-

Joseanjel Oria

2009ko Urtarrilaren 09a

Ezinezkoa dirudi egunero telebistan ikusten dugunak. Gazako sarraski telebisatuak ez du mugarik. Israelek bere alde ditu munduko hedabiderik garrantzitsuenak eta, tamalez, Euskal Herriko begirale batzuek ere bat egiten dute egunotan palestinarrak ehunka hiltzen dituen Estatuko agintarien sasiargudioekin. Uri Avnery idazlea israeldarra da, bere gaztaroan sionisten talde armatuetan esku hartutakoa. Jasir Arafat palestinarren presidente zenaren ondoan askotan ikusi dugu Avnery, orain sei urte Israelgo Armadak Ramalako Mukata izeneko egoitza presidentziala suntsitu zuenean, esaterako. Aspaldi honetan Uri Avnery okupazioaren aurkako ekintzaile da, palestinarren laguna eta bakezalea alegia. Egunotako sarraskiaren inguruko hausnarketak argitaratu ditu Counterpunch webgunean.

«Gauerdian, Al Jazeera telebista katea Gazako gertakizunen inguruko informazioa eskaintzen ari da. Bat-batean, kamerak ordura arteko irudia albo batera utzi eta zerura begira jarri dira. Ez zen ezer ikusten, baina gerra hegazkinen hots beldurgarria oso ondo iristen zen. Momentu horretan Gazan bertan gauza bera entzuten ari ziren milaka umeak etortzen zaizkit gogora, beldurtuta eta negarrez dauden umeak, ikarak geldi-geldirik dauzkan haurrak, bonben zain», idatzi du Uri Avneryk.

Idazle beteranoak Tel Aviveko agintariek behin eta berriz esaten dutena ekartzen du gogora: «Hegoaldeko herriak ikaratzen dituzten suzirien erasoetatik babestu behar du bere burua Israelek». Baita Hamaseko eledunek erantzuten dutena ere: «Gazan gure borrokalariak hil izanari erantzun behar diote palestinarrek». Avneryk hankaz gora botatzen du egungo sarraskia su-etena apurtu izanagatik gertatu dela dioen argudioa. «Su-etenik ez da hautsi, su-etenik inoiz izan ez delako. Gazan su-eten bat abian jarri ahal izateko, muga zabaldu egin behar da aurrena. Gazan ez dago bizitzerik, kanpotik iristen diren hornidurarik gabe. Baina israeldarrek ez zuten muga zabaldu. Milioi eta erdi pertsona erabat setiatuta edukitzea gerra krimena da, misilen bidezko eraso bat bezala. Muga ixtea erabaki zutenek bazekiten baldintza horietan ezinezkoa dela su-etena». Idazlearen ustez, Gazaren aurkako blokeoa da garrantzitsuena egungo egoera ulertzeko. «Gero iritsiko ziren Hamasen erreakzioa eragiteko pentsatutako probokazio txikiak. Palestinarrek Kasam suziririk bota gabe hilabete asko eman ondoren, Israelgo Armadak ustezko tunel batzuk suntsitzera bidali zituen bere tropak Gazara. Ikuspegi militar batetik, askoz ere egokiago litzateke hesiaren gure aldean zain egon eta ekintzaileak harrapatzea. Baina helburua ez zen hori, ustezko su-etenaren amaiera palestinarrei leporatzea baizik. Eta lortu zuten nahi zutena. Miliziano batzuk hil ondoren, Hamasek suziri asko jaurtitzea erabaki zuen. Orduan eman zen apurtutzat su-etena, eta mundu guztiak Hamasi egotzi zion gertatutakoa», gogorarazten du Uri Avneryk.

Zertarako? «Tzipi Livnik argi asko jakinarazi zuen bere helburua Hamasen Gobernua suntsitzea zela. Kasam suziriak aitzakia besterik ez ziren», dio idazleak. Avneryk ekartzen du gogora, Israelgo agintariek PAE Palestina Askatzeko Erakundea ahultzeko, bere garaian indar islamistak babestu egin zituztela, garai hartan PAE eta Arafat baitziren etsai ofiziala. 1987an lehenengo Intifada lehertu zenean ere, Tel Avivek jarrera berari eutsi zion urtebetez. «Geroztik gauzak aldatu egin dira, eta Hamas da garai honetako deabrua».

Berun Urtua da gaur egungo operazio militarraren izen ofiziala. «Egokiago litzateke `Hauteskunde Gerra' deitzea», Avneryren iritziz. Idazleak gogorarazten du lehenago ere Israelgo agintariek eraso militarrak abiarazi izan dituztela hauteskunde garaitan. Menachem Beginek Irakeko erreaktore nuklearra 1981ean suntsitu zuenean, Shimon Peres hautagaiak bozketei begira egindako operazioa izan zela salatu zuen. Beginek zera erantzun zuen mitin batean: `Judutarrok, hauteskundeak irabazteagatik gure mutilak heriotzara eramateko gauza naizela uste al duzue?'. Beginek irabazi zituen bozketa haiek». Handik hamabost urtera, Peresek Libano inbaditzeko agindu zuen, «eta Israelen begirale guztiek esaten zuten bozketak irabazteagatik hasi zuela operazioa. Gerra hark porrot egin zuen, Peresek galdu egin zuen eta Benjamin Netanyahu iritsi zen agintera. Barak eta Livni gauza bera egiten ari dira orain. Inkesten arabera, 48 orduko epean Baraken aldekoen kopuruak gora egin zuen ikaragarri. Kalkuluen arabera, hiltzen dituzten 80 palestinarreko eserleku bat gehiago lortzen du hautagaiak. Baina gorpu askoren gainean oinez ibiltzea zaila izaten da. Arrakastak berehala ihes egin dezake, Israelgo iritzi publikoari iruditzen bazaio gerrak porrot egin duela, Hamasekoen suziriek Beersheba hirira iristen jarraitzen badute edo lurrezko erasoak israeldarren artean hildako asko eragiten baditu».

Gazako palestinarren aurkako erasoak abiarazteko unea Mendebaldeko agintarien Eguberrietako oporrak eta Etxe Zuriko aldaketak kontuan hartuta aukeratu dutela uste du Avneryk. Libanoren aurkako 2006ko erasoaldian izandako akatsak ez errepikatzea izan da Tel Aviven helburu nagusia, idazlearen arabera. Estrategia ez da ia aldatu: hegazkinek txikizioa eragiten dute, herritarrak Hamasen aurka jar daitezen, «eta orduan Mahmud Abbas Gazara itzuliko da israeldarren tankeen gainean». Estrategia horrek porrot egin zuen Libanon, eta Gazan ere gauza bera gerta daiteke idazle bakezalearen arabera, «egunotako irudiek Hamas indartu besterik ez dute egiten-eta».