Iratxe Esnaola
2009ko Urtarrilaren 02a
«Net neutrality» edo «sarearen neutraltasuna» kontzeptuak Interneteko erabateko berdintasun egoerari egiten dio erreferentzia. Berdin dio zein den webgunea eta zein bere edukia. Neutraltasuna, erabateko berdintasuna da, non ez dagoen besteak baino garrantzitsuagoa den webgunerik, non edukiak ez diren inongo lehentasun irizpideen arabera erakusten eta non komunikazio guztiak maila berean kokatzen diren. Sarearen neutraltasunak askatasuna eta murrizketarik eza oinarri dituen Internet defendatzen du.
Hitz politak dira, politikoki zuzenak. Esan egin behar diren horietakoak. Neutraltasuna berdintasuna da, eta egungo munduan ezin da berdintasunaren aurka egon. Demokraziaren alde egotea ere derrigorrezkoa da mundu antidemokratiko honetan. Demokrazia eta berdintasuna defendatu egin behar dira, nahiz eta gero neurri antidemokratiko eta ez bidezkoak planteatu eta ezarri. Alde daudela esan egin behar dute. Berdina gertatzen da sareaz ari garenean ere.
Berez, sarearen neutraltasun izaera ez dago erregulatua. Ez dago inon idatzia. Internetek, funtsean, berezkoa du berdintasun izaera hori. Baina Interneten potentzialtasuna esponentzialki hazten doan heinean, enpresen, gobernuen eta bestelako erakundeen interesek erregulazioaren premia indartzen dute. Erregulatzen ez bada, berezkoa den izaera aldatzen saia daitezkeelako. Eta hitz politak dira, bai, politikoki zuzenak, baina bere erregulazioa ez da posible izan oraindik. AEBen kasuan, Bushen administrazioak erregulazioa ez dela beharrezkoa zioen. Obamak, sarearen neutraltasunaren alde egin eta erregulazioaren bidean urratsak emango dituela dio. Hitz politikoki zuzenak beraz, besterik ez.
Google-ekin berdin, sarearen baitako berdintasun horren aldeko azaldu izan baita beti. Bere webgunean dioenez, «oinarrian, sarearen neutraltasunak guztiok Interneten aurrean aukera berberak izatea esan nahi du». Google-n begien arabera, «banda zabala eskaintzen duten enpresek ezin dute sareko aktibitatea kontrolatu, eta eduki guztiak berdintasunean tratatu behar dituzte».
Google-k, beraz, bere webgunean sarearen neutraltasuna defendatzen du. Banda zabala eskaintzen duten enpresak hartzen ditu arriskutsutzat, bera defendatzaile sutsu gisa agertzen den bitartean. Azkenaldian, ordea, orain arte defendatu duena ahaztu, webgunean idatzi zutenaren gainean komeni zaien interpretazioa egin eta sarearen neutraltasunaren aurkako planteamenduak egin ditu Google-k.
«The Wall Street Journal»en kaleratu zenaren arabera, Google Interneterako konexioa eskaintzen duten enpresa horiekin negoziaketetan ibili da. Hain justu bere webgunean arriskutsutzat jotzen dituen enpresa horiekin. Eta zertarako, eta bere zenbait eduki, Youtube-ko bideoak, modu pribilegiatuan tratatzeko. Google kritikatua izan da albiste hau kaleratu orduko. Orain arte sarearen neutraltasunaren alde izan duen politika kontrajartzea leporatu zaio. Eta Google-ekoak horrela ez dela azaltzen saiatu dira. Beste batzuek ere berdina egiten dutela, Amazon-ek adibidez. Baina badago ezberdintasun bat: Google-n planteamenduak bere edukiari -Youtube-ko bideoei- soilik ematen dio lehentasuna, eta lehentasuna delako, neutraltasun eza da.
Sarearen berezko neutraltasunak, Interneten berezko izaerak, ahalbidetu du egungo Internet. Eta ezinbestekoa da hori horrela mantentzea, sarearen neutraltasuna erregulatzea, alegia. Internet erabiltzaileontzat erregulazio falta hori arrisku bat da; boterea dutenentzat, berriz, erregulazio falta hori bera aukera handi bat da.
Sarearen neutraltasuna, beraz, erregulatu egin behar da, mundu mailan eta beranduegi izan baino lehen.




