AEBetan finantza krisi moduan sortu zena, mundu osoa astindu duen krisi ekonomiko bihurtu da. Toomuch.org web guneko Sam Pizzigatik era horretan sailkatu ditu 2008an gutizia gehien erakutsi duten hamar estatubatuarrak, herritar guztiak larri-larri dabiltzanean ikaragarri aberastu direnak eta poltsikoa gehiago loditzeko edozein gauza egiteko prest daudenak; diruzaleenak, alegia.
Sam Pizzigati
2009ko Urtarrilaren 09a
Urteko "top ten" zerrendak egiteko garai honetan, Toomuch.org web gunean Ameriketako Estatu Batuetako diruzalerik diruzaleenen sailkapena egitea erabaki dugu. 2008a urterik egokiena da horretarako, erortze ekonomiko ikaragarriaren eraginez, behar zutena baino askoz ere gehiago lortu nahi zutenekiko arreta piztu baita herrialdean. Baita mundu osoan ere.
Diruzalerik diruzaleenak aurkitzeko lana oso neketsua izan daiteke, AEBetan dagoen gutizia zenbaterainokoa den ikusita. Nola lortu sailkapenak hamar diruzale besterik ez izatea?
Hedabideetako lehen orrialdeetara iritsi den azken diruzalekeria leherketak (Bernie Madoff-en Ponzi eskema, 50.000 milioi dolarrekoa) oso ondo adierazten du zein zaila izan daitekeen sailkapen hori egitea.
Wall Streeteko izarra
Eskandalu horretan nahastutako nori eman puntu gehien? Bernie Madoffi berari, 70 urte zituela bere lagun aberatsei eta karitate erakundeei iruzur egin zien gizonari? Wall Streeteko inbertsioen munduan talentudun ospea lortu zuen eta horri esker egin ahal izan du iruzurra. Hala ere, Manhattanen duen sei milioi dolarreko pisutxoari eutsi dio, baita Palm Beacheko hondartzako luxuzko etxeari eta Long Islandeko asteburuetako etxeari.
Agian, egokiago litzateke sailkapen horretako puntu gehienak hedge fund izeneko funtsen arteko bitartekari lanak egin dituztenei ematea; Madoffentzat bezeroak lortuz, eta dozenaka milioiko komisioak kobratuta, ikaragarri aberastu den Walter Noeli, adibidez. Edo, AEBetako aberaskumeen country club horietako bateko kide izateagatik urtean 250.000 dolar ordaintzen zituzten inbertsiogileak kokatu behar ditugu lehen postuan?
Zenbat aukera ditugun mahai gainean! Eta zer esan aktibo toxikoei esker aberatsenen multzora iritsi den Bear Sterns konpainiako zuzendariari buruz, James Cayneri buruz? Eta, Countrywide Financial konpainian zegoela, milaka familia oso larri utzi zituen subprime izeneko hipoteken eskandalua bere poltsikoa loditzeko erabili zuen Angelo Mozilori buruz, zer idatzi?
Azkenean, erabaki genuen lortutako dirutzaren neurriak ez digula esaten nor den diruzaleena. Iruzurra egiterakoan zuen asmoa da erabakigarria.
10. Dwight Schar
Azkenean lehertu egin den higiezinen burbuila puztuz aberastu direnak, batez ere Aginteak izendatu dituenak, diruzaleenen zerrendako lehen postuetan jarri beharrekoak dira. Azaroan, "Wall Street Journal" egunkariko kazetariak eraikuntzako eta hipoteka konpainietako kontuak ikertzen aritu ziren. Azken bost urteetan, 100 milioi dolarretik gora poltsikoratu dituzten hamabost exekutibo aurkitu dituzte; kasu guztietan, konpentsazio moduan edo akzio salerosketa prozesuetan irabazitako dirua zen. Horien artean dago Dwight Schar, NVR Inc. eraikuntza konpainia erraldoiko presidentea. 66 urte ditu gizonak eta 625 milioi dolar atera ditu 2002az geroztik. Floridako Palm Beachen luxuzko etxe bat erosteko diru asko gastatu zuen 2004an, 70 milioi dolar, ordura arte AEBetan etxe bat erosteagatik ordaindutako dirutzarik handiena. Washington DC hiriburuan duen etxetik Potomac bailara osoa ikusten da. Lursailak lau hektareako azalera dauka. NVR konpainiak behera egin bazuen ere (balioaren % 60 baino gehiago galdu zuen), Scharren etxe horiek ez dira ageri aurki utzi beharreko etxebizitzen zerrendetan.
9. Patrick Soon-Shiong
AEBetan zergatik da hain garestia osasun-laguntza, arreta sanitarioa? Galdera hori Patrick Soon-Shiongi egin beharko lioke norbaitek. Los Angeleseko farmazia arloko enpresaburu horrek 3.000 milioi dolarreko aberastasun edo ondasuna bikoiztu egin zuen irailean. Soon-Shiong APP farmazia konpainiako presidente exekutiboa zen 2008aren hasieran. Udaberrian, berriz, zuzendari exekutibo kargua hartu zuen, baina zirujau ohiak konpainiako akzioen % 83ari eutsi zion. Uztailean, APP Alemaniako enpresa bati saltzea onartu zuen. Azaroan amaitu zen salerosketa, 3.700 milioi dolarren truke. Zergatik zen hain erakargarria APP? Diru asko egiteko makina delako. 2007an, "Los Angeles Business Journal" egunkariaren arabera, 647 milioi dolarreko salmentak egin zituen eta 253 milioi dolarreko irabaziak bildu zituen. Gainera, 2008a oso ondo hasi zuen konpainiak, Txinan gertatutako kutsadura arazo batek APP posizio ezin hobean utzi baitzuen: AEBetako merkatuko hodi-zabaltzaile bakarrak bereak ziren. Berehala, botikaren salneurria bikoiztu egin zen.
8. Richard Baker
2008a ez da urte ona izan hedge fund izeneko funts espekulatzaileen industriarako. Funts horiek inolako araurik ez duten inbertsioak egiteko tresna dira, oso aberatsak diren inbertsiogileentzat pentsatuak. Historiako urterik txarrena izan dute, % 19ko erorketa izan baitute hilero. Baina industria oso onuragarria izan da pertsona batentzat gutxienez, Louisianako parlamentario ohi Richard Bakerrentzat. Otsailean utzi zituen Bakerrek Parlamentuan zuen eserlekua eta 169.300 dolarreko soldata, Managed Funds Association konpainiako presidente eta zuzendari exekutibo bihurtzeko; hedge funden industriako merkataritza elkarteko buru izateko, alegia. 23 urte zituenetik abokatu den 60 urteko Bakerrek zergatik utzi zion ordezkari publiko izateari? Agian, etekin pribatuengatik. Hedge funden merkataritza taldeko presidente bezala, New Orleanseko "Times-Picayune" egunkariak urte hasieran eman zuen informazioaren arabera, Bakerrek milioi bat dolar poltsikoratzen du urtean soldata moduan eta etekinen zati bat ere berarentzat da. Hedge fundetan dirua zuten AEBetako aberatsentzat zergatik zen hain erakargarria Baker? House Financial Services Subcommittee on Capital Markets-eko (Kongresuko Finantza Zerbitzuen Batzordeko Kapital Merkatuaren Azpibatzordea) kide moduan, Center for Responsible Politicsek (Politika Arduratsurako Zentroak) adierazi duenez, Bakerrek berak ikuskatzen zuen hedge fund horien izar moduan berak ordezkatzen zuen industria.
7. James Mulva
Joan den udaberrian, erregai-tanga betetzera joan behar zuten bakoitzean, motorzaleak sutan jartzen ziren. Garai hartan, James Mulva «petrolioaren erregeak» estatubatuarrei adierazi zien haien saminarekin bat egiten zuela. «Petrolioaren salneurri handiak ez digu lagundu», esan zuen. Kazetariei adierazi zienez, erregaiaren salneurria igotzeak arazo ugari ekartzen dizkie berak zuzentzen duen ConocoPhillips bezalako konpainiei. Alabaina, azken urteotako salneurriaren igoerak ez dira kaltegarriak izan petrolioaren erregeentzat. Amerikako Kontsumitzaileen Federakuntzak udazkenean adierazi zuenez, industria horrek ematen dituen etekinak ikaragarri hazi dira 2002az geroztik: % 600 inguru. Arrakasta hori ondo baino hobeto aprobetxatu dutenen artean, 62 urteko James Mulva dago. Balore eta Kanbioen Batzorde Federalaren arabera, 50,5 milioi dolar poltsikoratu ditu. Gainera, erretiratzen denean, 2,6 milioi dolarreko pentsioa jasoko du urtero.
6. Ralph Roberts
2008ko urtarrilaren 1ean, kable bidezko Comcast telebista konpainiak sustapen egitasmo berriak jarri zituen abian bere exekutiboentzat: Ralph Roberts konpainiako sortzaile eta zuzendaritzako kideari, hil eta gero, bost urteko epean, 1,85 milioi dolarreko soldata emango diote, eta kopuru hori Robertsek berak aukeratzen duen pertsonari emango diote. 2007an, orain 88 urte dituen Ralph Robertsek 24,7 milioi dolar poltsikoratu zituen ordainsari moduan. Haren seme Brian Robertsek (bera ere Comcasteko zuzendaritzakoa da) 20,8 milioi dolar jaso zituen. Ez da harritzekoa akziodun batzuk irainduta sentitu izana eta horietako batzuek Brian Robertsen dimisioa eskatu izana. Otsailean, bazter guztietatik iristen zitzaizkien salaketak ikusita, robertstarrek atzera egin zuten. Ralph hil ondoren kobratu beharreko kopurua zertxobait murriztea onartu zuten, baina Comcast konpainiak Ralphen bizi-asegurua ordaintzen jarraitzen du (2006an, 10,5 milioi dolarrekoak ziren aseguruko primak). Aldi berean, azaroan edo, hedabideek jakinarazi zutenez, kable bidezko telebista arautzen duten erakundeek uste dute Comcastek agian beste iruzur bat egingo duela, lurreko telebista digitalaren hedapenak kontsumitzaileengan eragingo duen nahasketa aprobetxatuz kate garestiagoak eskainita.
5. Steve Jobs
Steve Jobs, Apple Computer konpainiako zuzendari exekutiboa, urtean milioi bat dolar kobratzen duten CEO Chief Executive Officer-en (zuzendari edo presidente exekutiboak) elkarteko bururik aipagarrienetako bat izan zen 2008an ere. 1997az geroztik, Jobsek urtean milioi bat dolar baino ez du irabazi soldata moduan. Beste zerbait ere poltsikoratuko zuela pentsatzekoa da. Apple konpainiako akzioengatik 5,5 milioi dolar jasota hasi zuen 2008 urtea. Martxoan, Appleko akziodunek "Say on Pay" izeneko egitasmoa onartu zuten, exekutiboei ordainsari hobeak emateko. «Ea egitasmoak nire milioi bat dolarreko soldata osatzen duen», esan zien Jobsek berak kazetariei. Gainera, Jobs konpainiarentzat erabakigarria dela-eta, ordainsari gehiago onartzea aurreikusita dute. Lehenago ere sekulako ordainsariak kobratutakoa da: 1999an akziodunen batzarrak Gulfstream V izeneko jet edo hegazkina oparitu zion (90 milioi dolar), eta hegazkinak eragiten dituen gastu guztiak bere gain hartzeko konpromisoa hartu zuen (2007. urtean, luxuzko hegazkinak 776.000 dolarreko gastuak eragin zituen).
4. Robert Stevens
«Bakea Lurrean eta zoriona mundu osoarentzat, baina ez hain bizkor». Horixe izan daiteke Lockheed Martinen, munduko armagintzako konpainia handienaren, leloa. Robert Stevensen zuzendaritzapean, 2000z geroztik enpresak ematen dituen etekinak bikoiztu egin dira, batez ere, AEBetako inbertsio militarrak izan duen % 72ko hazkundearen eraginez. Eta etorkizuna ere oso oparo dator, nahiz eta Irakeko gerra baretzen ari den. 57 urteko Stevensek berak esan duenez, Lockheed Martinek aurreikusten du konpainiak AEBetatik kanpo duen negozioa hazi egingo dela. Arma salerosketak sekulako etekinak emango dituela uste dute begiraleek, arma berriak garatzeko egin beharreko inbertsioa AEBetako zergapekoek ordainduta daukate-eta. Konpainiari etekinak biltzea besterik ez zaio geratzen. Gainera, Stevensek beste arlo batzuk ere aztertu ditu negozioa egiteko, Lockheed Martinek ez baitu izango kalterik krisi ekonomikoaren eraginez, zuzendari exekutiboak berak esan duenez. Osasun arloko korporazio batzuk erosteko aukera aztertzen hasia da. Bere poltsikoak ez du osasun arazorik. Stevensek 26 milioi dolar poltsikoratu zituen azken urtean. AEBetako armadan domina gehien jaso dituzten jeneralek lanean 130 urte baino gehiago egin beharko lituzkete kopuru horretara iritsi ahal izateko.
3. Larry Ellison
Kalifornia da higiezinen burbuilaren leherketak gehien kaltetu duen AEBetako estatua. Eta Larry Ellison aberatsa da egoera horretatik etekin gehien atera duen kaliforniarra. Oracle software konpainiako zuzendari exekutiboa "Forbes" aldizkariak kaleratzen duen Ameriketako 400 pertsona aberatsenen zerrendan hirugarren postuan ageri da. XVI. mendeko Japoniako enperadoreek erabiltzen zituzten jauregien itxurako luxuzko etxea Kaliforniako iparraldean eraikitzeko, bederatzi urte eta 200 milioi dolar inbertitu zituen. 2005ean, San Mateo konderriko funtzionarioek egin zituzten kalkuluen arabera, eraikinak 166,3 milioi dolarreko balioa du. Ellisoni berari ez zitzaion gustatu kalkulua, bere abokatuen arabera etxea ehun milioi dolar merkeagoa baita. Udaberrian, San Mateoko epaileek Ellisonen abokatuei eman zieten arrazoia, eta Oraclekoari zerga moduan ordaindutako hiru milioi dolar itzuli zizkioten. Konderriko eskola publikoek jasan behar dute orain operazio horrek eragindako eskasia. Datozen urteetan, Portola Valleyko eskolek urtean 250.000 dolar gutxiago izango dituzte; hau da, hiru irakasle kontratatzeak eragingo lukeen gastuaren parekoa. Oracleko exekutiboak orduko kobratzen du kopuru hori. Abuztuan, eskolak zabaldu aurretik egindako kalkuluen arabera, Ellisonek 84,6 milioi dolar kobratu zituen 2008an, zuzendari exekutibo moduan egindako lanari esker. Oraclen dituen akzioen bitartez, beste 544 milioi dolar poltsikoratu zituen.
2. John Thain
«Gauza Guztiak Konpontzen Dituen Jauna» deitzen zioten John Thaini goi-mailako finantzen munduan. 2004an New Yorkeko Burtsak kontratatu zuen Goldman Sachs konpainiako izarra, Burtsako aurreko zuzendari exekutiboak, Dick Grassok, utzitako arazoa konpontzeko. Erretiratu zenean, Sachsek 140 milioi dolar poltsikoratu zituen, sekulako eskandalua eragin zuen «urrezko jausgailuari» esker. 2007ko urrian, Merrill Lynch konpainiak eskatu zion Thaini Stanley O'Neal zuzendari exekutiboaren kaleratzeak utzitako zuloa (160 milioi dolar eskuratu zituen) konpontzeko. Thain kontratatu ahal izateko, Merrill Lynchek diru asko gastatu behar izan zuen. Hamabost milioi dolarreko klausula eta makina bat sari; «edozein lekutan gehiegizkotzat hartuko lituzketen sariak», CEO exekutiboen soldatetan aditu den Graef Crystalen arabera. «Gehiegizkoa bazter guztietan, baina ez Wall Street izena duen Manhattaneko zati txiki horretan». Subprime hipoteken krisia lehertu zenean, finantza munduko konpainia handienak erortzen hasi ziren. Thainek esaten zuen bere erreinuan ez zela arazorik izango. Uztailean zera esan zien inbertsiogileei: «Pozik egoteko modukoa da Merrillek duen likidezia indizea». Abuztuan erantsi zuen enpresa oso ondo kokatuta zegoela datozen urteei begira. Agian, konpainiaren posizioa ez zen hain ona. Reuters berri agentziak jakinarazi zuenez, irailean Thain erabat beldurtuta zegoen. Lehman Brothersek sosik gabe zegoela, porrot eginda alegia, onartu baino ordubete lehenago, Bank of Americak Merrill erreskatatzea erabaki zuen. Merrill Lynch salbatuta zegoela zirudien eta, abenduaren hasieran, Thainek 10 milioi dolarreko sari bat kobratzea espero zuela jakinarazi zuen, nahiz eta konpainiak 2008an 12.000 milioi dolar galdu dituen. Gainera, enpresak langileen % 20 kaleratzea aurreikusi du. Thainen eskari horrek bere aurkako salaketak ugaldu zituen. Atzera egin behar izan zuen. Hala ere, Merrill Lynch Bank of Americari saltzeagatik 5,2 milioi dolar poltsikoratu ditu. Eta lanpostuari eutsi dio. Subprime hipoteken porrotarekin guztia galdu duten familiei gertatu zaiena ez zaio berari gertatuko, Manhattaneko iparraldean duen luxuzko jauregiari eutsiko dio-eta, igerilekuak, tenisean aritzeko pistak eta laku pribatua barne.
1. Richard Gilman
Chicagoko iparraldeko enpresa txiki bateko zuzendari exekutiboa ez da ageri "Forbes" aldizkariko aberatsenen zerrendetan, baina Richard Gilmanek meritu asko egin ditu 2008an hedabideetako lehen orrialdeetan azaltzeko. Urteko diruzaleenen zerrendako lehen postua ere merezi du. 2006an Republic Windows and Doors izeneko lantegi txikia zuzentzen hasi zen, berrogei urte zituen enpresa bat. Berehala hasi zen langileak kaleratzen: 500 langile izatetik 240 izatera pasa zen. Langileak beste arazoren baten atarian zeudela konturatu ziren udazkenean, Chicagoko lantegiko makinak desagertzen ari zirela jakin baitzuten. Langileek ez zekiten orduan konpainiak beste enpresa bat sortua zuela, eta Iowa estatuan beste lantegi bat erosi zuela. Lantegi berri horretan ez zegoen sindikaturik. Azaroaren azken egunetan eman zien Republic konpainiak langileei berria: handik hiru egunera konpainia desagertu egingo zela. Langileek oporrak eta osasun-asegurua galduko zituzten, baita legediak aurreikusten dituen kalte-ordainak ere. Langileen eskubideei egindako beste bortxaketa bat zen. Hori zirudien, behintzat. Baina kasu honetan langileek ezohiko gauza bat egin zuten. 30eko hamarkadako Depresio Handian bezala, borrokaz eta okupazioaz baliatuz, lantegia bere gain hartu eta AEB osoaren arreta bereganatu zuten. Okupazioak Gilman eta Bank of America negoziazio mahaian esertzera behartu zituen. Berehala lortu zuten akordio bat. Baina, orduan, Gilmanek diruzaleenen zerrendako lehen postua irabaztera eramango zuen urratsa egin zuen. Exijitu zuen langileei laguntzeko lortutako maileguek bere Mercedes eta BMW autoek eragindako gastuak ere estaltzea, eta berari ia bi milioi dolar ematea. Langileek ez zuten onartu zuzendari exekutiboak exijitutakoa eta Gilmanek atzera egin behar izan zuen. Banketxeak eman zuen mailegua eta langileek garaipena ospatu zuten. Oraingoan, gutiziak galdu egin zuen. Eta hori ez da ia inoiz gertatu azken hogeita hamar urteotan. Diruzalekeria urrutiegi iritsi da, agian. Beharbada, aro baten amaieran egongo gara. Lapurretaren erregeen garaia bukatu al da?




