In Fraganti -

Antzerkiaren munduko hamaika proiektutan murgilduta dago Bizkaiko antzezlea. Horietako batean harrapatu, eta bere ofiziotik at zerbait gehiago maite ote duen galdetzean, haren erantzunak ez du zalantzarako lekurik utzi. «Antzerkia, antzerkia eta antzerkia!», erantzun du Ander Lipus antzezleak.

Rebeka Parras

2009ko Urtarrilaren 02a

Antzezlea edo pailazoa izatea biderik errazenari jarraitzea dela uste duenik gelditzen omen da munduan. Alferren lanbide gisa ulertzen duenik. Izan ere, «kultura bera ez dago batere baloratuta», Anderrek nabarmendu duenez.

Hernanin jarri dugu hitzordua, bertan ari delako antzezlan bat prestatzen egunotan. Etxetik urrun egon arren, entsegua amaitzerakoan Berrizeraino joan beharko du, Batu bere txakurra zain baitu etxean.

Ander Lipus Markinan jaio zen 1971n. Antzerkia izugarri maite du eta antzeztu beste ezer egiten ez duela onartu du. Nabarmendu duenez, bere bizitza «antzerkia, antzerkia eta antzerkia» egiten ematen du. «Eta, astialdian, antzerki gehiago egiten dut», erantsi du.

Antzerkiaren munduak bi arrazoirengatik erakartzen du Ander. Batetik, bere ofizioa maite duelako eta, bestetik, Euskal Herrian antzerkiaren transmisioa beharrezkoa dela uste duelako. Gainera, antzerki «ofizialean» egiten dena ez duela atsegin azaldu du. «Antzerki amateurrean lan mordoa egin dut, ez zaidalako gustatzen antzerki ofizialean egiten dena».

Antzezle gisa bete zuen lehen papera eliz mutilarena izan zela gogorarazi du kontent, ume bat besterik ez zenean. «Gero bertsolari gisa aritu nintzen eta 18 urterekin Madrilera joatea erabaki nuen. William Layton antzerki laborategian izena eman eta antzerkia ikasten hasi nintzen», azaldu du bizkaitarrak.

Stanislavsky metodotik eratorritako formula amerikarra ikasi zuen, «antzerki naturalista», zehaztu du. Azkenerako, zazpi urte igaro zituen Madrilen ikasketak eta lana bateratzen zituela. «Antzerki klasikoa ere egiten nuen garai hartan», azaldu du.

Horiek horrela, zazpi urteko esperientzia bizkarrean zuela itzuli zen Euskal Herrira. Bilbon finkatu zuen bizitokia eta gogor ekin zion lanari. «Bilbora etorri eta Utopia Kolektiboa taldea sortu nuen. Guggenheim museoa ireki zuten egun berean, Mina Espazio gune alternatiboa sortu nuen», argitu du Anderrek. «Bertan, denetarik egiten zen: performanceak, erakusketak, antzerkia, musika elektronikoa, tangoa...».

Garai hartan sortu zuen Antzerkiola Imajinarioa ere. Horrenbestez, hainbat proiektutan murgilduta zegoen bitartean, antzezle batek beharrezkoa duen osotasuna bilatzen jarraitu zuen. «Nire estetika bilatzen hasi nintzen. Hori dela eta, klixe naturalistetan oinarritzen den beste antzerki mota baten ikuspegia ezagutzeko asmoz, Indiara bidaiatzea erabaki nuen», azaldu du antzezleak.

Denbora igaro ahala, Bilboz nazkatuta bukatu zuela aitortu du. «Ez genuen behar besteko laguntzarik eta azkenean gure espazioa itxi zuten, baina noski, hori bai, orain Egile eta Editoreen Elkarteak (SGAE) Teatro Campos irekiko du», azaldu du. Anderrek etsipenez onartzen duen bezala, garaiotan kultura erabat politizatuta dago. «Benetako proiektuak, behar sozialetatik edota kolektiboetatik ateratzen zirenak, beti bertan behera uzten zituztela edo underground eta alternatibo bezalako terminoak erantsita zeramatzatela konturatu nintzen», azaldu du. «Horrek nazka ematen dit, 'demokrata' kutsua ematen diolako. Beste klixe bat bihurtu da».

Mina Espazioak ateak itxi behar izan zituen azkenerako. Aurretik, lokala Errekalde auzora eraman eta bertan urte dezente eman zituzten lanean. Politikarien borondate eza ikusita, herriz herri abiatu zen Ander bere proposamenak onartuko zituen udal baten bila eta, halako batean, lortu zuen.

Baiezkoa eman zion herria Aulesti izan zen eta, geroztik, bertako Udalak utzitako lokal batean antzerki tailerrak eskaintzen ditu Lipusek. «Aulestin lokal bat daukat. Lehenengoz sartu nintzenean, su-itzalgailu bat zegoela ikusi nuen; zerbaitek sua hartuz gero, sua itzaltzeko balio duena, eta, orduan, duintasun handiagoa sentitu nuen. Nire ofizioak bazuela duintasun pixka bat ulertu nuen», aitortu du Anderrek.

«Arte Drama Euskal Laborategia» topaketak antolatzen ditu urtero. «Euskal Herriko herrialde guztietako antzezleak etortzen dira eta tailerrak egiten dira bertan», azaldu du. «Herriari begira, ekintza desberdinak prestatzen ditugu eta jada uztea pentsatuta baneukan ere, Udaletik deitu zidaten jarraitu nahi zutela esanez», gaineratu du harrituta. «Hori niretzako ez da normala, beste proiektu batzuk egin ditudalako eta politikariek proiektu horiek izorratzeko eta bertan behera uzteko besterik ez digutelako deitu izan».

Interes ekonomikoek antzerkian agintzen ote duten galdeginda, ezetz erantzun du Anderrek. «Teatroa diru gutxirekin bideratu daiteke, baina euskal antzerki sarerik ez dagoenez, ezin duzu hortik bizi eta zure enpresa sostengatu», erantzun du. «Orain, antzerki xumeagoa egiten ari naiz, eta jendea gehiago hurbiltzen da. Bertsolariekin bertso-tranpak egin ditut; Ipar Euskal Herrian aktore amateur batekin obra bat zuzendu dut; Abadiñon eta Markinan antzerki talde bana daukat...».

Beraz, zailtasunen gainetik aurrera egiten badakiela frogatu du Anderrek. «Ni herria ezagutzen ari naiz eta, gero, neure herriari buruz hitz egiten dut», gehitu du.

Hala, hamaika proiektutan murgilduta dabil. Esate baterako, Antzerkiola Imajinarioak «Babiloniako koloreak» lana estreinatuko du urrian. Antzerkiola Imajinarioak ekimen ugari antolatzen zituen garai batean, baina orain noizbehinka interpretazio lanen bat egiteko soilik elkartzen dira bertako kideak. «Bakoitza bere bide propio eta pertsonala egiten hasi zen eta, geroztik, oso gauza jakinak egiteko bakarrik elkartzen gara, bizimodua hortik ateratzeko inongo asmorik gabe. Hori da nik nahi nuena; antzerki talde bat izan eta bertatik bizi, baina ezinezkoa zela ikusi nuenean, Antzerkiolaren dinamika desagertu egin zen», argitu du. Bestalde, hil honetan bertan, «Txano/Gorro» emanaldi kritikoan parte hartuko du. Telebistan, «La bola de cristal» gisako «Martina» izeneko programa berri batean lanean dabil eta irratian ere kolaboratzen du.

Antzezlea jaiotzetik dela antzezle uste du; «jaio zarela konturatzen bazara», gaineratu du. Denbora eta lanarekin, egin egiten dela ere uste du Anderrek.

«Nire kasuan, antzerkia berezkoa dela uste dut nik eta, noski, ez nuen neure burua engainatu nahi. Nire dohainak zeintzuk ziren eta zeintzuk ez banekien. Eta, esate baterako, auto bat konpontzeko dohainik ez dut. Artea bere osotasunean maite nuen eta antzerkiaren aldeko apustua egitea erabaki nuen, arrazoi askorengatik; horien artean, beste inon kontatzen ez diren gauzak kontatu ahal izatea», argitu du bizkaitarrak.

«Gurea, oso epe luzera begiratzen duen ofizioa da eta, horrenbestez, epe luzera landu beharrekoa», esan du bukatzeko Ander Lipusek.