Zimbaweko agintariak ez dira Mendebaldeko gobernuburuen gustuko. Urte asko daramatzate Robert Mugabe presidentea kargutik kentzeko ahaleginean, arrakasta handirik gabe. Oraingoz, Zimbaweko herritarrek jasaten dute sufrimendu osoa eta ez dirudi 2009an egoera hori aldatuko denik.
Juan Carlos Díaz Guerrero
2009ko Urtarrilaren 09a
Ameriketako Estatu Batuek eta Britainia Handiak bide politikoak zein neurri ekonomiko murriztaileak erabiliko dituzte Zimbaweko presidenteak aurten kargua utz dezan.
2008an jazotako bi momentu garrantzitsu erabili dituzte aipatutako nazioarteko politikariek Zimbaweren aurka egiteko. Batetik, martxoko hauteskundeen ondorioz Mugabek kargua bereganatu zuenetik krisi politikoa sortu dela esan dute. Bestetik, kolera agerraldiak osasun krisia eragin duela.
Hauteskundeak ZANU-PF Zimbaweko Afrikako Batasun Nazionala-Fronte Abertzaleko buru den Robert Mugabe eta MDC Aldaketa Demokratikorako Mugimenduko buruzagia den Morgan Tsvangirai hautagaiak bildu zituen. Azken horrek lehenengo itzulian irabazi zuen arren, lortutako emaitza eskasak medio, bigarren itzulia deitu zuten. Itzuli horretan, ZANU-PFk lortu zituen boz gehien. Ondorioz, MDCko kideek hauteskundeetan iruzur egin izana leporatu zioten, baita bere jarraitzailen aurka indarkeria bortitza erabili izana ere. Hori argudiatuta, bertan behera utzi zituzten hauteskundeak.
Iragan irailean, bi buruzagiek boterea banatzea erabaki zuten. Halere, bi alderdien arteko elkarrizketak eten egin dira eta, momentuz, ez diote irtenbiderik aurkitu. Oposizioaren aburuz, arazoa hein handi batean Gobernuari dagokio, Mugabek Gobernuko postu garrantzitsuenei eutsi nahi dielako. Geroztik, elkarrizketak bertan behera gelditu dira.
Kolera
Mendebaldeko estatuek hauteskundeen porrota agerian uzteko egin zuten saiakerak ez zuen bilatutako eragina izan. Orduan, Gobernuari oreka galtzea eragiteko helburuarekin, bigarren saiakera bati ekin eta kolerak sortutako egoera argudiotzat erabiltzen hasi ziren. Gaixotasun horrek, momentura arte, 1.000 hildako eta 23.000 kutsatu eragin ditu Zimbawen.
Nabarmena da Mugaberen aurkakoek izurriteari buruzko ardurak presidenteari leporatzeko agertutako interesa. Gauza bera egin zuten osasun zerbitzuen kalitatearen beherakadarekin, hezkuntza arazoekin, langabeziarekin, elektrizitatearen banaketa arazoekin eta ekonomia arlokoekin ere.
Horretaz gain, Mugabe buruzagia bakartzeko helburuarekin, Afrikar Batasunaren aurka zein Zimbawerekin muga egiten duten estatuen kontra egindako presioak ere agerian utzi nahi ditugu. Estrategia horrek erabateko arrakasta lortu ez bazuen ere, hainbat politikariren eta pertsona garrantzitsuren esku-hartzea eta begirunea lortu zituen.
Halaber, boteregune handiek eta horien hedabideek Mugabe presidentearen aurkako iritzi publiko globala eraiki nahi dute, hura boteretik kentzeko.
Mendebaldearen helburuak jakinda, abenduaren hastapenetan Mugabe buruzagiak, George Charamba bozeramailearen bidez, Washingtongo eta Londresko gobernuei Zimbawe inbaditzeko erasoa prestatzea leporatu zien eta, beste behin, kargua uzteko presioak albo batera utzi zituen.
Nicolas Sarkozy Estatu frantseseko presidentea eta Bernard Kouchner Atzerri ministroa; Condoleezza Rice AEBetako Estatu idazkaria; Gordon Brown Britainia Handiko lehen ministroa; eta, Javier Solana, Europar Batasuneko Atzerri Politikarako eta Segurtasunerako goi-komisarioak kanpainarekin bat egitea erabaki zuten. Denek zigorrak areagotzea eta buruzagiari kargua utzaraztea hobetsi zituzten.
Europako Parlamentuko presidentea, Hans Gert Pottering, aurrekoen iritziarekin bat etorri zen. «EBk presioa egiten jarraitu behar du, Mugaberen gobernuari amaiera emateko», esan zuen Potteringek.
Izan ere, azken urteotan, Zimbaweko Gobernuaren aurkako neurri ugari hartu dituzte, haren jarduera oztopatzeko xedearekin. Hala, ondorio sozioekonomiko negatiboak eragin dituzte.
Datu ofizialen arabera, 2007ko urtarriletik 2008ko urtarrilera, inflazioak % 100,58 egin zuen gora. Egungo estimazioek % 200 inguruan kokatzen dute igoera. Langabeziak, bitartean, biztanleriaren % 80a gainditzen du (13 milioi pertsona bizi dira herrialdean).
Blokeoa
Arma, ekipamendu eta aholkularitza tekniko militarra blokeatzeko neurriak ezarri zizkioten AEBek eta Europar Batasunak. Gainera, defentsa eta zerbitzu-artikuluak ez transferitzea eta Gobernuari ez laguntzea (laguntza humanitarioa alde batera utzita) erabaki zuten.
Halaber, Britainia Handiko herritarrei neurri murriztaileak ezarri zizkieten, Zimbawerekin negozio eta transakzio guztiak eteteko asmoz. Bestalde, kontu korronteak izoztu zituzten eta Gobernuko goi-kargudunak Europar Batasunean sartzea debekatu zuten. Bisa ukapen horrek presidenteari, emazteari eta 168 herritarri eragin die.
Gertakari horiei Zimbawetarren lurraldean gertatutako eraso armatuak batu behar zaizkie. Abenduaren 13an, ejertzitoko Aire Indarren zuzendari Perrance Shiriren aurkako ekintza egin zuten eta militarra balaz zauritu zuten.
«Pertsona garrantzitsuen, funtzionarioen, Gobernuko establezimenduen eta garraio publikoaren sistemaren aurkako ekintza terrorista multzoaren parte dela dirudi», esan zuen Zimbaweko Atzerri ministroak, Kembo Mohadik, militarraren aurkako erasoari erreferentzia eginez.
«The Herald» egunkariak hedatutako informazioen arabera, iragan abuztuaren 2an Harare hiriburuko Poliziaren egoitza nagusia bonbardatu zuten. Halaber, 21 egun geroago, Manyame ibaiaren gaineko errepideari zein trenbide sareko zubi bati eraso zieten. Hedabidearen arabera, erasoak garraio sistema nazionala eteteko helburuarekin gauzatu zituzten. Iragan azaroaren 17an, Poliziaren egoitza nagusiaren aurkako bonbardaketaren antzeko erasoa jazo zen hiriburuan kokatutako Ikerketa Penalen Sailaren aurka.
Mohadik adierazitakoaren arabera, eraso horiek 2007ko martxoan bi polizia zauritu zituen petrolio putzuen aurkako ekintzan dute jatorria.
Gaur egungo kolera izurritea ia Estatu osora zein ondoko herrialdeetara zabaldu da jada eta, Sikhanyiso Ndlovu Informazio ministroaren arabera, Britainia Handiak Zimbaweren aurka egin duen genozidioa izan da.
Joan den abenduaren 12an eskainitako prentsaurreko batean, egungo kolera eta antrax bakteriak garai kolonialetik barreiatuak eta sakabanatuak izan direla salatu zuen Ndlovu ministroak. Aldi berean, Zimbawen gaur egun gaixotasun horien germen gehiago sakabanatzeko komando sekretuak lanean edukitzea leporatu zion Erresuma Batuari. «Ingelesak Zimbawetarren aurka egiten ari diren genozidioa da», adierazi zuen Sikhanyiso Ndlovuk.




