Liburu elektronikoa -

Milaka liburu elektroniko daude Interneten, baina jendeak, irakurtzen dutenek, paperezko liburuak irakurtzen jarraitzen dute metroan, hegazkinetan edo hondartzan. Gauzak aldatzen hasi dira, ordea. AEBetan 4,4 milioi e-book saltzea espero dute 2010ean. Hemen ere hasi dira saltzen. Elkar denda-sareak bi formatu jarri ditu salgai.

Joxean Agirre

2009ko Urtarrilaren 02a

Liburuak, aldizkariak eta egunkariak paperean irakurri ohi ditugu, ordenagailuaren pantailan irakurtzea deserosoagoa delako. Asko dira oraindik ere pantailari begira bista nekatzen zaiela diotenak. «Artikulu bat luzea denean paperean ateratzea nahiago dut», entzuten da sarritan. Liburu elektronikoa ez da oraindik zabaldu, baina gero eta gertuago dago. Elkar liburu-denden sareak bi fabrikatzaile europarren formatu bana jarri du bere bezeroen eskura: iRex Technologies holandar etxearen zortzi hazbeteko pantaila duen iLiad izenekoa, eta sei hazbete dituen Booken Cybook frantziar tresna. Marka bakoitzak oso aukera ezberdinak eskaintzen ditu.

Prezioan ere ezberdin

CyBook markak 280 euro balio ditu eta iLiad-ek 599 euro. Ondorioz, normala da batak besteak baino aukera gehiago ematea. «Hain zuzen ere, edozein e-book edo liburu elektronikoren ezaugarrietako bat da bista nekatzen ez duela. Irakurketa paperean egiten denaren antzekoa da, pantailak ez duelako argirik emititzen. Ez da, beraz, monitore bat. E-bookak tinta elektronikoa erabiltzen du. Hori oso garbi utzi behar da. Interneten bertan liburu elektroniko asko dago, baina liburu elektronikoak eskaintzen duen abantailarik handiena tinta elektronikoarena da. Horrek irakurketa izugarri errazten du», esan zigun Joseba Barandiaranek, Elkarreko Informatika arduradunak.

Kanpotik begiratuta, e-book bat liburu baten tamainako tresna da. Grisak dira, ez dute kolorerik bereganatu, ilustraziorik ez dute onartzen. Elkar denda-sareak salgai jarri dituen biformatuek aukera oso ezberdinak ematen dituzte. Garestienak, Iliadek, oharrak hartzeko arkatza du, baita teklatu txiki bat ere bai idatzi nahi izanez gero. Beste hainbat aukera ere baditu.

Adituek diotenez, e-bookak merkatuz joango dira eta beren prezioak 100 edo 150 eurora jaisten direnean hasiko dira zabaltzen. Hala ere, erabiltzaileei egindako inkesta gehienetan, oso pozik agertzen dira erosleak. E-bookak ohean, hegazkinean bidaian doazenean edo igerilekuan udan irakurtzen dituzte.

Liburutegia poltsikoan

Barandiaranek esan zigunez, Iliad batek 250 liburu sartzeko aukera ematen du eta, gainera, memoria gehitzeko aukerak ditu txartelen edo USB bidez. Txikiak, Cybook-ak, barne memoria handiago du eta 1.000 liburu har ditzake, baina memoria gehitzeko aukera urriagoak ditu. «Biek dute aukera letra mota eta tamaina aldatzeko eta irakurtzen ari zaren testua non utzi duzun apuntatzeko edo hiztegiak kontsultatzeko. Ingelesez lan bat irakurtzen ari bazara, hitz bat aukeratu eta liburuak berak ematen dizu hizkuntza horretan edo beste batean esanahia, baldin eta aurretik e-book formatuko hiztegiak instalatu badituzu», esan zuen.

Liburu elektronikoaren memorian sar daitekeen liburu pila hori erosleak berak kargatu behar du. «Liburua erosten delarik, pasahitz bat ematen dizute eta horrekin Interneten dagoen liburutegi birtualera sartzen zara, handik liburuak hartu eta zure e-bookean kargatzeko», azaldu zuen.

Liburutegi horretan ez dago gaurko literaturarik. «Eskura dagoen liburutegia klasikoena da gaur gaurkoz. Badirudi aurki argitaletxe handiak beren argitalpenak digitalizatzen has daitezkeela, baina ez dakigu oraindik ezer. Iaz AEBetan izan nintzen arlo honetan dagoen merkatua ikusten eta, gurekin alderatuta, oso aurreratuta daude. Europaren ere gauzak aurreratzen ari dira, baina oraingoz egile eskubiderik ez duten lanak bakarrik sar daitezke e-booketan», jarraitu zuen Barandiaranek.

Sonny dator udaberrian

1996an Europar Batasunean egin ziren ikerketa batzuen arabera, 2002rako argitalpen guztiaren %10 elektronikoa izango zela uste zen. Artean ez zegoen e-bookik. Gaur argitalpen elektronikoak izugarri ugaritu dira, baina e-booken presentzia oso urria da gure artean. Tartean arazo larriak daude: egile eskubideena da lehendabizikoa, e-book formatuak pirateatzea erraztu baitezake.

«Guk saltzen ditugun bi formatuak oso hedatuak daude eta horregatik aukeratu genituen. Baina udaberrirako Sonny sartuko da Estatu espainiarrean eta seguru gaude bere formatuak arrakasta izango duela», gogoratu zuen Josebak. E-bookaren pantaila laua da. Liburuak, aldiz, hiru dimentsio ditu. Orrialdea da liburuaren oinarria eta orrialdeak elkarri josiz lortzen du materialtasuna. Testua, nolabait, orrialdeka antolatzen da eta irakurleak liburuari esker bisualizatu egiten du testua. Mendeetako kultura baten ondorioa izango da, baina liburua erabiltzen ikasi du jendeak. E-bookak saiatu dira liburuen antzekoak izaten, baina kosta egingo zaio jendeari euskarri berrira ohitzen. Hala ere, aitortu behar zaizkio abantaila zenbait liburu elektronikoari.

Zer etorkizun dute?

AEBetan egin dituzten kalkuluen arabera, 2010ean 4,4 milioi liburu elektroniko salduko dituzte. Estatu espainiarrean kopuruak askoz ere urriagoak dira. MediaMarketek berriki emandako datuen arabera, orain bukatzera doan urte honetan 2.000 e-book bakarrik saldu dituzte.

Liburu elektronikoaren erabilera bakarra irakurketa da. Ondorioz, argitaletxe handiak bere edukiak e-bookerako prestatzen ez dituzten bitartean zaila izango salmenta kopuruak igotzea. E-bookak ez dira eskuko ordenagailuak, ez dira PDA agendak; ondorioz, irakurtzeko bakarrik balio dute, liburu arruntek irakurtzeko bakarrik balio duten bezalaxe.

Liburu digitalizatuak ordenagailu batean irakur daitezke, baita zenbait telefono mugikorretan ere. Baina ausardia behar da horretarako eta bistarik gabe geratzeko arriskua du irakurleak. E-book batean liburua irakurtzea, aldiz, atsegina da, ez du bistarik nekatzen.

Liburu elektronikoa oso egokia izan daiteke bidaia luzeak egiten dituztenentzat, tesi bat prestatzen ari diren ikasleentzat eta liburu bitxien bila ibiltzen direnentzat, Interneten aurkitzen diren liburu horiek jaitsi baitaitezke e-bookera.

Liburu elektronikoaren teknologia berri samarra da. Kolorea ez dute onartzen oraindik, are gutxiago irudiaren mugimendua. Ondorioz, egin dezakegun lehen galdera hauxe da: zer egin behar dugu, orain erosi edo pitin bat itxoin? Gai hauei buruzko foroak asko dira Interneten.

Erostera animatzen denak aitzindari izatearen onurak eta kalteak jasan beharko ditu. Egin diren inkestek diotenez, eroslearen profila gizonezko helduarena da eta ez dator bat literatura zalearen profilarekin.

Non aurkituko ditu erosleak edukiak? Ingelesez aukera oso zabalak daude. Gazteleraz edo frantsesez klasiko gehienak edo guztiak aurki daitezke. Egile eskubidetatik libre dauden liburuak daude, beraz.

Internetak jan dio esparrua industria diskografikoari eta bideo banaketari. Ez dakigu noiz jango dion bere tokia e-bookak liburu konbentzionalari.

 

Liburutegi osoa eraman dezakezu poltsikoan 

Egia da momentuz literatura klasikoa bakarrik dagoela eskura, baina aldatuko dira gauzak. Poltsikoko liburu baten tamaina duen e-book batean mila liburu eta hiztegi sar ditzakezu. Tamalez argitaletxeak ez dira oraingoz gaurko literatura euskarri horietan sartzera animatu, baina aukera handiak dituen tresna izan daiteke e-booka.
Badago, bestalde, material bat Interneten e-bookean erabil daitekeena. Demagun Xabier Amurizak bere blogean eskegi duen nobela berria. PDF formatuan dago eta handik hartu eta liburu hauetako batean sar dezake edonork.
«PDF formatuan euskaraz material oso zabala dago Interneten; esate baterako, aldizkari gehienak formatu horretan daude. Ondorioz, E-book batean irakur daitezke, PDF formatua, azken batean, fotokopia bat delako. Makina hauek irakurtzen dute formatu hori, noski, baina ezin duzu letra handitu edo aldatu. Hori da arazoa. Liburu hauekin batean saltzen ditugun liburu katalogoekin, ordea, letra tamaina handitu daiteke. Bistaz labur samar zabiltzala? Letra tamaina handitu dezakezu», esan zuen Barandiaranek.
Iliad formatuak oharrak idatzi, hiztegiak kontsultatu eta beste hainbat jarduera egiteko aukera ematen du. Orain hilabete hasi ziren saltzen eta ale batzuk banatu dituzte. «Gaur eskaera berri bat egin behar izan dut. Ez dut esango asko saldu dugunik, baina ari gara», esan zuen.