Amesgaiztoko Gabonak Belenen -

Egun Bethlehem eta Palestina osoa, mundu osoko jende guztia bezala, doluan dago. Palestinan badago, berriz, bestelako genozidio bat, egunez egun, 60 urtez eta komunikabideen ezaxolaren aurrean gertatzen ari dena eta lerrootara dakarkizuedana.

Koldo Sagasti

2009ko Urtarrilaren 02a

Palestinaz idazten duzunean, bada egun batetik bestera zaharkituta gelditzeko arriskua. Oraindik sarraski batek eragindako sumina gainditu ezinik zaudelarik, beti izango da harridura gaitasuna gaindituko duen beste basakeri handiago bat. Halaxe gertatu zitzaidan niri, Gabonak aitzakia, Zisjordaniako Belen herriko biztanleek pairatutako barrabaskeriak lerrootara bildutakoan, alegia, lerrook idatzitakoan ez nuela inola ere susmatzen gerora Gazako anai-arrebei zetorkiena.
Baina ez pentsa Gazako herria pairatzen ari den genozidioa arrotza denik Belengo jendearentzat, aitzitik, fisikoki banatuta izanagatik, herri bera da egun hauetan sionismoaren atzaparkada bortitza eta nazioarteko komunitatearen axolagabekeria pairatzen ari dena. Egun Bethlehem eta Palestina osoa, mundu osoko jende guztia bezala, doluan dago. Palestinan badago, berriz, bestelako genozidio bat, egunez egun, 60 urtez eta komunikabideen ezaxolaren aurrean gertatzen ari dena eta lerrootara dakarkizuedana.
Egun hauetako Gabon kanta gogaikarriek gogora ekarriko dio askori alegiazko Belen baten irudia, nekazal herrixka idilikoarena, izarrazpian eta olibondoen babesean izarlokei begira patxada ederrean botata dauden artzaintxoena. Kristauen jainkoa ustez jaio zen lekuan bertan egon garenoi, aldiz, eta ateo militante zintzoak izanagatik, oilo ipurdia jartzen zaigu leku sakratu horretan aditutako istorioak oroitzean.


Bala zuloak hormetan
Ibrahim ari zaigu gidari lanetan. Valentzian egin zituen fisioterapia ikasketak eta gaztelaniaz txukun egiten du. Munduko eliza zaharrenaren atea txiki-txikia da eta zeharkatzeko burua makurtu behar izan dugu. «Propio eginda omen dago –diosku gidariak–, bisitariak nahi eta nahi ez kristauen jainkoari gur egin diezaion». Sartutakoan buruz ikasitako kontaketari ekin dio Ibrahimek, Constantinok 325. urtean eraiki zuela, Justinianok 540an berreraiki zuela egun ezagutzen dugun bezala, eta giroa berotu ahala turista erlijiosoei aipatu ohi ez dizkien istorioak ere kontatzen hasi zaigu. Bere testigantzari sinesgarritasun bermea emate aldera, gainera, horma zaharretako bala zulo zantzuak seinalatu dizkigu.
2002 zorigaiztoko urtea izan zen palestinarrentzat. Israelgo armadak “Babes Harresia” izeneko operazioa burutu zuen Zisjordania osoan eta Ramallah, Jenin eta Nabulus bortizki eraso egin ostean, apirilaren 2an, Bethlehemen sartu zen.
Jende askok, sionisten sarraskien beldur eta non sartu ez zekitela, Jaiotzaren Tenpluan bilatu zuen babesa eta toki sakratua zaintzen zuten abadeek asiloa eman zieten. Hurrengo orduetan armada okupatzaileak eliza inguratu eta inor sar edo atera zedin debekatu zuen, ezkutatuen artean hiru ekintzaile ziren aitzakia zela medio. 250 lagun (haurrak, jende edadetua, 30 fraide eta lau moja tarteko) gelditu ziren bertan maiatzaren 10era arte, 39 egun iraungo zuen amesgaizto batean harrapatuta. Tankeek eta frankotiratzaileek eliza setiatu eta argindarra eta ura moztu zizkieten; jatekorik, botikarik eta horrelakorik batere ez zeukaten.
Megafoniaren bitartez zarata ozenak jartzen zizkieten lo egin ez zezaten eta zerutik, globo batetik, zelatatzen zituzten kamaren bitartez. Itxialdia luzatzen zen heinean eta egoera jasanezina bihurtzen ari zelarik batzuk ur bila atera ziren kapera katolikoaren klaustroko patioan dagoen putzura. Frankotiratzaileek tirokatu eta hil egin zituzten. Orotara 30 lagun zauritu eta zortzi hil zituzten, tartean Belengo kanpaiak jotzeaz arduratzen zen apaiza («Belén, campanas de Belén» kantatzen dutenetako gutxik jakingo du hori).


Ur beltzak edan beharra
Ateratzen saiatzen zen ororen kontra tiro egiten zuten. Beste irtenbiderik ezean eliza azpiko putzu bateko ur beltzak edaten hasi behar izan zuten eta, ondorioz, asko eta asko intoxikatu ziren. Kanpoan gertatzen ari zenaren berri jakiteko premia larriak bultzatuta, nola edo hala telefono mugikorrak kargatzeko argindarra lortu behar zutela deliberatu zuten. Hassan Nisman gazteak aurkeztu zuen bere burua boluntario kanpora atera eta kable zati bat farola batera konektatzeko. Lehenengo saiakeran ez zuen lortu, kablea motzegia zen. Bigarrenean tirokatu zuten. Hiru ordu eman zituen hil arte odolusten. Gazakoa zen eta bi alaba zituen. Gorpuak azkarregi ustel ez zitezen Jaiotzaren Leizean gorde behar izan zituzten, tenpluaren txoko freskoena baitzen. Hortxe izan zituzten zerraldoak, usadio kristauaren arabera Jesukristoren jaiotzaren toki zehatza markatzen duen zilarrezko izarraren ondoan, 22 egunez apurka-apurka usteltzen.
Bien bitartean,Vatikanoko ordezkariek Israelgo eta AEBetako enbaxadoreekin batzartutakoan ez zuten adierazpen berezirik egin, sarraskia euren jainkoaren jaiolekuan gertatzen ari bazen ere, hori bai, Juan Pablo II.ak dei egin zien mundu osoko kristauei bakearen alde otoitz egin zezaten. Frantziak eskatu zion Nazio Batuen Erakundeari ikuskatzaileak bidal zitzan, alferrik. Azkenean negoziazioen ostean eta 39 eguneko setioaren ondoren utzi zieten ateratzen, ordainean horietako 39 erbesteratuko zituzten, hamahiru Europara eta 26 Gazako zerrendara (israeldarren ustez erresistentziaren ekintzaileak zirenak hiru izatetik 39 izatera pasa ziren).
Ibrahim, itxialdiaren istorioa kontatzearekin batera, gertakizun lazgarri horien betirako lekukotasuna emango duten arrastoak erakusten ari zaigu: bala zuloak tenplu sakratuaren horma zaharretan, bala zuloak Justinianoren garaietako muraletan, bala zuloak klaustroko putzuaren inguruetan, bala zuloak nonahi. Ikaratzeko moduko episodio baten testigantza diren bala zuloak.
Eta toki sakratua atzera utzitakoan, istorio honi itsu-mutu-gor, urtero ditxosozko jaiotza muntatzearen ohiturari eusten dioten milioika kristauengan pentsatu dut.


Errefuxiatuen kanpamendua
Gidariaren eskutik bisitaren bigarren geldialdia egin dugu Dheisheh errefuxiatuen kanpamenduan. 15.000 lagun inguru bizi dira bertan, kilometro karratu erdiko kalexka estuetako labirinto batean.
1948an sionistek burututako sarraskietatik ihesi zetozen palestinarrei babesa emateko eraiki zuen NBEk; gaur egun, berriz, populazioa biderkatu egin da eta azpiegiturek gainezka egin dute populazio dentsitatearen hazkundearen ondorioz. Kanpamendua NBEren agindupeko eremua bada ere, nabariak dira han-hemenka Armada israeldarraren erasoek utzitako arrastoak. Astebete lehenago eraikin oso bat bonbardatu dute bertan ekintzaile bat bizi zelakoan, eta haren etxearekin batera auzoko guztienak ere birrindu dituzte. Zutik dirauen ondoko etxe altuenaren goialdera igoarazi gaituzte. Handik, jaiotza bat bailitzan, Bethlehem osoa ikusten da, eta harekin batera ghettoa osatzen duten beste herrixka batzuk: Beit Sahour, Beit Jala... Orotara 140.000 lagun inguru, musulmanak zein kristauak, elkarbizitzan; eta haien inguruan zortzi metroko porlanezko harresiak aire zabaleko espetxe hau mundutik isolatzen du, eta harresiaz bestalde dagoeneko jorratu ezin dituzten olibondo sailak, eta haratago, zortzi kilometrora, Jerusalem. Eta ghettoa inguratzen duten muinoetan, berriz, koloniak.
Garai batean nekazarien lurrak zirenetan, egun kolonoek urbanizazio erraldoiak eraiki dituzte. Gilo da handienetako bat, olibondo sailak bereganatzeko estrategikoki kokatutako gotorleku bat. Zaila da imajinatzea nolakoa izan daitekeen eguneroko bizitza maketa horren barruan, XXI. mendeko jaiotza bitxi horretatik atera ezinik, hormaz inguraturik. Ez dira asko harresiaz beste aldera igarotzeko baimena daukaten pribilegiatuak, Jerusalemen behar egiten duten langileak edo medikuaren aginduz hiriburuko ospitaletara joan behar dutenak gehienak, eta hala ere, militarren kontrola zeharkatzea lan nekeza eta umiliagarria izaten da askotan.
Halaxe kontatu digu Vickyk, Bethlehemen HWC (Health Work Committees) erakundeak duen ospitaleko medikuak. Behin, udako arratsalde sargoritsu batean Jerusalemetik lanetik bueltan zetorrela, Giloko kontrol militarrean debekatu zioten Bethlehemen sartzea, izan ere, etxeratzeko agindua zegoenez, sarrera eta irteera guztiak itxita zeuden. Bera, Bethlehemekoa izanik, sartu ezean kale gorrian geldituko zen, gainera alabei agindu egin zien arratsaldean igerilekura eramango zituela eta ezin zuen urratu haurrei egindako agindua. Beraz, nekatuta eta etsita egonagatik, adorea bildu, begietara so egin, eta zera esan zion soldaduari: «Sartu sartuko naiz, alabei agindu diet igerilekura eramango ditudala eta bete egin behar dut; zeuk ikusi tiro egiten didazun ala ez». Hori esan eta aurrera jarraitu zuen, irmo eta atzera begiratu gabe. Soldadua berriz fusila altxatu, apuntatu eta hor gelditu zen, tiro egin ezinik, andrearen duintasunak kikilduta. Vicky bezala, hamarnaka lagun daude zain Giloko kontrol militarrean Jerusalemerako bidean Bethlehem atzean utzi dugunean, eta ziur naiz, gure lagunek bezala, denek daukatela istorio beldurgarri bat kontatzeko. Bethlehemgo herritarren eguneroko bizimodua da, burni-hesien artean, ilaran, pasatzen noiz utziko dieten zain.
Gu besteekin batera jarri gara errenkadan baina segituan soldadu batek atzerritarrei erreserbatutako ate batetik aterarazi gaitu. Kontrola zeharkatutakoan, ordea, atzera begiratu eta Jerusalemetik Bethlehemera etortzen diren turista erlijiosoei harrera egiteko propio jarritako kartel erraldoiari erreparatu diot. «Peace be with you. Israel ministry of turism» (Bakea izan bedi zurekin. Israelgo turismo Ministerioa), dio panelak. Horrenbesteko lizunkeriak asaldatu nau lotsa sentitzeraino, eta ezeroso sentiarazi nau pentsatzeak mundu osoko kristau asko touroperadore batek antolatutako bisita gidatuan etorri eta pozaren pozez joango direla etxera ditxosozko kartela ikusita.
Victor Baltarseh, Bethlehemeko alkate kristaua eta PFLP (Palestinako Askapenerako Herri Frontea) alderdi ezkertiarreko kidea, hauteskundeak irabazitakoan, Aita Santuarekin batzartu zen, izan ere, Jesukristoren ustezko jaioterriko alkatea izanik lehentasuna dauka kristauen buruarekin biltzeko. Palestinarrak okupazioaren inguruko bere kezka azaldu zion Vatikanoko estatuburuari eta egoera latz horren aurrean besoak gurutzatuta ez gelditzeko erregutu zion. Aita Santuak zera erantzun zion alkateari: «Ez  zaitez kezka... egingo dut otoitz zuengatik». Aurten ere, Gabon kanta gogaikarriek eta jaiotzek gogora ekarriko digute Bethlehem, baina Zisjordaniako herrixka zaharra irudikatzen duten maketek zer ikusi gutxi izango dute Dheisheh-ko teilatuetatik ikusten den ikuspegiarekin. Espero dut milioika lagunen bake desioak ez izatea Aita Santuarenak bezain antzuak.