Isidro Esnaola
2009ko Urtarrilaren 09a
Urte hasiera joan den urtearen balantzea egiteko garaia izaten da. Era berean, balantze horretatik ateratako irakaspenekin egitasmo berriak egiteko garaia izan ohi da. Ekonomiari buruzko diskurtsoa ikusita, ez du ematen ezer ikasi dugunik. Egia da neoliberalismoaren ideien prestigioa behera doala, eta era berean, errezeta zaharrak, J. M. Keynes ekonomialariarenak alegia, neoliberalismoak utzitako lekua hartzen ari direla. Batak zein besteak bide ezberdinetatik helburu bera erdietsi nahi dute: kapitalaren hazkundea. Horrek ondasuna eta enplegua sortuko ditu, eta denok hobeto biziko gara. Horretarako hainbat sakrifizio egin beharko ditugu, baina epe luzera gure onurarako izango dira.
Kapitalismoa salbatzeko ahalegin horretan, ez dira konturatzen, edo ez dute ikusi nahi, gauzak sakonki aldatu direla. Kapitalaren hazkundea suspertzeko egiten ari diren plan horiek guztiek, Keynesen ideiak jarraituz, nagusiki azpiegitura eta obra publiko gehiago egitea planteatzen dute. Egoerak Marx anaien tren famatu hura ekartzen du gogora, non «egur gehiago!!!» oihukatuz, ihes egiteko ahaleginean, bitartekoa ere suntsitzen ari ziren. Horrela ari gara gu ere, krisietatik ihes egin nahian, lurraren lehengaiak xahutu eta lurraren oreka suntsitzen. Munduko gizon-emakumeok indar geologiko bilakatu gara, eta gure ahalmenaz tentuz baliatu behar dugu, hondamendiak saihesteko. Bide horretatik, klima aldaketa, kutsadura eta lehengaien eskasia areagotuko dira.
Naturarekiko harremanetan gauzak aldatu direla agerikoa da, esparru ekonomikoan, berriz, ekonomia produktiboa deitzen den horretan, are gehiago aldatu dira. Globalizazioaren ondorioz, munduko merkantzien ekoizpenak eta komertzioak sare bakarra osatzen dute, eta sare horrek gero eta bateratuago funtzionatzen du. Horregatik, BRIC taldeak -Brasil, Errusia, Txina eta India- munduko ekonomiaren alde tira egingo duela esateak ez du zentzu handirik. Estatu horiek ere, batez ere Errusia eta Txina, hasi dira nabaritzen krisiaren ondorioak. Azken batean, beraiek ere norbaiti saldu beharko dizkiote euren merkantziak. Mundu globalizatu honetan, estatu batentzat ez da nahikoa plan onena aurkeztea. Bakoitzak bere zilborrari begiratzen jarraitzen badu, epe luzera joera autarkikoak areagotuko dira mundu osoan zehar.
Finantzaren esparruan antzeko zerbait gertatzen ari da. Merkatu finantzarioetan gertatzen den edozein mugimenduren eragina, nahiz eta txikia izan, nahiz eta estatu bakarrean izan, merkatu finantzario guztietara zabaltzen da, AEBetako «subprime» krisiak erakutsi digun bezala. Horrek mundu mailako erantzunak eskatzen ditu, hau da, dirua nola sortzen da, nola gestionatzen da, nola kontrolatzen da eta abar. Baina horretan ere, munduko indar harremanen araberako aldaketak gauzatuko dira. Krisiari aurre egiteko errezeta zaharrak ez dira baliagarriak, mundua aldatu egin delako. Estatu nagusien eta kapitalaren ikuspegiak berekoiak eta motzak dira. Horiek mundua esplotatzen jarraitu nahi dute, baina ez dira konturatzen jadanik hori ez dela posible. Bultzatu duten teknikaren garapena -natura esplotatzeko-, ekonomiaren globalizazioa -munduko langileria esplotatzeko- eta finantzen zabalpena -herriak eta estatuak menperatzeko- mugara iristen ari dira. Lehia eta esplotazio terminoetan pentsatu beharrean, kooperazio eta berdintasun terminoetan pentsatu behar dugu krisi honetatik atera eta mundu seguruagoa eraikitzeko. Eta horretan munduko esplotatu eta zapalduak gara interes handiena dugunak. Estatuen eta estatuz gaindiko egituren ekimen zehatzez haraindi, segurtasunaren eta askatasunaren arteko dialektikan lehen balorearen aldeko eta bigarrena susmopean jartzeko estrategia politikoa da Bush administrazioak zuzendu eta Mendebalde osoak jarraitu duen hau.




