Auziak, aldi berean, ezker abertzaleak ziklo aldaketa eta horretan egin beharreko prozesu demokratikoa lehenetsiz zabaldu duen mezuari are eta esanahi handiagoa eman dio. Aterabide demokratikoaren beharra eta, beraz, elkarrizketa eta akordio politikoa berreraikitzeko beharra indartu dezake ezker abertzaleak.

Bestalde, epaiketa eta datozen hauteskundeak lotzea saihestezina da; besteak beste, lehendakaritzarako bi hautagai nagusiak auzipetuen artean baitaude, eta horietako bat gaur egungo lehendakaria baita. Horixe bakarrik deigarria da oso. Europan gertatuko al litzateke horrelakorik beste inon?

Ibarretxek hauteskundeen data jartzeko orduan epaiketa kontuan hartu duela esan duenik izan da, nolabait bien artean ahalik eta denbora tarterik txikiena uzteko eta horren arabera hauteskundeei begirako mezu politikoa osatu ahal izateko. Lehendakariaren abokatuak atzoko saioan egindako aldaketa -epaiketa bertan behera ez uztea eta aferaren mamia epaitzea eskatu zuen- zentzu horretan uler liteke.

Epaiketa ezerezean gera litekeela uste dute askok. Zigorrik ez dela izango dionik ere bada, nahiz eta ezker abertzaleko kide izanda auzitegietara joatea oso arriskutsua izan. Ibarretxe eta Lopez hautagaien kasuan, ez dago zalantza izpirik epaiketak ez duela inongo ondoriorik izango, eta horregatik auziak izan ditzakeen ondorio politikoei so gaude guztiok. Epaia beste nonbait bilatzen ari dira bi horiek, gutxi barru izango diren hauteskundeetan, hain zuzen ere.